Portuak eraginkorrago egiten

Eusko Jaurlaritzak eta portuak dituzten herrietako udalek portuetako udal kontseiluak sortu dituzte, kudeaketa elkarrekin lantzeko. Guztietan egingo dituzte lanak, baina inbertsio nagusiak Bermeoko eta Ondarroako portuetan egingo dituzte.

Bermeoko arrantza portua, maiatzaren 2ko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bermeoko arrantza portua, maiatzaren 2ko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bizkaian hamabi itsas portu daude. Bilboko portuaren inguruan daudenak Bilboko Portu Agintaritzaren eskumenekoak dira —merkataritza portua bera eta Zierbena, Santurtzi eta Getxoko arrantza eta kirol portuak—. Gainontzekoak Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak kudeatzen ditu, baina udalek eta bestelako erakunde batzuek ere zer esana dute haien egunerokoan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta portuak dituzten herrietako udalek portuetako udal kontseiluak osatu dituzte azken hilabeteetan, EAEko Portuen Legeak aginduta. Koldo Goitia Eusko Jaurlaritzako Portuen zuzendariak hartu du parte haien osaketa bilkuretan. «Helburua da udalek eta portuak mahai bat edukitzea, elkartzeko leku bat, koordinatzeko», esan du Goitiak. Arrantzaleen kofradiak dauden portuetan, horiek ere kontseiluetan sartu dituzte, eta baita kirol portuetako ontzien jabeen elkarteak ere, legeak hala eskatu ez arren.

Goitia Lekeitioko alkate izan zen 2015etik 2023ra. «[Jaurlaritzako Portu] Zuzendariarekin harremana izaten nuen, baina ez zegoen mahai bat urtean behin edo bitan elkartzeko, urteko plana aurkezteko. 'Zuk, Jaurlaritza, zer egingo duzu portuan? Nik, udala, zer egingo dut portuan?'». Nabarmendu duenez, Bizkaiko herri askotan portua bera da herriko plaza. Hori da, berbarako, Lekeitioko eta Elantxobeko kasua. «Askotan deskoordinazioa egoten da. Garbiketa arloan, adibidez, Portu Zuzendaritzak garbitzen du, baina udalak bere kale garbitzaileak ditu».

8

Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak kudeatzen ditu Bizkaiko zortzi itsas portu: Ondarroakoa, Lekeitiokoa, Eakoa, Elantxobekoa, Mundakakoa, Bermeokoa, Armintzakoa (Lemoiz) eta Plentziakoa. Zortzi portu horietan portuetako udal kontseiluak sortu dituzte.

Udazkenean hasi eta orain arte egin dituzte bilera guztiak. Goitiak udalei eta kofradiei azaldu die tokian toki Portu Zuzendaritzak zer asmo duen. Lekeition, esaterako, kanala dragatzea eta kanpoko dikea egonkortzea izango dira lehentasunak. Ean, saneamenduari lotutako lanak egingo dituzte. Plentzian, Armintzan, Mundakan eta Elantxoben, itsasontzien lotuneen eraginkortasuna da helburua. Goitiari iruditzen zaio azken urteetan inbertsio egokiak egin direla Bizkaiko portuetan, eta esan du egoera onean daudela. Guztietan egingo dituzte mantentze lanak, baina, batez ere, Bermeoko eta Ondarroako portuetan esku hartuko dute. Hain zuzen ere, horiek biak dira Bizkaiko arrantza portu nagusiak.

Bermeoko portu zaharra edo kirol portua, maiatzaren 2ko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bermeoko portu zaharra edo kirol portua, maiatzaren 2ko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Berbarako, Bermeon, ontziola eta izotz fabrikaren lekuak aldatuko dituzte, eta orain arte egondako eraikina eraitsiko dute. Pabiloi berriak ere eraikiko dituzte, premia berriei erantzuteko. Ondarroan, garbigune bat ere ipiniko dute portuan, eta itsasontziak lehorreratu eta konpontzeko erabiltzen den karroa konponduko dute. Gainera, moila altxatuko dute han, klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko.

Portu zuzendariaren esanetan, datozen urteetan ezinbestekoa izango da itsas denboraleetara eta itsas mailaren egoerara egokitzea. Daborduko eginda dituzte ondorioen aurreikuspenak, eta erabaki dituzte hartu beharreko neurriak. 2014an, itsas denboraleak sekulako kalteak eragin zituen Bizkaiko kostaldean. Bereziki, Bermeon nabaritu zuten: dikea suntsitu zuten olatuek, eta berritu egin behar izan zuten; Goitiak esan du ekaitzei aurre egiteko prest dagoela orain. Ondarroakoa egokitzeko lanak iaz bukatu zituzten.

Eskaera handiagoa

Portu Zuzendaritzak egingo dituen lanek arrantzaleek baliabide egokiagoak izatea ekarriko dute, oro har. Baina Bizkaiko portuak kirol portu bihurtzen ari dira, gero eta gehiago. Ondarroan eta Bermeon bereizita daude kirol portua eta arrantzakoa. Lekeitiokoan, arlo bietako ontziak portu berean daude, eta, Goitiaren arabera, erdi eta erdi dira. Mundakakoa, ostera, kirol portua da oso-osoan. Plentziakoan eta Armintzakoan (Lemoiz) anekdotikoak dira arrantza itsasontziak; gainera, gero eta eskaera handiagoa dute aisialdirako itsasontziak portuan lotu ahal izateko. Bereziki, pandemia ostean igarri dute gorakada, eta eskaera eskaintza baino handiagoa izan da urte batzuetan. Jaurlaritzak ondo ikusten du itsas zaletasuna, eta eutsi egin gura dio. Baina toki batzuetan gatazkak sortu ditu: esaterako, Plentziako eta Lekeitioko portuetan.

Goitiak esan duenez, Lekeition baretu da giroa. «Plaza berriak sortu ziren arren, hainbestekoa zen eskaera, oraindik ere gutxi baitziren. Ondorioz, batzuk kanpoan geratu ziren, baina gutxika joan dira denak sartzen». Plentzian, ordea, arazo handia dutela onartu du, eta lehenagotik dator, gainera. Portutik kanpo, itsasadarrean, dozenaka itsasontzi daude buietara lotuta. «Lotura horiek alegalak dira, eta antolatu egin beharko dira».

Ondarroako arrantza portua, iazko irudi batean. JON URBE / FOKU
Ondarroako arrantza portua, iazko irudi batean. JON URBE / FOKU

Jaurlaritzak 2019an aurkeztu zuen Plentziako portua berrantolatzeko proiektua. Besteak beste, itsasadarreko itsasontziak lotzeko pantalanak jartzeko asmoa iragarri zuen. Gatazka sortu zuen proiektuak, eta ontzi jabe batzuek epaitegietara jo zuten. 2021ean bukatu zituzten lanak: portua bera berrantolatu zen, baina ez zuten ipini pantalanik itsasadarrean, eta lehen bezala geratu ziren han lotzen dituzten itsasontziak. Goitiak adierazi du udalarekin lanean ari direla auziari berriz heltzeko. «Itsasontzietako batzuk abandonatuta daude, oso egoera txarrean. Horiek denak kendu egin beharko dira, eta itsasadarra garbitu».

Goitiak azaldu du Bizkaiko portuak ezin direla hazi orografiaren ondorioz, eta berriak eraikitzea ere ezinezkoa dela. Horregatik, beste alternatiba batzuk bilatu beharko dira ontziak lotzeko eskaera gero eta handiagoari erantzuteko, haren ustez. Aukeretako bat zera izan daiteke: udarako buiak ipintzea eta neguan itsasontziak gorde ahal izateko pabiloiak eraikitzea.

Apirilaren 1etik Eusko Jaurlaritzaren esku dago kostalde osoaren kudeaketa. «Marea igotzen den lekuetara arte», zehaztu du Goitiak. Bilboko Portu Agintaritzaren eskuetan dagoen eremuan ere, Jaurlaritzak izango du kostaldearen ardura. Berbarako, Bilboko itsasadarrean, Bilboko San Anton zubira arte Portu Zuzendaritzak eman beharko du azpiegiturak ipintzeko baimena. Apirilean onartutako Bilboko metropoliaren lurralde plan partzialak itsasadarrean itsasontzi bidezko garraio publikoa sustatzeko aukera aipatzen du. Hala ere, Goitiak ez du uste Bilbon porturik ikusiko denik berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.