Iazko zerga «berrikuspena» berrikusi egingo dute orain Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek. PFEZ pertsona fisikoen errenta zergan egindako aldaketa baten eraginez, aitorpen bateratua egiten zuten guraso bananduek eta dibortziatuek ezingo zuten aurrerantzean halakorik egin, eta horrek zerga gehiago ordaintzera behartu zituen, haien egoera ekonomikoa askotan okerragoa izan arren banaketaren ondorioz. Kexatu egin zirela eta, guraso bananduei aitorpen bateratua egiteko irizpideak moldatzeko prest azaldu dira EAJ eta PSE-EE.Â
Gaia Bizkaiko Batzar Nagusietara heldu da gaur. EH Bilduk eta PPk mozio bana aurkeztu dute gaur, foru araua moldatzeko eskatuz, eta biak onartu dira Gernika-Lumoko batzar etxean egindako osoko bilkuran. Eskatutakoarekin ados ez daudela esan arren, oposizioaren mozio bi babestu dituzte foru gobernua babesten duten alderdiek, eta Araban eta Gipuzkoan ere aldaketak izango direla azaldu dute.Â
Hori bai, jeltzaleek eta sozialistek zehaztu dute arlo bitan baino ez dituztela aldaketak egin nahi. Batetik, guraso batek seme-alabak bere kabuz mantentzen dituela frogatzeko modua malgutzeko konpromisoa hartu dute. Modu horretan, seme-alabez euren kabuz arduratzen diren guraso gehiagok akreditatu ahal izango dute hori, eta baterako aitorpena egin ahal izango dute seme-alabekin.
Bestetik, mantenu pentsioari muga bat finkatzearen alde agertu dira, eta, hortik beherakoa denean, ogasunak ulertuko du seme-alaben gastuei haien kargu egiten den gurasoak bakarrik egiten diela aurre. EAJk eta PSE-EEk azaldu dutenez, mantenu pentsioaren irizpidea bat dator Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ezarritakoarekin.
Tasa turistikoa, behin betiko onartuta
Bizkaiko Batzar Nagusiek behin betiko onespena eman diote gaur tasa turistikoaren foru arauari. Aurretik beste horrenbeste egina zuten Araban eta Gipuzkoan. PPk ez beste alderdi guztiek babestu dute, ez dizkietelako onartu haiek aurkeztutako zuzenketa partzialak. Orain, udalek tokian tokiko beharretara egokitu beharko dute, ordenantzen bitartez. Urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Udalerriaren eta ostatu motaren arabera, eguneko 0,50 eta zazpi euro artean ordaindu beharko dute bisitariek.
Mikel Magan jeltzaleak esan du prest daudela herritarren eskaerak entzun eta kontuan hartzeko, baina egokitzapenak egiteko muga batzuk ipini ditu: «Justizia fiskala eta antzeko egoera ekonomikoan daudenei tratu bera emateko printzipioa». Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, iazko zerga berrikuspenarekin egindako aldaketek egoera «ekitatiboagoa» ekarri zuten, eta hala defendatu dute gaur jeltzaleek, sozialistek eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak.
Haien arabera, iazko moldaketaren eraginez, «egoera zibilak baino garrantzi handiagoa du zergapetuen egoera ekonomikoak», soilik zaintza gastuei euren kabuz aurre egiten dietenek izango dituztelako kenkariak. Hau da, saihestu egingo da gastuak partekatzen dituztenek eta egoera zaurgarriagoan daudenek abantaila berak izatea.
Tresna desegokia
Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaile Eneritz Madariagak ere uste du iaz adostu zutena «bidezkoagoa» dela —hark ere babestu zuen erreforma—, nahiz eta onartu duen «gura ez ziren ondorioak» izan dituela, eta horiek zuzentzeko prest agertu da. Jeltzaleei eta sozialistei bezala, ez zaizkio gustatu EH Bilduk eta PPk eskatutako aldaketak. Dena den, ez du iragarri EAJk eta PSE-EEk adostutakoak babestuko dituen edo ez. Bizkaian, foru gobernuak gehiengoa du Batzar Nagusietan, baina beste bi lurraldeetan oposizioaren babesa ere lortu beharko lukete.
EH Bilduko batzarkide Arantza Sarasolak bozketaren balorazio ona egin du, nahiz eta jeltzaleek eta sozialistek haiek mozioan eskatutakoa onartu ez. Iruditzen zaio ona dela gaiaren inguruko eztabaida zabaltzea. Bada pauso bat, gaia Ogasun eta Finantza Batzordean aztertu zenean EAJk eta PSE-EEk sutsu defendatu zuten-eta iaz egindako aldaketa. Hala ere, Sarasolak uste du baterako aitorpena ez dela tresnarik egokiena guraso bananduek dituzten berezitasunetarako, eta orain abiatuko den eztabaida aprobetxatzeko eskatu du, modu aproposago bat topatzeko. PPk «errealitate sozialetik kanpo» bizi direla egotzi dio foru gobernuari.