Bizkaiko parlamentuaren lau egoitzak ezagutarazteko Batzarretik batzarrera programa ipini dute martxan Bizkaiko Batzar Nagusiek. Azaroaren 15ean hasita, Bilboko egoitza administratiboa eta Gernika-Lumoko, Avellanedako (Sopuerta) eta Gerediagako (Abadiño) batzar etxeak bisitatu ahal izango dituzte herritarrek. «Gure iraganari errespetuz begiratzeko gonbidapena da; gure historiara eta gure ondarera egiten dugun bidaia da, baina Bizkaiko parlamentu honen errealitate bizia ezagutzera emateko aukera ere bada», esan du Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak. Parte hartu ahal izateko Enkarterriko Museoaren webgunean eman behar da izena.
Doako bisita gidatuei esker, herritarrek sakonago ezagutuko dituzte Batzar Nagusien historia eta garapena, baita eraikin berezi horien ondare eta arkitektura arloko altxorrak ere. Batzar Nagusietako beharginak arduratuko dira azalpenak emateaz. Enkarterriko Museoko zuzendari Javier Barriok esan duenez, bizkaitar askorentzat erakunde ezezaguna dira Batzar Nagusiak, eta bisita horien bidez hori aldatu gura dute. «Batzuek foru aldundiaren egitekoa ere ez dute oso ondo ezagutzen», azpimarratu du. Nabarmendu du Batzar Nagusiak «Bizkaiko erabaki garrantzitsuenen lekuko» izan direla mendez mende.
Lau egoitzak artelan garrantzitsuen biltegi ere badira, nolabait esateko. Bilboko egoitza administratiboan, esaterako, Bizkaiko eta Euskal Herriko hainbat artista garrantzitsuren lanak daude: Jorge Oteiza, Agustin Ibarrola, Dario Urzai, Dora Salazar, Ismael Fidalgo, Mari Puri Herrero, Iñaki de la Fuente, Jesus Mari Lazkano, Daniel Tamayo eta Txus Melendez. Historia aldetik garrantzi txikiena duen egoitza den arren, bisitariak gehien harritzen dituenetakoa da, Barrioren esanetan, ez dutelako espero artelan horiek guztiak han topatzea.
Batzarretik batzarrera: euskarazko bisitak
- Bilboko egoitza administratiboa. Azaroaren 15ean, 11:00etan eta 13:00etan.Â
- Gerediagako batzar etxea. Azaroaren 21ean, 10:30ean irtengo da autobusa Bilboko egoitzatik.Â
- Gernika-Lumoko batzar etxea. Azaroaren 29an, 12:00etan.
- Avellanedako batzar etxea. Abenduaren 14an, 11:00etan.
Garai batean Bilboko Excelsior hotela izandakoa atondu zuten Batzar Nagusiek egoitza administratibo bihurtzeko. Han egiten dute eguneroko lana batzarkideek, eta han egiten dira batzordeen bilkurak ere. Erakusketa areto bat eta hitzaldietarako beste bat ere baditu. Osoko bilkuretara baino ez dira joaten Gernika-Lumora, Avellanedara edo Gerediagara.

Gernikako arbola eta Antiguako Amaren zin ermita dira batzar etxearen jatorria. Gaur egun, XIX. mendeko eraikin neoklasiko bat da. Eraikinaren arkitektura miresteaz gain, Batzar nagusien jatorria eta egungo funtzionamendua ezagutzeko aukera ere izango dute bisitariek. Hainbat artelan ere ikusiko dituzte. Bereziki azpimarratzekoa da Francisco Mendietaren Eskumuinak margolan ospetsua. Bilkura aretoan dago eskegita, eta Europako andreen lehenengo erretratu kolektiboa ei da. Bilkura aretoan daude, baita ere, Bizkaiko hainbat jaunen erretratuak.
Ohiko osoko bilkurak Gernikan egiten diren arren, urtean bitan handik kanpo biltzen dira batzarkideak. Gerediagara joaten dira urrian egin ohi den osoko bilkuretako batean. Durangoko Merindadearen batzarrak egiten ziren Gerediagako San Salbador eta San Klemente zin ermitan. Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzetako bat denetik, funtzio erlijiosoa galdu du, baina oraindik ere nabaria da gurtza lekua izan dela. Ermitaren aurreko aldean biltzen ziren Durangaldeko herrien ordezkariak batzarrerako. Horretarako, biribilean atondutako hamabi harri daude: Durangoko Merindadeko hamabi elizateetako ordezkarien jesarlekuak.

Avellanedara ere joaten dira, udako oporren aurreko osoko bilkurarako. Enkarterriko Merindadeko parlamentua izan zen. Hainbat eraikin historikok osatzen dute multzoa: batzar etxea, korrejidorearen etxea, batzarkideen ostatua eta Aingeru Jagolearen ermita. Gaur egun, Enkarterriko Foru Zaharrean jasota dagoen legez, 1344tik biltzen ziren han merindadeko herrien ordezkariak. Gaur egun Enkarterriko Museoa dago han.