Bizkaiko Foru Aldundiak Baso Suteak Prebenitzeko, Zaintzeko eta Itzaltzeko 2026rako Plana onartu du gaurko gobernu kontseiluan. Azken urteetan herrialdean oso sute gutxi piztu dira nahita, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak esan duenez. Oro har, baso suteak gutxitu egin dira. Karrantzan soilik izaten dira urtean bost sute baino gehiago, eta batez ere udaberria hasi aurretxoan pizten dira, abeltzainek larreak berritzeko belar erreketak egiten dituztenean. Horregatik, estreinakoz «suaren erabilera arduratsua» sustatzeko kanpaina bat abiatuko dute Bizkaiko herri guztietan, udal, ikastetxe eta herritarrentzat.
Udazkena izan ohi da baso sute arrisku handieneko sasoia, baina diputazioak urte osoan egiten du zaintza lana. Sei pertsonako hamabost zaintza talde egoten dira erne suteren bat piztuz gero itzaltzera joateko. Prest egoten dira ere zaintzako bost ekipo ibiltari, hamar basoko ponpa auto eta hamabost teknikari espezialista.
Diputatuaren esanetan, prebentzio lana izango da planaren oinarrietako bat. «Bizkaian 528 biztanle bizi dira kilometro karratuko. Horrek esan nahi du basoak eta bizitokiak oso gertu daudela. Horregatik dira horren beharrezkoak prebentzioa eta koordinazioa», nabarmendu du Atutxak. Urte osoan basoa kudeatzeko jarduerak egingo dituzte. Bizkaian, lau hektareatik hiru mendia dira, eta horietatik %75 pribatuak dira. Horregatik, diputazioak laguntzak ematen dizkie jabeei. Baso publikoetan ere egingo dute lan. Besteak beste, basoetan berrehun kilometro pista egiten eta mantentzen arituko dira diputazioko langileak.
Foru aldundiak, arrisku indizearen arabera, egunero erregulatzen du sua piztu daitekeen edo ez. Alerta laranja edo gorria dagoenean, debekatuta egongo da. Zaintza berezia egingo dute haizeak hegoaldetik jotzen duenean, orduko 25 kilometroko abiaduran edo indartsuago jotzen badu, eta beroaldietan. Gainera, baso pistetatik ibiltzea mugatzea aurreikusi dute.