Bizkaiko arkitektura ikusgai urrian, Ondarearen Europako Jardunaldietan

Jardunaldien 25. aldian, 250 jarduera baino gehiago egin ahal izango dira Bizkai osoan. Arkitektura historikoa ez ezik, garaikidea ere erakutsiko dute.

Bisita gidatua, Bilboko Foru Jauregian, uztailean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bisita gidatua, Bilboko Foru Jauregian, uztailean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko irailaren 29a
11:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elizak, jauregiak, dorretxeak... Bizkaiko eraikin historiko asko dira herrialdeko ondarearen parte. Baina arkitektura garaikideak ere utzi du altxorrik, eta horiei ere aparteko lekua egin gura izan die Bizkaiak Ondarearen Europako Jardunaldietan, jardunaldietako edukien koordinatzaile Bernardo Garcia de la Torre arkitektoak nabarmendu duenez. «Azken mende luzean eraikitako eraikin interesgarriak ditugu, batez ere XX. mendearen erdialdera indarra hartu zuen mugimendu modernokoak».

Urriaren 1etik azaroaren 2ra bitartean egingo da jardunaldien 25. aldia. Ahalegin berezia egin dute egitaraua antolatzeko. Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, «inoiz baino eskaintza zabalagoa» atondu dute urteurrena ospatzeko. «Aurten Bizkaiko beste edozein ediziotan baino antolatzaile gehiagok parte hartuko dute, eta inoiz baino jarduera gehiago eskainiko dira». Udalak, museoak, kultura arloko eragileak, askotariko elkarteak... guztira, 160 erakunde ibili dira 250 jarduera baino gehiago prestatzen. Diputazioak Bilboko Foru jauregia gehitu du jardunaldietara, eta eraikinaren 125. urteurrena ospatzeko hainbat bisita gidatu eskainiko dira urrian zehar.

Arrizabalagaren esanetan, «Bizkaiko ondarearen ikur eta eraikin enblematikoa» da foru aldundiaren egoitza nagusia. Ez du behar aurkezpen handirik. Bai, ordea, arkitektura garaikideari dagozkion hainbat eraikinek, Garcia de la Torreren arabera: «Ez dira ezagunak, eta ez dute jasotzen merezi duten aitortza. Askotan, haien balioa ez dago eraikinaren kanpoko aldean, eremuen banaketan eta funtzionalitatean baizik».

E PV A04 01
Bermeoko batzokia, artxiboko irudi batean. JESUS MARTIN RUIZ / FUNDACION DOCOMOMO IBERICO

Halako hainbat eraikin azpimarratu ditu arkitektoak: Pedro Ispizua arkitektoaren Bermeoko batzokia, Bilboko Txurdinagako institutua eta Durangoko San Ignazio kaleko etxebizitza eraikin bat, berbarako. Hiru horietan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzak DOCOMOMO plaka bana ipiniko du. «Nazioarteko katalogo bat da DOCOMOMO. Bereziki Europan XX. mendearen erdialdera sortutako mugimendu modernoan eraikitako eraikinak nabarmentzen ditu, haien estetikagatik edo funtzionalitateagatik», azaldu du Garcia de la Torrek. Dagoeneko Bizkaiko 75 eraikin daude katalogoan sartuta.

Horrez gainera, arkitektura garaikideari lotutako ekitaldien artean Sopuertako Bezi auzoan dagoen San Cosme eta San Damian elizara egingo den bisita nabarmendu du. Urriaren 19an izango da. «Erlijio eraikinen artean, arkitektura modernoaren adibiderik interesgarrienetakoa da. XX. mende erdialdekoa da, eta garai hartan aldaketa sakona gertatu zen halako eraikinen diseinuan».

Erabilera ugarikoak

Mota guztietako eraikinak biltzen ahalegindu dira antolatzaileak, ondareaz berba egiterakoan ohikoak izaten ez direnetakoak ere bai. Tren geltokiak, eskolak, ikastetxeak, frontoiak... askotariko eraikuntzak daude egitarauan. Garcia de la Torrek artxiboak nabarmendu ditu. Bilboko Udal Artxiboa, Euskadiko Artxibo Historikoa eta Bilboko Elizbarrutiarena bisitatu ahal izango dira, besteak beste. «Interesgarria iruditu zitzaigun halakoetara ere joan ahal izatea. Normalean ikertzaileak baino ez dira sartzen. Hainbat eraikuntza historikoren proiektuak ikusi ahalko dituzte».

99681389.700x525
Sopuertako San Cosme eta San Damian eliza, artxiboko irudi batean. BERRIA

Eremu publikoei ere lekua egin diete jardueretan. Gordexolako, Getxoko eta Iurretako hilerrietara joan ahal izango da, esaterako. «Eskulturaren eta arkitekturaren arteko nahasketa paregabea dira. Kalitate artistiko handia dute». Bilboko Casilda Iturrizar parkea ezagutzeko aukera egongo da. Hiriburuko lehen saneamendu sare modernoa ere erakutsiko dute. «Halako azpiegiturarik gabe ezinezkoa litzateke gure herri eta hirietan bizitzea».

gaurtik domekara, OPEN jaialdia Bilbon

Inoiz baino eraikin gehiago ikusteko aukera izango da Open Bio arkitekturari eskainitako Bilboko jaialdian. 89 leku ageri dira katalogoan. Estreinakoz, Guggenheim museoa, San Nikolas jauregia, Basurtuko ospitalea eta Pabiloi 6 antzokia bisitatu ahal izango dira, doan. Ohi bezala, asteburuz izango dira bisitak; hau da, urriaren 4an eta 5ean. Hala ere, jaialdia gaur hasiko da, eta egunero hitzaldiak, aurkezpenak eta bisita gidatuak egingo dituzte hiriburuko hainbat lekutan.

Europako Ondarearen Jardunaldietara eragile berriak erakartzeko ahalegina egin dute, eta lehenengoz arkitekturari lotutako enpresak ezagutu ahal izango dira: zura lantzen duten tailer bat, gero elizetan ipintzen diren beirateak egiten dituen beste bat, eta jauregietarako harria lantzen duen harrobi bat, esaterako. «Bukatuta dauden eraikinak ez ezik, haiek egiteko prozesua ere ezagutarazi nahi izan dugu», azaldu du Garcia de la Torrek. Horregatik, arkitektoek eta ingeniariek ere parte hartuko dute jardunaldietan.

Aurtengo jardunaldiek badute berritasun nabarmen bat. Lehen aldiz lurralde gonbidatu bat dago: Kantabria (Espainia). «Asmoa da harreman arkitektonikoa edo kulturala izan dugun inguruko lurraldeekin harremanak estutzea», esan du Garcia de la Torrek. Azaldu duenez, Kantabria historikoki Bizkaian lan egin duten hainbat artisau eta arkitektoren sorterria da, eta Bizkaiko hainbat profesionalen proiektuak egin dira Kantabrian. Hori horrela, lehenengoz Bizkaitik kanpo antolatu dute jarduera bat: Castro Urdialesko Los Chelines etxeetarako bisita. Severino Atxukarro arkitekto bizkaitarrak diseinatu zituen. Garcia de la Torrek iragarri du aurrerantzean urtero egongo dela lurralde gonbidatu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.