Gerediaga elkarteko lehendakaria

Gotzon Gomez: «Asko dugu egiteko oraindik, baina argi ditugu helburuak: izan eta eragin»

Durangaldeko Gerediaga elkarteko lehendakari izendatu dute Gotzon Gomez. Elkarteak 60. urteurreneko ospakizuna egin zuen joan den astean, Abadiñon.

Gotzon Gomez Gerediaga elkartearen egoitzan, Durangon, asteazkenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gotzon Gomez Gerediaga elkartearen egoitzan, Durangon, asteazkenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Leire Rodero
2025eko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gotzon Gomezek (Durango, 1970) Durangaldeko Gerediaga kultur elkartearen lehendakaritza hartu zuen maiatzaren 25ean. Erreleboa garai sinboliko batean dator: hain zuzen ere, elkarteak hirurogei urte bete ditu aurten. Bereziki, Durangoko Azoka antolatzeagatik da ezaguna elkartea, baina proiektu kultural ugari bultzatzen ditu eskualdeko nortasuna, ondarea eta bizitza kulturala indartzeko. Gomezen lehendakaritzapean, Gerediagak ideia berriak garatzeko asmoa du, baina baita tokiko kulturarekiko konpromisoarekin jarraitzekoa ere.

Zelan hartu duzu Gerediaga elkarteak lehendakari izendatu izana?

Bazkide guztiok interes handia dugu elkartean; beraz, ni lehendakari izatea ohorea da. Dena musu truk egiten da, eta gure denbora elkarteari eskaintzea plazera da beti. Gogotsu hartu dut kargua. Hirurogei urte hauek intentsitate handikoak izan dira. Bizkaian onartu zen lehen elkarte kulturala izan zen Gerediaga, eta Durangaldeko ondare kultural materiala eta immateriala babesteko helburuarekin sortu zen; helburu horrekin jarraitu nahi dugu.

Ekainaren 15ean 60. urteurrena ospatu zenuten. Zer moduz?

Abadiñon ospatu genuen. Nahiz eta elkartea 1956ko ekainaren 7a erregistratu zuten, astebete atzeratu genuen ospakizuna. Ekitaldi polita izan zen. Alde batetik, elkartearen sortzaileak omendu genituen: haietako lau bizirik daude, eta hiru agertu ziren ekitaldira. Elkartearen ibilbidearen bideoak, dantza, antzerkia, zuzeneko musika eta bertsolariak egon ziren. Ekitaldiaren amaieran, lehendakari kargua utzi duenari omenaldi txiki bat egin genion: Nerea Mujikari. Hura ez da oso omenaldi zalea, baina elkarrizketa baten aitzakiarekin oholtza gainera igo ginen biok. Oso hunkigarria izan zen momentu hura. 60. urteurrena erabili dugu elkarteak egiten dituen proiektu ezberdinak ikusarazteko, askotan elkartea Durangoko Azkorarekin baino ez da-eta lotzen. Badakigu azokak leku fisiko eta mediatiko handia hartzen duela, baina lantzen ditugun beste proiektuak eta asmoak ere bultzatu nahi ditugu.

Zein dira beste proiektu eta asmo horiek?

Urtean zehar ekintza nahiko prestatzen ditugu. Aurten, lehendabiziko aldiz, eskualdeko 11 herritan bisita gidatuak antolatuko ditugu. Igande honetan hasiko da lehenengoa, Durangon; azkena Garain izango da, irailaren 28an. Bisitak euskaraz izango dira, eta 90 minutu inguruko ibilaldiak izango dira. Abadiñoko bisita gidatua salbuespena izango da: hiru ordukoa. Lehen bisita ate joka dugu, eta jendea izena ematen hasi da webgunearen bitartez. Ekintza horiek ez daude soilik Durangaldetik kanpo bizi direnentzat pentsatuak, bertakoentzat ere aukera ona izan daiteke eta. Interesgarria da inguruko herrietako ondarea ezagutzea.

«Gerediagan lehendakari izatea ohorea da. Dena musu truk egiten da, eta gure denbora elkarteari eskaintzea plazera da beti»

Beste proiekturik baduzue abian?

Bai. Urtero Astola izeneko aldizkariaren zenbaki bat argitaratzen dugu. Kalitate handikoa da, txukuna eta polita. Saiatzen gara zenbaki bakoitzean hemengo herrien bitxikeriak, historia eta pasadizoak zabaltzen. Gure bazkideek ere idazten dute batzuetan. Gazteentzako beka bat ere badugu: ikertzaile gazteen beka. Helburua da gazteek gradu amaierako lana, tesiak edo ikerketa lanak zabaltzea eta sustatzea. Bestalde, Durangoko Azokarekin lotuta dagoen sormen beka ere ematen dugu, 15.000 eurokoa. Horrela, gazteei aukera ematen diegu proiektuak garatzeko. Aurten komikiak eta ilustrazioak bultzatu nahi ditugu.

Gazteak elkartera erakartzea kostatzen zaizue?

Gazteen parte hartzea elkarte guztien arazoa da. Arazoa baino gehiago, kezka dela esango nuke. Joan den asteko ospakizunean, 25-35 urte bitarteko nahiko jende etorri zen, eta asko poztu ginen gure lanean interesa dutela ikusteaz. Azokarekin lotuta, azkeneko urteetan gazteei zuzendutako egun berezi bat antolatzen dugu. Azken finean, haiek izango dira etorkizuneko azokaren bisitariak, haiek erabakiko dute zer kontsumituko duten eta zer ez. Batzarretan ere nabaritu dugu azken boladan jende gazteagoa azaldu dela. Gazteek haize freskoa eta ideia berriak dakartzate beti, eta horrek poztu egiten gaitu.

«Gazteak izango dira etorkizuneko azokaren bisitariak. Haize freskoa eta ideia berriak dakartzate beti, eta horrek poztu egiten gaitu»

Nola bizi izan duzue Durangoko Azokaren hazkundea?

Handitu baino gehiago, nik uste dut zabaldu egin dela. Lehen, azokak bi esparru soilik hartzen zituen: liburuak eta musika. Gaur egun, askoz gehiago ditu. Eta garrantzitsua da dena ondo uztartua egotea. Biribilgune bat bezalakoa da azoka, gurpil handi bat. Azoka amaitu, eta datorren urtekoarekin amesten hasten gara. Eragile askok hartzen dute parte, eta garrantzitsua da haiekin harremana edukitzea, haiek ere arrastoak ematen dizkizute eta. Podcastek, adibidez, gorakada handia izan dute, eta guk ere zuzeneko podcast bat egiteko asmoa dugu.

60 urteko historia dauka Gerediagak. Zer etorkizun du?

Argi daukagu zein den gure iparrorratza: Durangaldean ondare handia dugu zabaltzeko. Oraintxe, agiritegi itzela dugu, eta hori da gure proiektu nagusia oraintxe. Azkeneko urteetan, sei edo zazpi argazki funts jaso ditugu, 100.000 argazki inguru dauzkagu, eta interes handikoak dira. Horrez gain, liburuen eta eskuizkribuen funtsa kudeatzen dugu, eta gazte asko guregana etortzen dira euren lanak osatzeko; hortaz, informazioaren bitartekari ere bagara. Oraindik asko daukagu egiteko, baina argi ditugu helburuak: izan eta eragin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.