Marinelen herri batean, baserritar jardun du Libe Plazak (Lekeitio, 1936). Asteon bete ditu 89 urte, baina lurra lantzen segitzen du oraindik, bere etxeko soroan eta herriko Usotegi plazako ortuan. «Erregalu» bat iruditu zaio Erein, borrokatu, bizi liburua.
Ikusi gehiago
Zelan hasi zinen baserrian?
[36ko] Gerra baino apur bat arinago jaio nintzen. Aita langileen batailoi batera eroan zuten, ama ez zen sano egoten, eta nik zeozer egin behar nuen beti: neba-arrebak zaindu, edo oiloei jaten eman... 11-12 urte nituela, ezkaratzean hasi nintzen beharrean, eta gazte-gazterik hasi nintzen plazara osterak egiten. Amantala ipintzen genuen, eta bizikletan joaten ginen, pare bat kantinarekin; plaza kilometro bat pasatxora dago. 13 urte edukitzerako, segarekin belarra ebakitzen ere ibiltzen nintzen.
13 urterekin jada nekazaria zinen?
Bai. Esne behiak ere edukitzen genituen. Izozkigile batek eroaten zigun esnea: 06:30ean etortzen zen etxera, eta hark ipintzen zuen prezioa; nahiko altua zen, plazan baino gehiago ordaintzen zigun. Eta, sobratzen bazen, esneketariari saltzen genion. Udaberrian belarrak proteina askoz gehiago dauka, eta esneketariak erreal bat gehiago pagatzen zigun litroko; harro egoten ginen. Baina uztail-abuztuan ez zen hainbeste belar egoten, eta bi erreal gutxiago pagatzen zigun. Engainatu egiten gintuzten... Eta ortuariak ere ekoizten genituen, etxerako eta plazarako: porrua, patata, babak... Plazarako ostera pozik egiten genuen.
Garai hartan, Lekeition bazegoen baserri giroa?
Bai. Eta, plazan ibiltzen ginenez, jende askorekin eduki nuen hartu-emana. Eskolan zera esaten zidaten: «Zu baserritarra zara; berba ere baserritarren moduan egiten duzu». Nik lekeitiarrez badakit, baina ez dut egiten, ez zaidalako gustatzen. Ama mendexarra zen, eta ni, amatarra: Mendexako, Ispasterreko eta Markinako berbeta daukat.
Zure belaunaldikoak Gizarte Segurantzan kotizatu ahal izateko borrokatu ziren. Zuk kotizatzea lortu zenuen?
Nik ez nuen baserriko lana kotizatzen; gizonak, bai. Baina oraindik soltera nengoela, antxoaren garaia zenean, udaberrian, antxoari burua kentzera joaten ginen fabrikara. Baserri partekoak beharginak izan gara. 25 kiloko gatz zakuak eroan behar izaten ziren bodegatik arrainen lekura. Baserriko alabok, bakoitzak zaku bana eroaten genuen; eta kalekoek, biren artean eroan behar zuten. Fabrikan kotizatzen genuen, baina asko ez. Jatetxeetan ere ibili nintzen, baina han ez genuen kotizatzen. Eta, gero, sei urte egin nituen herriko egoitzan, eta haiek bai ordaindu zigutela segurantza.
«Udaberrian belarrak proteina askoz gehiago dauka, eta esneketariak erreal bat gehiago pagatzen zigun litroko; harro egoten ginen»
Garai batzuetan, emakumeek senarraren sinadura behar izaten zuten gauza askotarako, kudeaketak egiteko... Zuretzat muga bat izan da?
Bai. Gernikara joan behar izaten genuen, eta bulegokoak beti galdetzen zidan ea gizona non zegoen. Bazekien alferrik zela, neu joaten nintzelako beti, baina gaitz egoten zen. [Bizkaiko EHNE] Sindikatuan ere hasieratik ibili nintzen: Irunera [Gipuzkoa] joan naiz, Bilbora zer esanik ez, Madrilera ere, birritan. Ezkondu eta gero, e? Gizona sekula ez zen kexatu. Zera esaten zidan: «Ahal duzuna egin».
Baserriaren eta lurren jabea izan al zara?
Aitarenak ziren, eta gero neba-arrebentzako izan dira: bost izan gara, baina besteei ez zaie lurra gustatu. Gizona ferratzailea izan zen, eta gaitzago edukitzen zuen batzarretara joatea; baina ni joaten nintzen, eta traktorearekin ere ibiltzen nintzen. Lurrak ez ditugu eduki baserriaren bueltan: han zati bat, beste herri batean beste bat... Egoitzaren terrenoak ere geuk erabiltzen genituen belarra hartzeko: jende piloa etortzen zen laguntzen; gero, gizonak simaurra eroango zion bati, edo lurra goldatuko zion besteari... Herritarren artean elkartasun handia egon da beti.
Ortua lantzen segitzen duzu. Lekeitioko azken baserritarra zara, ezta?
Bai. Orain ere etxerako generoa egiten dut; ez da asko. Kantsatzen banaiz, sofa handi bat daukat, semeak ipinita. Hark esaten dit: «Ama, orain zertarako egin behar duzu ortua?». Eta erantzuten diot: «Ba, jakiteko zer jaten duzuen». Gurean, baina, inork ez du segituko.