Eraikin bat aterpea baino gehiago da: ikur bat ere izan daiteke, esate baterako. Hori dela-eta izan zen hain malkartsua Bizkaiko gobernuari egoitza egoki bat topatzeko bidea. Bernardo Garcia de la Torre arkitektoak azaldu duenez, aurreneko asmoa ez zen izan jauregi bat eraikitzea, ezta hura Bilboko Kale Nagusian kokatzea ere.
Ikusi gehiago
XIX. mendearen bukaeran, Alberto Palacio arkitektoak erabilera anitzeko eraikin baten proiektua egin zuen, Bilboko Arriaga antzokiaren ondoan eraikitzeko, itsasadarraren ertzean: merkataritza galeria bat hartuko zuen, baita aldundiaren etxea ere, besteak beste. Baina alboratu egin zuten ideia. Eta baztertu egin zuten, orobat, egoitza Bilboko Albia lorategietan kokatzeko asmoa. Kale Nagusiaren alde egin zuten, eta lehiaketa bidez saiatu ziren proiekturik doiena aurkitzen. Bide horrek ere, ordea, porrot egin zuen: 21 lan aurkeztu ziren deialdira, baina bakar batek ere zuen bete aldundiaren nahia. «Eraikin oso monumental bat nahi zuten, indar bolumetriko handia edukiko zuena, Bizkaiak garai hartan zuen goraldi ekonomikoa nabarmentzeko», Garcia de la Torreren berbetan. Azkenik, Luis Aladren arkitektoari enkargatu zioten beharra.
«Eraikin oso monumental bat nahi zuten, indar bolumetriko handia edukiko zuena, Bizkaiak garai hartan zuen goraldi ekonomikoa nabarmentzeko»
BERNARDO GARCIA DE LA TORREArkitektoa
Foru jauregiaren estiloaz mintzatzeko orduan, kontzeptu bat nabarmendu ohi da beti: eklektizismoa. XIX. mendearen bukaeran hasi ziren kontzeptu hori arkitekturan aplikatzen, Garcia de la Torrek zehaztu duenez, eta hitzak berak ematen du definizioa: estilo jakinik gabeko eraikinei egiten die erreferentzia. «Arkitektoak, estilo bakoitzetik gehien gustatzen zaiona hartu, eta zati horiek fusionatu egiten ditu proiektuan». Foru jauregiari dagokionez, agerikoa da irizpide hori, fatxadako harri landuak bolumen handia ematen baitio eraikinari. «Harriak ez daude bata bestearen gainean ipinita soilik; erlaitzak daude, irtenguneak...», azpimarratu du Garcia de la Torrek. «Plaza Barriko eraikinaren neoklasizismoarekin konparatuta —fatxadak ordenatuagoak dira, eta bolumetria apalagokoak—, foru jauregia oparoago apainduta dago, gehiago jotzen du neobarrokora».
Gainera, harri moten konbinazioak, haien askotariko tonu eta testurek xehetasun gehiago txertatzen dizkiote egiturari. Eta portikoan ere azpimarra egin du arkitektoak: goiko balkoiak tribuna modura balio zuen; diskurtsoak egiteko, adibidez, eta desfile militarrak ikusteko.
Mugarri bat
1900etik, foru jauregia inauguratu zen urte hartatik, zeharo aldatu da Bilboko Kale Nagusia. Eraikinak gehituz joan dira harrezkeroztik, eta nabarmen beteago dago orain. Hala ere, kale zabal eta jendez betetako horretan, jauregia da oraindik arreta handiena ematen duen elementua. XX. mendearen hasieran, inpresioa indartsuagoa zen. Izan ere, Bilboko zabalgunearen proiektua 1879an onartu zuten arren, garapena uste baino motelagoa izan zen, eta Kale Nagusiaren zati txiki bat baino ez zegoen eraikia foru jauregia bukatu zutenerako. Etxebizitzak zeuden, batez ere, eta ugaritzen hasiak ziren finantza entitateen egoitzak. «Ordura arte, ez zen foru jauregiaren pareko ezer eraikia», berretsi du Garcia de la Torrek.

Mugarri bat izan zen, beraz, Garcia de la Torreren berbei erreparatuta. Eta xehetasunek ere egiten dute berezi. Beiratea nabarmendu du arkitektoak. Jatorrian, arkitektura erlijiosoan erabiltzen zuten elementu hori. Bilbon badaude adibideak: Done Jakue katedralak (XIV. mendea) beirateak ditu, baita San Antongo elizak ere (XVI. mendea), baina tarte batez erabiltzeari utzi zioten, harik eta XIX. mendearen bukaeran berreskuratu zituzten arte, hala eraikin erlijiosoetarako, nola zibiletarako. Foru jauregiak hainbat beirate ditu, baina, zehazki, eskailera nagusia igo eta berehala agertzen dena aitatu du Garcia de la Torrek: Kataluniako Rigalt tailerretan ondu zuten, Anselmo de Guinea pintore bilbotarraren diseinuan oinarrituta. «Bilboko arkitektura zibilean dauzkagun beirateen artean inportanteenetakoa da», arkitektoaren irudiko.