Baso suteen kopurua egonkor mantendu da Bizkaian

Iaz 21 sute piztu ziren, eta azken urteen batez beste 20 eta 30 sute artean piztu dira urteko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Basalan zerbitzuko beharginak baso sute bat itzaltzen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bizkaiko Foru Aldundiko Basalan zerbitzuko beharginak baso sute bat itzaltzen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko urtarrilaren 22a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz 21 baso sute izan ziren Bizkaian, aurreko urtean baino bost gehiago. «2024a ezohiko urtea izan zen, azken urteetako sute kopuru txikiena izan genuen», ohartarazi du Arantza Atutxa Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatuak. 2025eko datuak ere azken urteetako batezbestekoaren barruan daudela nabarmendu du, 20 eta 30 sute artean piztu dira eta. Gainera, beheranzko joera bat nabaritu dute. 2019an, berbarako, 36 baso sute izan ziren.

Erretako eremuari buruzko datuak ere egonkor mantendu direla esan du diputatuak. Iaz, ia 83 hektarea erre ziren. Horietatik 65 hektarea sastrakak eta larreak izan ziren; erretako arboladien eremua bost hektarea pasatxokoa izan zen. «Datu hori garrantzitsua da, baso masaren gaineko inpaktua txikia dela erakusten duelako».

Sute gehienak martxoan piztu ziren, sute arrisku handieneko sasoian. Gehienetan, piztu eta lasterrera kontrolatu zituzten, eta horri esker txikia izan zen erretako eremua. Atutxaren esanetan, Infobi proiektuaren esku hartze azkarrak eta basogintza politikek ahalbidetu dute kalteak murriztea. Infobiko beharginak urteko egun guztietan egoten dira zaintza lanak egiten. Langile horiek «eredu» direla azpimarratu du diputatuak.

Urrian Galizian izan ziren, Xuntako baso suteak itzaltzeko operazioa ezagutzeko; otsailean Bizkaira etorriko dira Galiziako teknikariak.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euro inbertituko ditu aurten baso publikoak zaintzeko, eta bost milioi euroren laguntzak banatuko ditu baso pribatuen jabeen artean, haiei ere basoak zaintzen laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.