Urte asko daramatza Maite Garciak (Otxandio, 1971) euskarazko antzerki ez-profesionala egiten. Elorrioko Arrapaladan antzerki taldean hasi zen antzezten, eta bertan jarraitzen du oraindik, Maritxi Ibazetarekin, Karmele Ganboarekin, Blanqui Gomezekin eta Carmen Urizarrekin batera. Euskarazko antzerki amateurra sustatzeko helburuarekin, jardunaldi berezi bat antolatu dute gaurko, Elorrioko Arriola antzokian: Karrika eta Gilkitxaro konpainiek antzezlan bana interpretatuko dute, eta, ondoren, euren esperientziak plazaratzeko hizketaldi bat egingo dute elkarrekin. Sonia Villamor Arrapaladan taldeko zuzendaria izango da solasaldiaren moderatzailea. Gainera, Elorrioko Emakumeen Eskolaren festaren harira, antzerki labur bat eskainiko du Arrapaladanek. Hilaren 19an izango da emanaldi hori.
Nola otu zitzaizuen halako ekitaldi bat egitea?
Elorrion Zale festibala egitea izan zen hasierako ideia. Jaialdi horretan, antzerki talde ez-profesionalak elkartu nahi genituen, baina, azkenean, talde bakar batek eman zuen parte hartzeko izena: Durangoko Karrika taldeak. Prestatutako antzezlana aurkezteko aukera eman nahi genien kideei, eta ekitaldi bat antolatzea erabaki genuen. Azkenean, beste talde bat ekartzea lortu genuen, jardunaldia jantziagoa izan zedin.
Zer antzezlan aurkeztuko du talde bakoitzak?
Karrika antzerki taldeak Hurrengo geltokia izeneko obra interpretatuko du. AHTaren inguruko antzezlan bat da. Euskal mitologiatik abiatuta, AHTak eragindako gatazkaren inguruko kritika plazaratuko du. Gilkitxaro konpainiak Alperrak, tunanteak eta maleanteak lana antzeztuko du. Erbestean bizi diren hiru inurrien istorioa da: Pili, Mili eta Willy. Bortxazko lana existitzen ez den toki batean bizi nahi dute: gizakien paradisuan. Baina gizakien mundura heltzen direnean, horren inguruan duten iritzia aldatuko dute berehala.
Solasaldi bat ere prestatu duzue. Zertaz arituko zarete?
Gonbidatutako taldeen sorkuntza prozesuez arituko gara, gehienbat. Jendea animatuta baldin badago, euskarazko antzerki amateurrari buruz ere hitz egingo dugu.
Zaila da antzerki talde amateurrak halako jaialdietara erakartzea?
Arrapaladan taldean, antzerki ez-profesionala egiten dugu. Euskarazko obrak landu ditugu hasieratik, eta guretzat zaila da Elorriotik kanpo antzeztea. Ez dakigu nora jo, eta ez dakigu gure obrak non aurkeztu. Pentsatu genuen Zale bezalako festibal batek bidea irekiko ziela antzerki amateurrean aritzen diren konpainiei, eta elkarren arteko harremanak sustatuko zituela. Ez dakit zorrotzegiak izan garen oinarriei dagokienez, baina ez dugu gure helburua lortu. Ez da inor aurkeztu, eta ez dakigu zergatik. Ideiari beste buelta bat eman nahi diogu, proposamen polita dela uste dugu eta.
Zer dago hobetzeko?
Halako zerbait antolatu dugun lehenengo aldia da. Oso pozik eta animatuta geunden, pentsatzen genuelako izugarrizko arrakasta izango genuela. Errealitateari erreparatuta, badakigu gauza batzuk aldatu behar izango ditugula. Askotan gertatzen da antzerki tailer batean sortutako talde batek aukera bakarra duela bere obra antzezteko. Tailerra amaitu ostean, taldea desagertu egiten da. Pentsatu dugu tailerrak antolatzen dituzten konpainiekin hitz egin dezakegula, behin-behineko talde horiei antzezteko aukera bat baino gehiago eskaintzeko.
«Emakumeen ikuspuntutik lantzen ditugu obra guztiak, eta emakumea protagonista da beti. Gure obra propioak sortzen ditugu, baina egiten dugun antzerki motak ez du antzerki tradizionalaren antzik»
Tailer batetik sortu zen Arrapaladan taldea?
Bai. Arriola antzokiak antzerki tailer bat antolatu zuen aspaldi, eta, amaitu zenean, antzezten jarraitzea erabaki genuen hainbat kidek, baina ez genuen inolako talderik osatzea lortu. Hamabost urte inguru igaro ostean sortu genuen Arrapaladan. Hasieran zortzi lagun ginen, baina orain, bospasei; guztiak, emakumeak. Antzezle lanak egiten ditugu gehienok, eta besteek musikaren sorkuntzarekin eta arropekin laguntzen gaituzte.
Kide guztiak emakumeak izateak eragina du zuen lanetan?
Bai. Emakume izatearen esperientziak batzen gaitu. Emakumeen ikuspuntutik lantzen ditugu obra guztiak, eta emakumea protagonista da beti. Gure obra propioak sortzen ditugu, baina egiten dugun antzerki motak ez du antzerki tradizionalaren antzik. Ez da hasiera, korapilo eta amaiera egitura horretan oinarritzen.
Zelakoa da zuen sorkuntza prozesua?
Ideia ekaitza egiten dugu: interesgarriak iruditzen zaizkigun ideiak aurkezteko askatasuna dugu. Horiek kontuan hartuta, inprobisazio saioak eta testuak sortzen ditugu. Ondoren, zuzendariak forma ematen dio guztiari. Astean behin elkartzen gara entseatzeko, arratsaldean, bi ordu eta erdiz. Zeozer antzeztu behar baldin badugu, entsegu gehiago egiten ditugu. Ditugun beharren arabera antolatzen gara.
Antzerki amateurrak pizten al du publikoaren arreta?
Amateur hitza erabiliz gero, jende gutxiago etorriko da zu ikustera. Oro har, nik antzeman dudana da gaztelerazko antzerkiak arrakasta handiagoa duela. Maila profesionalean ere bai. Aktore famatuak dituzten taldeek ere sarrera gehiago saltzen dituzte. Elorrion antzezten dugunean, guk publikoaren arreta erraz pizten dugu, jendeak ezagutzen gaituelako. Durangora bagoaz, berriz, publiko gutxiago izango dugu; eta are jende gutxiago etorriko da amateurrak garela badiogu.
Zein da euskarazko antzerkia sustatzeko bidea?
Zaila da. Hori da guk geuk egin behar dugun hausnarketa. Ez gara profesionalak, baina asko disfrutatzen dugu oholtza gainean. Euskaraz egiten dugu, ikusten dugulako horretarako aukera gutxiago daudela.