Arratiarrak, 75 urtez santa eskean

Urtero legez, bihar ere Arratiako herrietan eta Bilboko kaleetan ibiliko dira kantuan.

Arratiako Korua, Bilboko San Anton elizako atarian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Arratiako Korua, Bilboko San Anton elizako atarian, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 3a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal kulturan, eske errondak ohikoak izan dira urte osoan, baina, batez ere, negu sasoian. Santa Ageda bezperakoa da gaur arte sasoikoen heldu dena. Bihar, ehunka abesbatza eta lagun talde irtengo dira Bizkaian santa eskean. Baina haien artean bada bat bereziki ezaguna: Arratiako Korua. 75. urtez Bizkaiko hainbat herritan abestu dute, eta, noski, hiriburuko kaleetan ere ibili dira. Aurten, 45 lagun arituko dira kantuan, heldu, gazte eta ume, gizon eta andre. Berbarako, 14 eta 20 urte arteko zazpi abeslari irtengo dira bihar. Korua «osasuntsu eta sasoiko» ailegatu da urteurren berezia ospatzera, Garazi Navas zuzendariaren esanetan. «Ez dugu jende faltarik. Arratian ezaguna da, eta jendeak asko estimatzen du. Asko familian tradizioa delako ere etortze dira. Esaterako, baditugu aitita, aita eta iloba bat taldean». Azken urteetan legez, Bizkaiko Caritasentzat izango da bihar batutako dirua.

Egun luzea izaten da otsailaren 4koa Arratiako Koruarentzat. 07:45ean hasten dira, Areatzako parrokian meza eginda. Gero, Arratiako hainbat herritan kantatzen dute, eta 11:30erako Bilbora joaten dira. Ordu horretan Begoñako basilikan abesten dute, 11:00etako meza bukatzean. 20:00ak arte ibiltzen dira hiriburuan batetik bestera, eta, ondoren, Arratian falta zaizkien herriak bisitatzen dituzte. Hasi bezala, ibilbidea Areatzan bukatuko dute, musika eta su festa artean. Afaria ere izango dute. «Egun luzea izaten da, eta adinekoentzat apur bat gogorra. Aurten hiru baja izan ditugu, eurentzat gehiegi delako». 

arratiako koruaren ordutegia

  • 07:30. Igorren autobusa hartu. 
  • 07:45. Meza Areatzako parrokian.
  • 08:15. Areatzatik irten.
  • 08:25. Zeanuri.
  • 08:40. Arantzazu.
  • 09:00. Igorre.
  • 09:20. Dima.
  • 09:40. Lemoa.
  • 09:55. Bedia.
  • 10:15. Usansolo.
  • 10:55. Zornotza.
  • 11:30. Bilbo. Begoñako basilika.
  • 12:00. San Anton eliza eta Erriberako merkatua.
  • 12:50. Bilboko Areatza.
  • 13:10. Bilboko udaletxea.
  • 13:35. Ibaigane jauregia.
  • 13:50. BBVA.
  • 14:00. Bizkaiko Foru Jauregia.
  • 14.30. Carlton hotela.
  • 14:50. Botikazahar institutua.
  • 15:05. Guggenheim museoa.
  • 15:30. Bazkaria.
  • 17:00. Abando hotela.
  • 17:20. Egileor plaza.
  • 17:35. Foru Jauregiaren atzeko partea, Ledesma kalea, El Corte Ingles, Laboral Kutxa, Bilboko Metroa, Juan Santuen eliza.
  • 19:30. Santiago katedrala. (19:00etako meza bukatutakoan).
  • 20:00. Arriaga plaza.
  • 20:40. Galdakao.
  • 21:00. Arteaga.
  • 21:20. Areatza.

Abeslari talde hori 1951n sortu zen. Arteagan koru bat zegoen, eta Areatzan beste bat, Juan Bernaolaren eta Victor Sierrasegumagaren zuzendaritzapean, hurrenez hurren. «Lagunak ziren, eta pentsatu zuten ez zuela zentzurik elkarren alboan dauden herri bik bakoitzak bere korua izatea», azaldu du Navasek. Hala, batu egin ziren, eta Arratiako Korua jaio zen. Arteagako eta Areatzako abesbatzetan gizonek baino ez zuten kantatzen, eta halaxe izan zen talde berrian ere. 1965ean sartu ziren lehen andreak eta umeak. Navasek nabarmendu du lehen kideen alabak oraindik ere Arratiako Koruan daudela: «Poztekoa da kateari eustea».

Navasek urte gutxi daramatza Arratiako Koruaren zuzendaritzan. Musikari profesionala da: akordeoia jotzen du. Lehenago zuzendari izandako Ane Legarreta laguna du, eta elkarrekin ikasi zuten musika. Hark animatuta hasi zen koruarekin akordeoia jotzen. Zuzendari barik geratu zirenean, berak hartu zuen ardura. 
Normalean urri bukaeran hasten dira entseatzen, baina aurten lehenagotik dabiltza. Izan ere, iazko ekainean disko bat grabatu zuten 75. urteurrena ospatzeko.

Hirurogei lagun inguruk hartu dute parte. Martxoaren 21ean egingo dute aurkezpen jaia Areatzako elizan. Navasek espero du urteotan Arratiako Koruan ibilitako jende asko elkartuko dela. Ordu eta hamar minutuko lana ondu dute. Guztira hamazazpi pieza ditu. Bederatzi inguru, santa eskean aritzeko kantak dira, kopla zahar eta berriagoak. Kanta erlijiosoak eta tradizionalak ere batu dituzte. Irailean, Vienara joango dira, eta han ere santa eskerako koplak kantatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.