Baserriaren genealogia feminista

Maribi Ugarteburuk Bizkaiko EHNE sindikatuari lotutako hamar andre baserritarren testigantzak jaso ditu ‘Erein, borrokatu, bizi’ liburuan. Lurrarekiko maitasuna eta konpromiso kolektiboa erakusten dituzte denek, egilearen irudiko.

Liburuko protagonistak, Arteagako Herriko Bentan, ostiralean. Behean, ezkerretik: Malu Egiluz, Libe Plaza, Helen Groome eta Maritxu Telleria. Goian: Amets Ladislao —alaba dauka ezkerrean—, Mariasun Borde, Maribi Ugarteburu eta Glori Dehesa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Erein, borrokatu, bizi' liburuko kideak, Arteagako Herriko Bentan, ostiralean. Behean: Malu Egiluz, Libe Plaza, Helen Groome eta Maritxu Telleria. Goian: Amets Ladislao —alaba du ezkerrean—, Mariasun Borde, Maribi Ugarteburu eta Glori Dehesa. O. M. EDESA
amaia igartua aristondo
Arteaga
2025eko uztailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haiena da bizitza, haienak dira izen-abizenak eta aurpegia, baina kolektiboak dira haien kontakizunak: zehazki, azken 50-60 urteetan Bizkaiko nekazaritza sektorean izandako ardatz eta kezka gehientsuenen isla dira. Izan ere, askok aipatu dute nekazaritza lanbide bat baino gehiago dela, eskatzen duen beharragatik; gogoratu dute zelan borrokatu ziren lan eskubideak erdiesteko; eta gertutik bizi izan dituzte ekoizpen intentsiboak eragindako zauriak. Baina makina bat kontu alai ere kontatu dizkiote Maribi Ugarteburu kazetariari (Amoroto, 1968). Bizkaiko EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuaren enkarguz, Ugarteburuk hainbat belaunalditako hamar nekazari eta militanteren istorioak jaso ditu Erein, borrokatu, bizi liburuan. «Feministak izan dira beren jardunean, askotan berba ere jakin ez arren», laburbildu du egileak. «Euren ekintzen bidez izan dira nekazari eta abeltzain feminista».

Jakin-mina izan zen liburuaren ernamuina. Bizkaiko EHNE sindikatuaren historian aztarrika ibili, eta gauza batzuk argitzeko premia igarri zuten, Amets Ladislao sindikatuko zuzendaritzako kideak (Algorta, Getxo, 1979) esplikatu duenez. «Esaten dugu feminismoa dela etxe honetako ardatz nagusietako bat, baina jakin nahi genuen nondik datorren ideia hori». Datuak bazituzten, baina esperientziak falta zitzaizkien. «Nekazaritza sindikalismoa aipatzen dugunean, gizon bizardun eta politikoki oso jantzi bat etortzen zaigu burura», egin du gogoeta Ladislaok, eta berehala gezurtatu du estereotipoa: andrazkoek ere izan dituzte karguak sindikatuan, eta haien ekarpena ez da nolanahikoa izan, zuzendaritzako kidearen esanetan.

Izan ere, militantziaren historia bat ere bada Erein, borrokatu, bizi. Hamar protagonisten bizipenek bat egiten dute askotan, baina bi ardatz nagusi nabarmendu ditu Ugarteburuk. Batetik, lurrarekiko maitasuna. «Oso gauza xaloa ematen du, baina ez da batere hala: denon lurrarekiko maitasuna da, elikagaiak egiteko eta elkar zaintzeko lurrarekikoa». Bestetik, hamar emakumeen konpromiso kolektiboa. Horrek ondorio latzak ekarri dizkiela adierazi du egileak. «Beste leku guztietan legez, patriarkatuaren zigilua oso presente egon da nekazaritzan ere».

Lurra lantzeaz harro

Eta, hala ere, baserritarrak ez dira erresuminez mintzo. Liburuak ez du tonu etsia, eta hamar andre baserritar horiek ez dute amorrua sentitzen atzera begiratzen dutenean, ezpada harrotasuna eta besoak gurutzatuta gelditu ez izanaren gogobetetasuna. Liburuaren aurkezpenean ere, hori da emakumeon berbek iradokitzen dutena. Arteagako Herriko Bentako mahai baten bueltan bildu dira Ugarteburu eta libururako elkarrizketatu dituen ia andre guztiak —haietako batena da lokala, Malu Egiluzena (Zeanuri, 1962)—, aspaldiko lagunen arteko solasaldi bat dirudien prentsaurreko batean. Ladislaok aitortu du «hunkituta» dagoela, eta barre algara espontaneoek, keinu goxoek eta esker emate ugariek argi utzi dute eroso daudela elkarrekin. Sindikatuko gizonek emandako babesa ere azpimarratu dute zenbaitek. «Taldeko beste bat banintz bezala hartu naute, bai batzarretan, bai bazkarietan», erantsi du Maritxu Telleriak (Oñati, Gipuzkoa, 1957).

(ID_17513586919565) (/Libe Plaza) Libe Plaza Lekeitioko azken baserritarra, 1950eko hamarkadako argazki batean
Libe Plaza Lekeitioko azken baserritarra, 1950eko hamarkadako argazki batean. LIBE PLAZA

Bizkaiako EHNEko zuzendaritzako lehen emakumea izan zen Telleria, baina beste emakume batzuen eskutik sartu zen sindikatuan, argitu duenez. Andre haiek ere batzarretan egoten ziren, baina ez zuten parte hartzen euren herritik kanpo antolatzen ziren bileretan, zaintza lanak erabat mugatzen baitzien militantzia. «Batzar horietan, ni izan nintzen haien aurpegia». Telleriak ez zuen familiagandik jaso baserritar sena; haurra zela, harrituta begiratzen zien Oñatira jaisten ziren nekazariei, eta haiek beharrean ikustera joaten zen, bitxikeria bat egiten ariko balira bezala. «Inoiz ez nuen pentsatuko baserri batean bukatuko nuenik, eta are gutxiago baserritik bizitzen». Ezkondu zenean, senarraren etxera lekualdatu zen, Abadiñoko Urruti baserrira, eta, harengandik banandu zenean, uko egin behar izan zion nekazaritzari.

Telleriaren bizipenek ederto islatzen dute sindikatuko emakumeen kezketako bat: baserrien jabetza eta titulartasuna. Bide beretik, Gizarte Segurantzan afiliatu ahal izateko ere borrokatu ziren. Izan ere, 1990eko hamarkadan, emakume nekazariek gaitz zuten  alta ematea, Arantza Arrienek (Gernika-Lumo, 1963) liburuan xehatu duenez. «Gizona kalean bazegoen beharrean, emakumeak, bere alta propioa eman ahal izateko, erakutsi behar zuen gizonak kalean baino gehiago irabazten zuela berak baserrian, eta hori ezinezkoa zen!». Lege batek ezarri zuen konponbidea: diru kopuru jakin bat ordainduta, posible izan zuten kotizatzea, atzerako eraginarekin.

Militatzeko hainbat bide

Kargurik izan barik ere, Bizkaiko EHNEra lotuta egon izan da Mariasun Borde (Ugao, 1954). Sindikatuak erreibindikazio ildoa izan zuen aurrena, indarra egin baitzuen esnearen prezioa duintzeko eta baserritarren eskubideak zabaltzeko, eta bestelako egiteko batzuei ekin zien geroago: formakuntzaz arduratu zen, baita elkarteak sustatzeaz ere, hala nola esne gordina batera saltzeko. Garai hura bertatik bertara bizi izan zuen Bordek. Ugao inguruko baserritar bakarrak izan dira hura eta haren senideak. «Hiritarrek gutaz duten irudia hau da: galdetzen digute ea nola jasan dezakegun nekazaritzan». Onartu du baserritarraren lana gogorra dela, baina ez zaio iruditzen beste ogibide batzuk baino nekezagoa denik. «Nire gustuko gauzak antolatu dituztenean 18:00etan edo 19:00etan, ezin izan naiz joan; baina, bestela, enpresa batean lan egin duen batek baino zorte handiagoa izan dut, beharbada».

«Beste leku guztietan legez, patriarkatuaren zigilua oso presente egon da nekazaritzan ere»

MARIBI UGARTEBURU'Erein, borrokatu, bizi' liburuaren egilea

Telleriaren antzera, Bordek ere ez zuen uste lehen sektorean lan egingo zuenik. Liburuko beste protagonista batzuek, aldiz, oinordetzan hartu zuten familiakoen ofizioa, eta gaztetatik hasi ziren lurrarekin harremana izaten. Hainbat bidetatik heldu dira, eta, batzuetan, alde ere egin dute. Gloria Dehesak (Karrantza, 1959) ogibidea utzi egin zuen, Bilbora joan zen, eta ganaduen ondora itzuli zen ostera, Karrantzara. «Orain asko egoten naiz beste emakume baserritar batzuekin», aitatu, eta liburuak eragin dion gogoetaren berri eman du aurkezpenean. «Orain hasi gara batzen eta istorioak kontatzen, adinean gora egin dugunean. Emakumeak han zeuden, etxean geratzen ziren, egindako lana ez zieten aitortzen baserria anaiaren edo senarraren izenean zegoelako...». Belaunaldi horretako baserritarrak berriki hasi dira zamak askatzen, batik bat bilobek akuilatuta, Dehesak balioetsi duenez. Hark hitzaldia amaitu duenean, beste keinu konplize bat: Helen Groome herrikideak (Northampton, Erresuma Batua, 1958) sorbaldan ipini dio eskua.

Elkartasunak ezin ditu kezka guztiak uxatu, ordea, eta, baserritarren aldarte bikaina gorabehera, temati agertu da beldur bat, hala iradokia nola esplizituki adierazia: errelebo falta eta sektorearen etorkizun goibela. Nekazaritzan aritzea «mirari» bat izatea gaitzetsi du Ladislaok, eta ertz berari heldu dio Egiluzek. «Emakume baserritarren artean beste hizkuntza bat egiten dugu, baina galtzen ari da». Baina itxaropen puntu bat ere badute haren berbek: gogoratu du baserritar hasi zenean gauza asko izan zituela kontra —administrazioaren laguntzarik eza, besteak beste—, baina Arratiako beste nekazari gazte batzuekin biltzen hasteak hauspoa eman ziola. «Beste familia bat aurkitu nuen». Uste du egungo nekazaritzan ari diren andre gazteak ere zaindu egin behar dituztela, berarekin egin zuten legez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.