Bakea eskatzetik aldarrikatzera

Duela ia bost mendetik, Gernikako arbolaren ondoan Santa Klara komentua dago. Iaz joan ziren azken mojak, eta orain Eusko Jaurlaritzak erosi du, Bakearen Museoa handitzeko.

Gernikako arbola eta Santa Klara komentua
Gernika-Lumoko Santa Klara eliza eta komentua, Gernikako arbolaren ondoan, joan den asteburuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2024ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun

Haritzaren alde batera, Antiguako Amaren ermita; hau da, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza printzipala. Beste aldera, Santa Klara komentua. Ia bost mendetan klaratar mojen komunitate bat bizi izan da Gernikako arbolaren itzalpean, iaz geratzen ziren azken mojak Arnedora (Errioxa, Espainia) joan ziren arte. Besteak beste, Bizkaiaren eta bakearen alde egiten zuten errezo. Marcelo Bielsa entrenatzailea Athleticen izan zen urteetan (2011-2013), baita talde zuri-gorriaren alde ere, hark hala eskatuta. Urtebetez hutsik egon ondoren, Bilboko Elizbarrutiak Eusko Jaurlaritzari saldu dio komentua. 1937ko bonbardaketan salbatu zen leku apurrenetakoa da. Apirilaren 26an eman zuten erabakiaren berri, erasoaren 87. urteurrenean, Espainiako Gobernuak Gernika-Lumo osoa memoria leku izendatu berritan. Gernikako Bakearen Museoaren parte izango da, eta bakea aldarrikatzeko eta haren inguruko gogoeta sustatzeko erabiliko dute. Memoria gune izango da.

Izaroko komentuko buru Martin Arteagakoaren arreba bik serorategi bat eratu zuten 1422an, juntetxearen ondoan. San Frantziskoren Hirugarren Ordenan sartu ziren. Apurka, andre gehiago batu zitzaizkien. 1618an, klausuran sartu ziren, eta frantziskotarrei abadesa bat izendatzeko eskatu zieten. Horrela bihurtu ziren klaratar mojen komentu 1619ko irailaren 16an. 

«Gernikako arbolaz hitz egiten digu, euskal lurraldeen foru tradizioaz, autogobernuaz, askatasunaz, faxismoaz, indarkeriaz, gudaz eta bakeaz, kulturaz, tradizioaz eta espiritualitateaz».

IÑIGO URKULLU Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria

Komentuko lehen eliza XVII. mendean eraiki zuten, baina ez dago haren aztarnarik, 1890ean berria egin zuten eta. Tenpluak gurutze latindar formako oinplanoa du, eta habearte bakarra, hiru ataletan banatuta. Burualdean aldarea dago, eta, haren atzean, Santa Klararen omenezko erretaula, oinplano poligonalekoa. XVIII. mendekoa da, estilo eklektikoan egina. Elizaren oinaldean, zurezko langarekin itxitako goi koru bat dago; han dago 1910eko organo erromantikoa. 

Burualdeari lotuta, San Frantziskoren Hirugarren Ordenaren kapera dago. Egur polikromatuz egindako sabaia du, kasetoiekin; kaperaren burualdean oktogonala da, eta kupula apaindu batek estaltzen du. Kaperara arku eskartzano batetik sartzen da. Hormak Bordele gorri koloreko pintura distiratsu batez margotuta daude, urre koloreko apaingarri txikiz edertuta. Sortzez Garbiari eskainitako erretaula bat du. Garai batean juntetxeko erretaulan egondako Sortzez Garbia komentura ekarri zuten gero. 

Erasoak eta okupazioak

Lumoko elizatearen lurretan —udaletxea alboan izan zuen 1882 arte— baina Gernikako hiribildutik gertu zegoen, eta jaurerriko botere politikoaren ondo-ondoan. Ondorioz, hainbat eraso izan ditu, eta batzuetan okupatu ere egin dute; besteak beste, Napoleonen tropek. Batzar Nagusiek agiritegi moduan erabili izan dute sarri, gerra sasoietan soldatuek eliza batzar etxea baino gehiago errespetatuko zutelakoan. 1937ko bonbardaketan artxiboa erre zen, eta agiri gehienak galdu ziren. Hala ere, salbatu zirenei esker jakin ahal izan da, besteak beste, komentuko mojen zereginetako bat zela Batzar Nagusietara joaten ziren herri ordezkariei txokolatea ematea; 1829tik 1854rako gastuak jasota daude, berbarako.

Gernikako Santa Klara komentua
Gernikako Santa Klara komentua eta atzeko ortua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Mojen bizilekuak eta elizak ez ezik, atzeko aldean duen ortu handi batek eta hilerriak ere osatzen dute komentua. «‘Bakea zuei’ izan zen berpiztu berri zen Jesusek bere jarraitzaileei egindako lehen agurra. Hori izan da mendeetan zehar, hemen bizi izan ziren mojek etxe honetara hurreratzen ziren guztiei eskainitako agurra. Hori izan da 1937ko apirilaren 26tik Gernikak munduari behin eta berriro zabaldutako oihua», esan zuen Joseba Segura Bilboko gotzainak ekitaldian. Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak lekuaren sinbologia nabarmendu zuen: «Gernikako arbolaz hitz egiten digu, euskal lurraldeen foru tradizioaz, autogobernuaz, askatasunaz, faxismoaz, indarkeriaz, gudaz eta bakeaz, kulturaz, tradizioaz eta espiritualitateaz».

GERNIKA-LUMOKO SANTA KLARA KOMENTUa

  • Helbidea. Santa Klara kalea, 3. Gernika-Lumo. 
  • Bisita. 2023an joan ziren azken mojak, eta ordutik zarratuta dago. Kanpotik ikus daiteke. Eusko Jaurlaritzak lekua egokitzen duenean, Gernikako Bakearen Museoaren parte izango da.
  • Webgunea. Iglesiasdebizkaia.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.