Arraina eta arrantzaleak, urri

Armintzako Santo Tomas Arrantzaleen Kofradian hamazazpi arrantzale daude: Armintzan bertan eta Plentziako portuan dituzte arrantzontziak. Arrantza desagertzen ari dela ohartarazi dute.

Armintzako portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Armintzako portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Lemoiz
2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaiko arrantzale kofradietan txikiena da Armintzako Santo Tomas Arrantzaleen Kofradia (Lemoiz), Zierbenakoarekin batera. Gaur egun, Armintzako eta Plentziako arrantzaleek osatzen dute. Hamazazpi bat lagun dira. Hiru arrantzontzi daude Armintzako portuan —Bihotz Alai, Beti Itsaso eta Madari— eta bi Plentziakoan —Nuevo Avalon eta Izurde—. Kofradiako presidente eta Madari ontziaren jabe Alex Madariagak nabarmendu du kirol ontziz inguratuta daudela portuetan: «Armintzan, ontzien %5 izango gara. Arrantza desagertzen ari da».

Itsasontzi txikiak dira Armintzan eta Plentzian daudenak. Handiena hamalau metro da luze, eta bost metro zabal. Batez beste, hamabi metrokoak dira. Horregatik, ez dira antxoatan ibiltzen. Haien kanpaina nagusiak berdela eta atuna izaten dira. Bestelako arrainak ere harrapatzen dituzte: lupia, zapoa, barbarina... Trentza edo korda erabilita arrantzatzen dute. Normalean, gertuko portuetan lehorreratzen dute arraina. 

123

Armintzako portuak (Lemoiz) 123 itsasontzi lotzeko lekua dauka, eta denak daude beteta. Gaur egun, itsasontzi horietatik hiru baino ez dira arrantzontzi profesionalak.

Martxotik Gabonak arte egiten dute arrantzan, eta urtarril-otsailetan itsasontzietan mantentze lanak egiten ibiltzen dira. Martxoan hasi ohi dira berdeletan, baina azken urteetan gero eta beranduago ailegatzen da Bizkaiko golkora. Astelehenean arrantzatu dute Bizkaiko arrantzaleek lehen atuna: Bermeoko Goienkale-k harrapatu zuten, eta Avilesko portuan saldu zuten (Asturias, Espainia), 120 euroan kiloa. Madariagaren esanetan, prezio onean saldu dute, baina gutxi arrantzatu dute Bermeoko arrantzontziak —525 kilo—. Iazko kanpainan ere Goienkale-ko arrantzaleak izan ziren lehen atunak harrapatu zituztenak, eta orduan mila kilotik gora zituztela lehorreratu ziren. Atunaren arrantzaldia uda ostean bukatu ohi da.

Madariagak adierazi du arrain falta nabaritzen dutela. Esaterako, berdela asko gutxitu da gertuko uretan, Norvegian gehiegi arrantzatzen dutelako. Atunaren egoera ere larria dela uste du. «Hemen kostaldean dauden espezieak denon artean ito ditugu». Nekazarientzat legez, arrantzaleentzat burokrazia gero eta handiagoa dela salatu du, gainera.

Lekukorik ez

Armintzako kofradiako armadoreen eta patroien batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da. Badaude 30-40 urte arteko marinelak. Madariagaren itsasontzian 20-25 urte dituen gazte bat hasi da. «Bermeoko Nautika eskolan ikasi du. Normalean, Indiako ozeanora joan gura izaten dute, atunontzi izozkailu handi eta modernoetan. Haietan bizimodua gure itsasontzietan baino hobea izaten da. Baina gurekin den honek baxurako itsasontzi batean egin nahi izan du lan». Oro har, lekukoa hartuko dieten gazteak falta direla nabarmendu du Madariagak.

Itsasotik bizitzea posible dela azpimarratu du, baina lanbidea «oso gogorra eta sakrifikatua» da. Horregatik, gero eta gutxiago dira arrantzan jardun gura dutenak, eta, ondorioz, itsasontziak gero eta merkeago daude. «Ez da gauza bera, baina esan daiteke itsasontziak taxiak bezalakoak direla. Haiek bezeroak garraiatzeko lizentzia dute, eta guk, tona kopuru bat arrantzatzekoa. Jabeak erretiroa hartzen duenean, ezinezkoa da saltzea».

Armintzako kofradiako presidenteak dioenez, administrazioak itsasontziak desegiteko diru laguntzak ematen hasiko balira, Bizkaiko golkoko flota erdira jaitsiko litzateke, bai baxuran, bai alturan, bai altura handian. «Ez dira ausartzen laguntza horiek ematera, badakitelako egiten duten egunean arrantza sektorea desagertu egingo dela». Bizkaiko portuetan arrantzontzi asko geldi daudela esan du, noizbait norbaitek erosiko dituelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.