Herriko jaiak hurbiltzen ari dira, eta, urtero bezala, kuadrillako kamiseta berria atera nahi genuen. Normalean kolorea eta betiko irudien kokapena aldatu besterik ez dugu egiten, baina, aurten, aldaketa gehiago egon dira. Orain hamar urte gutako batek mimo handiz eginiko logoa dotoreagoa den beste batekin ordezkatuko dugu. Beraz, elkar gurutzatzen duten bi zerbeza botilaz osatutako irudia, Diegok eginikoa, zaharkituta dagoela iritzi, eta Diegok berak modernizatu du logoa; Diego-GPT, hain zuzen ere. Kuadrillaren izena txertatu dio logoaren ertzari eta zerbezen etiketan gure txokoaren silueta bat ageri da. Ikaragarri geratu da.
Hasieran ondo iruditu zaidan arren, zer pentsatua ere eman dit, erosoa eta azkarra den orok ez baitu zertan ona izan. Adimen artifizialaren sorrera eta garapena bizitzen ari garen honetan, pentsatzen jarri naiz nolakoa izan daitekeen etorkizuna norabide berean jarraitzen badugu, eta norabide alternatiborik existitzen den datozen urteetarako.
Imajinatzen nabil amaituko direla ordu batzuez burua astintzen egonda eskuz eginiko iritzi artikuluak, poesiak, bertsoak, kantuen letrak eta abarrak. Izan ere, teknologia berri honen bitartez klik batzuk ematea nahikoa izango da aipaturiko horiek guztiak zehaztasun eta perfekzio handiagoarekin egiteko. Eta bilatzen genuena aurkitu ezean, beste bi klik eginda, berriz ere zerotik berregituratuko digu, guk erlojuari begiratu eta zer ordu den jakiteko. Seguruenik, esaten badiogu zertarako den eskaturiko lana, ikertuta izango du entzule/irakurleen gehiengoaren atentzioa mantentzeko ukitu beharreko puntuak zein diren.
Iruditzen zait egungo gizartearen abiaduran murgiltzen garenean dena nahi dugula eroso, eskura eta unean bertan, eta horrek badu arriskurik ere
Eta argi dago ezin dela alderatu pertsona batek egindakoa eta Chat-GPT delakoak sortutako edukia; erreferentzien, zehaztasunen eta abiaduraren aldetik, batez ere. Aitzitik, inondik inora ere ez nuke esango idatziak edota abesti batentzako letrak sortzen eman ditudan ordu guztiak zaborrontzira bota ditudanik edo ezertarako balio izan ez didatenik. Funtsean, buruari eragiten emandako uneak direlako, barruak dioena edo esan nahiko lukeena adierazteko moduen bila emandako momentuak direlako. Ez dakit zentzurik duen, baina atzera eginez gero, egungo teknologia izanda ere, ez nuke ezer aldatuko.
Iruditzen zait egungo gizartearen abiaduran murgiltzen garenean dena nahi dugula eroso, eskura eta unean bertan, eta horrek badu arriskurik ere, nire aburuz. Batik bat, prozesu guztien sorkuntzak inplizituki dakarren bidea galtzen dugulako, eta horko ikasketa txiki guztiak galtzen ditugulako. Bide horrek, sarritan esfortzua exijituagatik, gure irudimena eta eraikitzeko ahalmena kitzikatzen ditu. Nik, behintzat, beldur horiek ditut adimen artifizialaren gainjartzeaz mintzatzen garenean.
Suposatzen dut gaur berritzailea eta inpaktantea dena bihar guztiz normalizatuta izango dugula, beti gertatu ohi den bezala. Nik, ordea, jarraitu nahiko nuke ordu batzuk zaborrontzira botatzen eta argi daukat aurten ere aurreko urteetako kamisetak jantziko ditudala harrotasun osoz, kolorea galtzen hasiak badira ere.