Irakasle erretiratua eta aholkularia

Araceli Angulo: «Basaurin pila bat kostatu zen maistra bat kontratatzea»

Basauriko maistren bila ibili da Araceli Angulo. Ikerketa prozesuan frankismoko arazketekin egin du topo, esaterako. Soldata apalen ondorioz ugaritu ziren andreak irakaskuntzan.

Araceli Angulo Basaurin, asteartean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Araceli Angulo, Basaurin, asteartean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Basauri
2025eko maiatzaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Izan ziren, baina ahaztu egin dira. Basauriko maistrak ezagutarazteko asmoz, ikerketa bat abiatu zuen 2020an Araceli Angulo irakasle erretiratu eta aholkulariak (Basauri, 1958). 1742tik 1939ra bitarteko urteetan arakatu du. «Udaleko 1742ko aktetan ageri da pertsona bati ordaindu ziotela ume batzuei irakats ziezaien. Ez zen irakaslea, baizik eta kirurgialaria: Domingo del Halo».

XVIII. mendean, egon al zen maistrarik Basaurin?

Ez. Nik aurkitu dudanez, 1862an izendatu zuten lehena: Gregoria De la Encina. Hortik aurrera, beste maistra batzuk ere egon ziren. Urtebete edo gutxiago ibiltzen ziren klaseak ematen, baina, XIX. mendearen bukaeran, Mari Cruz de Alacena agertu zen; 25 urtez aritu zen lanean San Migel elizateko Elexalde ikastetxean. Elexaldekoa izan zen Basauriko aurreneko ikastetxea.

Basaurikoak bertakoak ziren hasierako irakasleak?

XIX. mendean, gehienak ingurukoak ziren, bai emakumezkoak, bai gizonezkoak: Laudiokoak [Araba] ziren, Arrigorriagakoak, Basaurikoak, Abandokoak... 1888an, oposizio bidezko lehenengo maisuak agertu ziren. Garai hartan, Valladoliden [Espainia] zegoen errektoretza, eta Euskal Herriko ikastetxeetarako oposizioak ere han egin behar ziren. Kanpoko irakasleak etortzen hasi ziren, hala maisuak, nola maistrak.

Elexaldekoa zen garai hartan Basaurin zegoen ikastetxe bakarra?

XIX. mendean, bai. Gainera, han zeuden biztanle gehienak. Mendearen bukaeran, herria hedatzen hasi zen, industria indartzen, trenbideek herria zeharkatu zuten eta populazioa asko hazi zen. 1901ean, Arizgoitiko plazako lehen ikastetxea inauguratu zuten. 1923an, Basaurik bereganatu zuen ordura arte Arrigorriagarena izandako Benta auzoa; Bentan beste eskola bat zegoen 1910etik, eta maistra batzuk han hasi ziren.

«1857ko Hezkuntza Legeak ezarri zuen andrazko irakasleek heren bat gutxiago kobratuko zutela»

Aipatu duzu industriaren eraginez Basauriko populazioa handitu egin zela. Ondorioz, irakasle gehiago beharko ziren. Profesionalizatzeko aukera bat izan zen emakumeentzat?

Basaurin pila bat kostatu zen maistra bat kontratatzea. Badago mugarri bat: 1857an onartu zen lehenengo Hezkuntza Legea: Moyano Legea. Ia mende batez egon zen indarrean, Bigarren Errepublikara arte. Lege hark ezarri zuen eskola publikoak beharrezkoak zirela, hezkuntza derrigorrezkoa zela mutilentzat, eta hautazkoa neskentzat... Eta legeak ezarri zuen andrazko irakasleek gizonezkoek baino heren bat gutxiago kobratuko zutela. Andrazko historialari batzuek diote hor hasi zela irakaskuntzaren feminizazioa. Alde batetik, udalentzat merkeagoa zelako emakumeak kontratatzea, eta, beste alde batetik, irakasleek oro har oso gutxi kobratzen zutelako; batez ere herrietan, biztanle kopuruak baldintzatzen zuen-eta soldata. XX. mendearen hasieran, itxi egin zuten gizonentzako Bilboko irakasletza eskola, ez zegoelako ikaslerik. Gizonei beste ikasketa batzuk interesatzen zitzaizkien.

Beste ogibide batzuetan gehiago kobratzen zelako, ezta?

Noski. Gainera, irakasle ikasketak egin zituzten gizon asko beste lanbide batzuetara joan ziren: udaletxeko idazkaritzara, lantegietara... Gizonentzako Bilboko irakasletza eskola itxi eta bi urtera, 1902an, emakumeentzako irakasletza eskola zabaldu zuten hirian —Donostian eta Gasteizen ordurako bazeuden—, eta nahiko arrakasta izan zuen.

Basauriko Marienean aurkeztu zenuen ikerketa, eta, besteak beste, 1937tik aurrera gertatutako arazketa prozesua nabarmendu zenuen. Ikerketako mugarrietako bat izan da, ezta?

Niretzat —eta gehienentzat ere bai, imajinatzen dudanez—, prozesu hura oso ezezaguna da. Aritz Ipiña historialariak ikertu du gaia. 36ko gerra hasi zenean, orduko gobernuak Bigarren Errepublikaren aldekoak ez ziren funtzionarioak ikertu zituen. Basauriko bi irakasleri espedientea ireki zieten; haietako bati, auzo eskolako emakume bati, akats baten erruz. Lan barik geratu zen, baina hilabete batzuen ondoren ondo etorri zitzaion espediente hura. Izan ere, tropa frankistak 1937ko ekainean heldu ziren Bizkaira, eta, instituzioak mendean hartu zituztenean, arazketa prozesua guztiz desberdina izan zen: bat-batean, ia funtzionario guztiak geratu ziren lan barik. Denak ziren susmagarriak, eta frogatu behar izan zuten erregimenaren aldekoak zirela; parrokoaren, Falangekoen, guardia zibilen baten edo udalekoen txosten bat aurkeztu behar zuten horretarako. Irakasle batzuk erbesteratu egin ziren, eta aldundiaren auzo eskoletako maisu-maistra batzuk zigortuak izan ziren, nazionalistak eta separatistak izatea egotzita.

«Aldundiko auzo eskolen planteamendua oso berritzailea izan zen: metodologia modernoagoak...»

Gerraostea zelakoa izan zen Basauriko maistrentzat? Frankismoak emakume asko etxera bidali zituen eta.

Gerra bukatu zenean, 1939an, hemen ia-ia ez zegoen udal eskolarik. Aldundiaren auzo eskolak eskola nazional bihurtuak ziren 1937an. Arazketa batzordetik pasatu ziren irakasleen %60-70ek postuari eutsi zioten; batzuek, asko borrokatuta. Emakume askok jarraitu zuten.

Ikerketa prozesuan, irakasle batzuen inguruko ebaluazioak erabili dituzu, besteak beste. Zer informazio topatu duzu?

Bizkaiko Foru Artxiboan ebaluazio asko topatu ditut, baina aldundiko irakasleenak baino ez. Udal ikastetxeetakoei dirua ematen zieten noizbehinka: 200 pezeta umeek izandako emaitzengatik, edo jarrera onagatik... Aldundiko auzo eskolen planteamendua oso berritzailea izan zen garai hartan. Auzo eskolak 1919an agertu ziren Bizkaian; Basaurin, 1922an. Eraikuntza berriak ziren, metodologia modernoagoak erabiltzen zituzten...

Lekukoak topatzea da hurrengo urratsa. Zer jakin nahi duzu haiengandik?

Artxiboetan dagoena kontuan hartuta, oso zaila da jakitea nolakoak ziren pertsona haiek, nola lan egiten zuten, zer-nolako harremana zuten euren ikasleekin... 1930eko urteetan ikasle izandako hamar bat lagun topatu ditut dagoeneko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.