Bakarrik sentitzea are garratzagoa izaten da egoera zailetan; berbarako, gaixotasunak gogor jotzen duenean. Erretiroa hartu zuen arte, Maria Rosa Quintana hematologoa izan zen Barakaldoko Gurutzetako ospitalean; Aurora Navajas lankidea zuen han, baina Pediatria Onkologikoan. «Ohartu ziren paziente asko bakarrik egoten zirela ospitalean, eta bazekiten konpainiak gaixoa suspertu egiten duela; norbait gaixoekin egotea beharrezkoa dutela eta ona dela osatze prozesurako», kontatu du Felisa Txintxetru Laguntzen Bizkaiko ospitaleetako boluntario elkarteko zuzendaritzako kideak. Quintana eta Navajas doktoreek horregatik sustatu zuten Laguntzen, duela hamalau urte. Ospitaleratuta daudenei ez ezik, beharbada medikuaren kontsultara joateko konpainia behar dutenei ere egiten diete lagun.
Apurka haziz eta hedatuz joan da elkartea, eta, gaur egun, Gurutzetan ez ezik, Bizkaiko beste erietxe publiko batzuetan ere boluntarioak dituzte: San Eloyn (Barakaldo), Basurtun (Bilbo) eta Urdulizen. Kide gehiago lortzeko kanpaina egin dute orain, eta dagoeneko berrehun bat lagun dira. Txintxetruk nabarmendu duenez, era guztietako jendeak osatzen du Laguntzen-eko taldea. «Oraindik ere harritu egiten nau ikusteak zer jende ona dagoen gure artean; zer eskuzabalak eta solidarioak diren. 45 urte egin ditut unibertsitatean, beste erakunde batzuetan ere egon naiz, baina inon ez dut topatu halakorik».
Ez dago baldintzarik boluntario izateko; kode etikoa betetzea baino ez diete eskatzen. Dena den, Txintxetruk esan du komeni dela «buruz sendo» egotea: «Askotan gogorra da sufritzen ari diren gaixoei lagun egitea. Pazienteen arazoez hitz egiten da konpainia egiterakoan, sekula ez boluntarioen arazoez; protagonista gaixoa da».
«Askotan gogorra da sufritzen ari diren gaixoei lagun egitea. Pazienteen arazoez hitz egiten da konpainia egiterakoan, sekula ez boluntarioen arazoez»
FELISA TXINTXETRULaguntzen elkarteko zuzendaritzako kidea
Laguntzen elkarteko kideak azpimarratu du boluntarioak ez daudela osasun langileen zereginak egiteko; debekatua dute hori. Haien ardura bakarra konpainia egitea da, eta prestakuntza jasotzen dute horretarako. Adierazi du Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko Zaintza Aringarrien Unitatekoekin hartu-eman zuzena dutela, arlo horretan «erreferentzia» direlako. Hura ez da ospitale publikoa; San Joan Jainkoarenaren Ordena Ostalariarena da, baina ituna du Osakidetzarekin. Horrez gain, boluntarioen arteko bilerak egiten dituzte, bakoitzak bere bizipenak kontatu ahal izateko eta zertan hobetu dezaketen aztertzeko; eta boluntarioren bati konpainia egiten zion pazienteren bat hiltzen denean, mina arintzen laguntzeko.
Konpainia egiteko eskaera «ez da batere burokratikoa», Txintxetruren esanetan: «Ospitaleko edozein osasun langilek eska dezake, baita gizarte zerbitzuetako langileek ere. Gaixoak berak edo senideek ere dei dezakete elkartera». Hala ere, eskatzen duenak eskatzen duela, ezinbestekoa izango da pazientearen oniritzia. Argi geratu behar da ospitaleratuta dagoenak boluntarioaren konpainia gura duela.
boluntario zerbitzuak bizkaiko ospitaleetan
- Laguntzen boluntarioen elkartea.
- Gurutzeta eta San Eloy: 669-85 73 19.
- Basurtu eta Urduliz: 644-86 22 98.
- Arreta Erlijioso eta Espiritualerako Zerbitzua.
- Gorliz eta Urduliz: 688-73 30 49.
- Santa Marina: 618-21 11 09.
- Gurutzeta: 610-47 37 91.
- San Eloy: 944-38 25 32.
- Basurtu: 610-49 48 90.
- Usansolo: 688-80 92 97.
Ez dago paziente eredu jakinik. Haien artean asko dira 75 urtetik gorako gizon-emakumeak, bakarrik bizi direnak eta ez dutenak haietaz arduratu daitekeen inor. Ebakuntzaren batengatik edo bestelako gaitzen batengatik ospitaleratze luzea izango dutenek ere eskatzen diete lagun egiteko, etxekoentzat «gehiegi» izan daitekeelako: «Zaintza egunak-eta badaude, baina ez dira baimen luzeak izaten, eta, bestela ere, kasu batzuetan senideek ezin dute egun osoz egon, denok beste ardura batzuk ere izaten ditugulako». Gazteak ere badira beste batzuk; lanean edo errepidean istripuren bat izan dutenak, berbarako.
Normalean, batez beste, hiru pazienteri egiten diete lagun aldi berean Gurutzetan, eta beste pare bati Urdulizen. Txintxetruk onartu du Basurtutik eskaera gutxi jasotzen dituztela: «Ez dakit zein den arazoa. Ez du ondo funtzionatzen ospitalearekin dugun konexioak. Hobetu egin behar dugu». Bizkaian beste hiru erietxe publiko daude: Gorlizkoa, Santa Marina (Bilbo) eta Usansolokoa —garai batean Galdakaokoa zena—.
Egotaldi luzeak
Txintxetruk esan du Usansoloko ospitaleak eskatu diela han ere zerbitzua eskaintzeko, baina, oraingoz, ezingo dute eman, boluntarioek garraio publikoko zerbitzu «eskasa» dutelako hara joateko, elkartearen iritziz. Arazo bera dute Bilboko Santa Marina ospitalean.

Dena dela, Santa Marinan badago gaixoei lagun egiten dien beste boluntario talde bat. 2019tik dago martxan, Bizkaiko Caritasek eta Bilboko Elizbarrutiko AEEZ Arreta Erlijioso eta Espiritualerako Zerbitzuak ospitalearekin sinatutako akordio bati esker. AEEZ Bizkaiko ospitale publiko guztietan dagoen zerbitzu bat da. Gaixoei eta familiei lagun egitea da helburua, baina baita arreta espirituala eta erlijiosoa eskaintzea ere. Berbarako, ospitaleetako kaperetan eukaristia ospatzen dute, eta gaixoei aukera ematen diete logeletan Jauna hartzeko, aitortzeko eta gaixoen oliadura edo azken oliadura jasotzeko.
Hala ere, ez da fededuna izan behar AEEZko boluntarioen laguntza jasotzeko, Gorlizko eta Urdulizko ospitaleetako zerbitzuaren koordinatzaile Carmen Lopezen esanetan. Gaixoen senideek haiengana jo dezakete, besterik gabe, berba egiteko, barrena askatzeko. Eta Santa Marinan, azken sei urteetan duten taldearen bitartez, edozein gaixori konpainia egiten diote logelan.
«Ospitaleratze luzeetan nolabaiteko familia giroa sortzen da bertakoekin, baina eskertzekoa da zutaz esplizituki arduratuko den norbait egotea»
CARMEN LOPEZ Gorlizko eta Urdulizko ospitaleetako AEEZ zerbitzuaren koordinatzailea
Santa Marina erietxe berezia da: gaixotasun kronikoak, adinekoak eta zainketa aringarriak dira zentroaren espezialitatea. Horregatik, ospitaleratzeak ohi baino luzeagoak izaten dira normalean. Gauza bera gertatzen da Gorlizkoan: paziente gehienak errehabilitazioa egiteko ospitaleratzen dituzte, edo, bestela, zainketa aringarriak jasotzeko. Ondorioz, han ere luzeak izaten dira egotaldiak; Santa Marinan baino luzeagoak sarritan. Horrela, Caritas eta AEEZ Gorlizen beste boluntario talde bat sortzeko lanean ari dira, gaixoei lagun egiteko.
Gorlizen, urrian egin zuten izena emateko lehen deialdia, eta daborduko hamar bat laguneko taldea osatu dute. Formazioa jasotzen ari dira. Lopezek dio ikasiko dutela zein den ospitalearen funtzionamendua, zelan izan harremana gaixo dagoen pertsona batekin, zer egin daiteken eta zer ez. Nabarmendu du boluntarioetako batzuek aurretiko prestakuntza dutela zaintza aringarrietan eta osasun gaietan, eta beste batzuk zaintza lanetan ibilitakoak direla.
Espero dute errehabilitazioan dauden gaixoei egin beharko dietela lagun, batez ere. Dena den, ez dute baztertzen zaintza aringarrietan daudenekin ere egon behar izatea, Lopezek dioenez. «Pentsatzen dut asko tokatuko dela pazienteak paseoan eroatea gurpil aulkian lorategira edo kafetegira; horretarako ezin egokiagoa da Gorlizko ospitalea. Edo, besterik gabe, berba egin, telebista piztu edo karta jokoan aritu».

Gehienbat, aldi baterako elbarri daudenak izango dira Gorlizen lagunduko dituztenak, familia edo lagunak ezin baitira une oro haiekin egon. Adinekoak ere asko izango direla espero dute. «Halako ospitaleratze luzeetan nolabaiteko familia giroa sortzen da bertako langileekin eta beste pazienteekin eta haien senideekin, denborak harremana sortzea laguntzen duelako, elkarri estimua hartzea, baina beti da eskertzekoa zutaz esplizituki arduratuko den norbait egotea».
Guraso lanak
Konpainia hori premiazkoagoa izaten da pazientea umea denean; ezinbestekoa. Valentzian (Herrialde Katalanak) Mamas en Accion boluntario taldea sortu zen 2013an, eta orain Bizkaira ailegatu da: Gurutzetako ospitalean boluntario taldea sortzeko lanean hasi ziren urrian, ospitaleko zuzendaritzarekin akordio bat sinatu ostean, elkarteko komunikazio arduradun Maria Vivok azaldu duenez. «Gure boluntarioen lana zera da, edozein umeren gurasoak ez daudenean alboko logelako umeen gurasoek egin dezaketena egitea: haiekin egon, maitasuna eman, laztanak egin, lasaitu, animatu, olgetan ibili, ez daitezela bakarrik sentitu».
«Gure boluntarioen lana zera da, edozein umeren gurasoak ez daudenean alboko logelako umeen gurasoek egin dezaketena egitea»
MARIA VIVO Mamas en Accion elkarteko komunikazio arduraduna
Erakundearen izena gaztelania hutsez dute, eta, hartan mamá hitza agertu arren —amatxu—, edonor izan daiteke boluntario; ez da zertan guraso izan. Baldintza bi bete behar dira: 18 urtetik gora izatea eta sexu delituen ziurtagiria aurkeztea. Gurutzetan ibiliko direnei ez diete eskatzen euskaraz jakitea.
Hiru motatakoak izan daitezke haien laguntza behar duten umeak. Batetik, etxean tratu txarrak jaso dituzten edo jaio ondoren abandonatu dituzten haurrak izan daitezke. «Epaileak egoera argitu arte, ospitalean geratzen dira lehen 24 orduetan, baina norbaitek egin behar die lagun denbora horretan».
Beste ume batzuk familiekin biziko dira, baina gaixotasunen batengatik —seguruenik, kronikoa—, egotaldi luzeak egingo dituzte ospitalean, eta senideentzat ezinezkoa da 24 orduz egunero txikiarekin egotea.
Hirugarren taldekoek administrazioaren tutoretzapean dauden adingabeei egingo diete lagun, gizarte langileak haiekin egon ezin diren tarteetan. «Administrazioarekin koordinatuko gara, gurea ez baita izango gizarte langileen lana ordezkatzea». Edonola ere, boluntario baten eskaera beti ospitaleak egin beharko du.