Ekainaren 1etik, bizikletak aparkatuta egoten diren lekuak hutsik topatu dituzte erabiltzaileek, baina, astelehenetik aurrera, berriz ere martxan egongo da Bilbobizi, bizikletak maileguan hartzeko Bilboko udal zerbitzua. Aurrerantzean beste enpresa batzuk arduratuko dira kudeaketaz: Serveoren esku geratuko dira bizikletak eta ainguralekuak, eta GFLk eskainiko die arreta erabiltzaileei. Hala ere, bilbotarrek beste arlo batzuetan igarriko dituzte berritasunak: bizikleta berriak eta gehiago eskuratu ditu udalak, eta aurrez aurreko arreta emateko bulego bat irekiko dute geltoki intermodalean. Gainera, erabileraren araberako tarifak ezarri dituzte, eta ohiko erabiltzaileek urtean ez dituzte 72 euro baino gehiago ordainduko.
Hain justu, asko erabiltzen duten herritarrak saritu gura dituzte sistema berriarekin, Nora Abete Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziak esan duenez: «Zerbitzu justuagoa eta eraginkorragoa da; garraio publiko eta jasangarria gehien erabiltzen dutenak saritzen ditu». Hala, ohiko erabiltzaileek urteko abonua noizbehinkakoek baino gehiago ordainduko dute, baina gero erabileragatik ordaindu beharreko tarifa merkeagoak izango dituzte. Gehiengoa dira ohiko erabiltzaileak: orain arte Bilbobizi erabiltzen duten bilbotarren %54k astean lau bidaia baino gehiago egin dituzte. Zinegotziaren esanetan, zerbitzua berrituta eta hirian egiten ari diren bidegorriei esker, «garraio iraunkorraren aldeko apustua» egiten ari da udala.
Astelehenetik aurrera, 790 bizikleta egongo dira erabiltzaileen esku: den-denak berriak, adimendunak, seguruak, erosoak eta sistemara oraingoak baino konektatuago egongo direnak. Datorren urtean, 1.250 bizikleta izango dira. Lapurreten aurkako giltzarrapo berezia, alerta akustikoa, GPS kokapena eta LED argi integratuak dituzte. Pedalei eraginez aktibatzen dira, eta piztuta egoten dira, baita geldialdi laburretan ere.
BILBOBIZIREN TARIFAK
- OHIKO ERABILTZAILEA.
Urteko abonua. 25 euro.
Erabilera tarifak.
0-15 minutu. 15 zentimo.
- 16-30 minutu. 35 zentimo.
- 31-60 minutu. 50 zentimo.
- Ordubetetik gora. Sei euro orduko.
- Urtean gehienez zenbat ordainduko den. 72 euro.
- NOIZBEHINKAKOA
- Urteko abonua. Hamar euro.
- Erabilera tarifak.
- 0-30 minutu. 65 zentimo.
- 31-60 minutu. 1,30 euro.
- Ordubetetik gora. Sei euro orduko.
Serveorreko arduradun Salvador Urkiak azaldu duenez, une oro jakingo dute bizikletak non dauden, eta, horri esker, beharra non dagoen jakin ahal izango dute. Gainera, datuak aztertuko dituzte, joerak zehazteko, premia handienak normalean noiz eta non egoten diren jakiteko. Horretarako, adimen artifiziala erabiliko dute. «Zerbitzu honi gerta dakiokeen larriena da erabiltzailea bizikletak hartzeko lekura joan eta bizikletarik ez topatzea edo kargatu gabe daudela ikustea; hurrengoan ez du zerbitzua erabiliko». Horregatik, sistema arduratuko da bizikletak beti kargatuta egoteaz.
Ainguraketa puntuen kopurua ere handituko da: 46 daude gaur egun, eta asmoa da 68 izatea. Abete zinegotziaren esanetan, hiriko auzo garaietan dagoen bizikleta eskaera handiari erantzutea gura dute. Puntu berri horietako bi astelehenean bertan inauguratuko dituzte: Zurbaranbarri kaleko 39. zenbakian eta Ignacio Ellakuria kaleko 6.ean egongo dira. Gainerakoak datorren urtean atonduko dituzte, apurka. Gerora ere, zenbateko eskaera dagoen ikusi eta erabilera aztertuta, gune horien mapa egokituz joango dira.
Langileak langabe
Orain arte, kudeaketaren ardura zuen enpresako 24 behargin ibili dira Bilbobizin arreta eskaintzen. Arlo horren kudeaketa enpresaz aldatzean, langile horiek lanik gabe geratu dira. Sindikatuek zerbitzuaren pribatizazioa salatu dute. Maiatzeko osoko bilkuran udaletxera sartu ziren, bilkura aretora, lanpostuen subrogazioa eskatzera. Udaltzainek kanpora atera zituzten.
LAB sindikatuak Bilboko Udalari leporatu dio zerbitzu publiko bat pribatizatua duela, eta publiko bihur dezala eskatu dio. Maiatzaren 19tik greban egon dira langileak. Sindikatuaren arabera, greba hasi zenetik maiatzaren 31ra, udaleko funtzionarioak ibili dira Bilbobiziko erabiltzaileei arreta eskaintzen, telefono deiak hartzen eta paper kontuak egiten. LABen ustez, horrek erakutsi du posible dela zerbitzua publiko bihurtzea. Udalak esan du lehengo enpresa eta oraingoa negoziatzen ari direla subrogazioa posible den ikusteko.