Bederatzi mende 125 urteko eraikin batean

Bizkaiaren historia osoa islatzen da Bilbon dagoen foru jauregian: XII. mendetik gaur egunera arteko erreferentziak ageri dira hango dekorazioan eta irudietan. 1900. urtean zabaldu zuten eraikina.

Bizkaiko foru jauregia, Bilbon, joan den ostiralean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaiko foru jauregia, Bilbon, joan den ostiralean. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Izan daiteke oparo hornituriko sabai garaia, edo harri zuriz moldatutako zutabe dotorea, edo eskailera luzeak estaltzen dituen alfonbra gorri bizia, edo ataria apaintzen duten koadro abstraktuetako bat. Edo izan daiteke beste edozein detaile. Badirudi-eta taldea osatzen duten hamabost bisitarietako bakoitzak bere ertz kutuna topatu duela Bizkaiko foru jauregian, bakoitzak norabide batean bihurritua baitu lepoa. Olaia Cancelo gidaria berbetan hasi den arte ez dute guztien begiradek puntu berean bat egin. Hark esplikatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza Bilboko Plaza Barrian zegoela hasieran, egun Euskaltzaindiarena dagoen eraikinean, baina XIX. mendearen bukaerako industrializazioak aukera eman zuela egoitza deigarriago bat taxutzeko hiriko zabalgunean, eremu modernoan: jauregi bat, hain justu. 1900eko uztailaren 31n inauguratu zuten, eta urteurren borobila beteko du aurten: 125.a.

Bizialdi hori islatzen du eraikinak, eta, horregatik, ohartarazpena egin du Cancelok eskailera zabaletan gora abiatu aurretik: debekatuta dago aulkietan jesartzea edo mahaietan bermatzea, jatorrizkoak baitira altzarietako asko. Nabaria da denboraren joana tapiz maiztuetan, areto batzuetako hormetako oihalen orbanetan, dekorazio distiratsuegian; eta are erreferentzia zaharragoak topa daitezke artelanetan eta han-hemen agertzen diren armarrietan. Izan ere, Bizkaiaren historia osoa laburbiltzen du foru jauregiak, XII. mendetik XXI.era arte. 125. urteurrenaren harira, bisita gidatuak antolatu dituzte, gutxienez, urte bukaerara bitartean.

datuak

5

Zenbat lehoi gorri zituen Bizkaiko jatorrizko armarriak. Bizkaiko nobleen garrantzia azpimarratzen zuen lurraldeko aurreneko armarriak: Gernikako arbolaren enborrean, Lopez de Haro familia irudikatzen zuten bi otso ageri ziren —Lopez abizena lupus berbatik dator: otsoa latinez—, eta, inguruan, bost lehoi gorri zituzten, garai hartako Bizkaiko gobernua osatzen zuten familien ordezkari. 1986an, armarria aldatu zen: ikur berriak ez du ez otsorik, ez lehoirik, baizik eta San Andresen zortzi gurutze gorri.

43

Zenbat metro garai den Bizkaiko foru jauregia. Eraikin handia da Bizkaiko foru jauregia: 43 metro ditu. Hiru solairu nagusi dauzka, baina bakoitzak altuera bikoitza du; beraz, jauregiak sei solairu ditu, orotara. Kupulak 30 metroko diametroa du, eta handik tona erdi bateko lanpara bat dago dingilizka; 120 bonbilla ditu.

Sinboloetan oinarritutako bidaia historiko bat da, nolabait. Eta atea zeharkatu eta berehala ematen du eraikinak jasotzen duen horren berri. Eskaileren ondoko zutabeetan, bi estatua mardul bermatzen dira: bata, itsasgizona, Bizkaian indar handia izan duen sektore baten ordezkaria; bestea, olagizona, industrializazioaren ikurra. Eta, segidan, goiko solairura ailegatu eta berehala agertzen den beirate erraldoiak xehetasun gehiago ematen ditu. Gernikako arbola nabarmentzen da, ezinbestean. «Jatorrian, XII. mendean, lauzpabost noble aberatsenek eta boteretsuenek osatzen zuten Bizkaiko gobernua, eta haritzaren azpian biltzen ziren, eguzkitik eta euritik babesteko», azaldu du Cancelok. Batzar nagusien eraikina ondu zuten mende batzuk geroago, eta hura ere agertzen da beiratean, bizkaitarrak ordezkatzen dituen jende saldo bat aurrean duela: ez dira nobleak, baizik eta askotariko ofizioetako beharginak, eta oles egiten ari dira beiratearen erdi-erdian ageri den emakume dotoreari; Bizkaia da, haritzaren hosto bat eskuan duela.

«Aldundiaren historia zeharkatuko dugu, aretoz areto», iragarri du gidariak. «Areto batetik bestera igarotzean, erabat aldatuko da estiloa, dekorazioa, garaia».

(ID_15136906) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-07-11, Bilbo. Foru Jauregiaren historia errepasatzen duen bisita
Foru jauregiaren lehenengo solairua. Hondoan, beiratea. ARITZ LOIOLA / FOKU

1

Harrera aretoa

XIV. eta XV. mendeen kutsua du foru jauregiaren harrera aretoak. Jose Etxenagusiaren (Hondarribia, Gipuzkoa, 1844-Erroma, 1912) bi freskok ezartzen dute kronologia. Oinaztar eta ganboar bandoen baketzea irudikatzen du eskuinekoak. Leinu horiek gerran izan ziren XII. eta XV. mendeen artean, eta 1394an egin zuten adiskidetzeko lehen ahalegina, Abadiñon, Gaztelako erregearen korrejidore Gonzalo Mororen aurrean —une hori islatzen du Etxenagusiaren obrak—; beharrezkoa izan zen beste baketze bat ere, ehun urte beranduago.

Ezkerreko artelanak 1476ko eszena bat erakusten du, eta aurreko obrak baino kolore nabarmen ilunagoak ditu: Fernando Katolikoa Gaztelako erregea belauniko dago Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, bertoko gotzainaren aurrean. Foruen zina egiten ari da. «XII. mendetik aurrera, Bizkaiak bere lege propioak izan zituen, foruak, baita bere botere propioa ere: Bizkaiko Jauna», xehatu du gidariak. 1379an, ordea, Gaztelako koroak bereganatu zuen titulua, ezkontza bidez. Bizkaitarrek ezarri zuten lurraldeko jauna izango zenak foruen zina egin beharko zuela derrigorrez, Gernikan.

2

Tronuaren aretoa

Ez da nolanahiko obra bat, eta ez dago ausaz kokatua. Harrera aretoaren aldamenean dago tronuaren gela, eta aulki horretan esertzen denak aurrez aurre edukiko du Fernando belaunikatuaren irudia. «Edozein erregeri esaten ari gatzaizkio foruen zina egin duelako jesar daitekeela hor», azpimarratu du Cancelok. «Modu bat da erregeari gogorarazteko ez garela inoiz Gaztelaren jabetza izan, eta, elkarrekin ondo moldatzeko, koroak tratu bat egin behar izan duela beti».

(ID_15136932) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-07-11, Bilbo. Foru Jauregiaren historia errepasatzen duen bisita
Tronuaren aretoa. Jauregiaren arkitektoa, Luis Aladren, Frantziako Versailles jauregian inspiratu zen hura diseinatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU

3

Batzar aretoa

Distantzia horren beste adibide bat dago batzar aretoan. 1554ko koadro bat da, merkatari baten eta haurdun dagoen andre baten arteko ezkontza irudikatzen duena. Bizkaiko foruak eta Gaztelako legeak «erabat desberdinak» zirela berretsi du gidariak: Gaztelan debekatuta zegoen haurdun zegoen emakume batekin ezkontzea, baina Bizkaian posible zen, senarrak hala erabakiz gero. Beste xehetasun historiko batzuk ere ematen ditu artelanak: ezkontideak lehen planoan ageri dira, eta, atzean, makina bat emakume daude, adar formako burukoa jarrita. «XIII. mendetik XVII.era, ezkonduta zeuden andre bizkaitarren jantzirik ohikoena izan zen burukoa. Herri bakoitzak diseinu propioa zuen».

Batzar aretoa jada ez da erabiltzen. Gaur egun, Gernikan biltzen dira Bizkaiko 51 batzarkideak, hilean behin. Hala ere, osoko bilkura bat hartzeko atondu dutela dirudi, presidentearen mahaira begira txukun ipinita baitaude hogei mahai eta aulki inguru —beste areto batzuetako altzariak baino ilunagoak dira, larruz estaliak—, eta ematen baitu balkoietan zain daudela han egon ohi ziren kazetariak, argazkilariak eta gobernuaren lagunak, errezelak noiz zabalduko.

(ID_15136907) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-07-11, Bilbo. Foru Jauregiaren historia errepasatzen duen bisita
Batzar aretoa. Antzina, gela horretan biltzen zen Bizkaiko gobernua. ARITZ LOIOLA / FOKU

4

Ahaldun nagusiaren bulegoa

Batzar aretoa legez, aspaldi utzi zioten Bizkaiko ahaldun nagusiaren bulegoa erabiltzeari. Gorengo solairuan egiten du behar hark, baita aldundiko beste langile batzuek ere, egokitutako geletan. Orain, opariak gordetzeko erabiltzen dute bulegoa. «Oparirik garrantzitsuena ez da Athleticen kamiseta», esan du Cancelok, txantxetan, eta atondoan kokatutako mahai bati eskaini dio arreta osoa. Zehazki, Sevresko hiru murko handi daude gainean, kobalto urdinez pintatuak eta urrezko detaileekin; bakoitzak Frantziako familia inperialaren kide baten erretratua dauka: hurrenez hurren, Napoleon III.arena, Luis Napoleon semearena eta Eugenia de Montijorena.

(ID_15136900) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-07-11, Bilbo. Foru Jauregiaren historia errepasatzen duen bisita
Olaia Cancelo bisitako gidaria, Eugenia de Montijok oparitutako murkoak erakusten. ARITZ LOIOLA / FOKU 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.