Batzar Nagusietara deituko dute bihar, Oiztik

XX. Deiadar Mendien Eguna antolatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Durangoko Alpino Tabira mendi taldeak. Garaitik abiatuko dira, 09:00etan. Lehenengoz, ibilbide zirkularra izango du mendi martxak.

Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia, Solluben, 2024ko Deiadar Mendien Egunean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia, Solluben, iazko Deiadar Mendien Egunean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Durangaldera itzuliko da Deiadar Mendien Eguna: bihar egingo dute, Oizen. Durangoko Alpino Tabira mendi taldeak atondu du mendi martxaren ibilbidea, Bizkaiko Batzar Nagusiekin batera, eta, lehengoz, zirkularra izango da. Garain izango du abiapuntua eta helmuga. 09:00etan ekingo diote bideari, eta 12:00etan egingo dute ekitaldi nagusia, tontorrean, Batzar Nagusietarako deia eginez. Antolatzaileek jai txiki bat antolatu dute, handik gertu dagoen San Kristobal baselizaren inguruan: hamaiketakoa eskainiko dute, eta musikarekin dantzan egiteko aukera egongo da.

Deiadar Mendien Egunaren 20. aldia izango da biharkoa. 2004an egin zuten lehenengoa, Bizkaiko Batzar Nagusien ekimenez. Elezaharra eta historia nahasten dituen ospakizuna da. Urtero, txandaka, Bizkaiko bost deiadar mendietako batera igotzen dira: Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza, Sollube eta Oiz. Aldiro, mendia dagoen eskualdeko mendi talde bat arduratzen da ibilbidea prestatzeaz: Lemoako Ganzabal, Bilboko Gailurra, Balmaseda mendi taldea, Bermeoko Sollube 707 eta Durangoko Alpino Tabira, hurrenez hurren. Hain zuzen, domekan, ekitaldi nagusiaren ondoren, Alpino Tabirakoek Bilboko Gailurrakoei pasatuko diete lekukoa, datorren urterako Ganekogortarako mendi martxa presta dezaten.

Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterriko Museoak 2020an ikerketa bat egin zuten, jakiteko deiadar mendien tradizioak zer duten historiatik eta zer usadiotik. Jabier Barrio museoko zuzendaria eta Goio Bañales historialaria arduratu ziren dokumentuak arakatzeaz. «Egia da XIV. mendean bost adar jotzen zituztela Gernikan bertan, Batzar Nagusien hasiera iragartzeko», azaldu du Barriok. Hala jasotzen du adar hotsak aipatzen dituen lehen dokumentuak, 1321. urtekoak.

Jaun Zuria

Ordutik aurrera, zenbait idazlek hainbat mendetan jazotakoak nahastuta sortu da gaur egun omentzen duten tradizioa. Barrioren esanetan, Jaun Zuria Bizkaiko lehen jaunaren elezaharrarekin nahastu zuten ondoren: «Hura izendatzeko adarrak jo zirela esan zuen Lope Garcia Salazarrek Padurako bataila kontatzen zuen Libro de las Buenas Andanças e Fortunas delakoan. Geroago aipatuko dira adar jotzaileak mendietan, eskualdeen arteko komunikazio bide modura». XVI eta XVII. mendeetan izan zen hori, baina oraindik ez zituzten deiadar mendien izenak aipatzen.

Hirurehun urte pasatu behar izan ziren lehenengoz izendatzeko: Antonio Trueba idazle erromantikoak zerrendatu zituen, XIX. mendean, baina ez zuen loturarik egin Batzar Nagusietarako deiarekin. «Truebak aipatu zituen, baina ez zuen baieztapenik egin; izan zitezkeela baino ez zuen esan, eta ipuin eran kontatu zuen», adierazi du Barriok. Trueba erreferentea zen garai hartako Bizkaian, kronikagile ofiziala zelako. «Hark esandakoa egia bihurtu dute ondorengoek».

Enkarterriko Museoaren zuzendariak nabarmendu duenez, historia egon badago deiadar mendien oinarrian, eta adarrak Bizkaiko ikono dira, «lurraldearen defentsan zein mitologian». Horregatik, polita irizten dio tradizio hori urtero gogoratzeari. «Jai honekin gogoratzen ari gara zer izan den gure historia eta Batzar Nagusiek zer garrantzi izan duten. Egia da ez zirela mendietara igotzen, baina jai honek balio du ohitura baten bilakaera azaltzeko eta jarraipen bat emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.