Ia sei mendetako historian oso gutxitan geratu dira Durangon Aste Santuko prozesioak egin barik. Azkenekoz 2020an izan zen, COVID-19ak eragindako izurriagatik. 1937an ere egin zituzten, gerra hasita zegoen arren, urte hartako Aste Santua martxoaren 31ko bonbardaketaren aurretik ospatu baitzen. Aurtengoa gehitu beharko dute salbuespenen zerrenda horretara: pasoak eroateko jende falta dutela eta, bertan behera uztea erabaki du Egiazko Gurutzearen Kofradiak. 1435etik dute ekitaldi hauek antolatzeko ardura, eta paso guztiak ez ateratzekotan gurago izan dute prozesiorik ez egin. «Baina datorren urtean egingo dira; berpiztuko den esperantza hori dut», esan du Victoriano Perez kofradiako kideak.Â
Iaz arte, logistikaz arduratzen zen. Beste zeregin batzuen artean, pasoak eroateko jendea lotzen zuen. Osasunez makal dabil, eta zeregin horiek uzteko erabakia hartu du. «Zuzendaritzan geratu direnei berandu egin zaie behar diren beste paso eroaleak topatzeko», azaldu du. Aitortu du berari ere «gero eta zailagoa» egiten zitzaiola. «Arrazoi nagusia da azken urteetan jendea oporretan joaten dela egun hauetan. Lehen ez zen horrela izaten. Esaten dizute baietz, prest daudela pasoak eroateko, baina azken orduan esaten dizute oporretan joango direla».Â
Azken hamarkadan etorkinen aldetik izan duten babesa ere nabarmendu du: «Senegaldar askok laguntzen digute, eta, batez ere, Hego Ameriketatik herrira etorri direnek. Haiengatik ez balitz, zailtasun handiak izango genituzke». Iruditzen zaio «betiko durangarren artean baino sendoago» dagoela fedea migratzaileen artean.
Perez penatuta dago, eta uste du «durangar gehienak» ere hala daudela. «Oso estimatuak dira prozesioak Durangon. Guretzat hunkigarria izaten da ikustea pasatzen garen kaleak jendez beteta daudela eta, batez ere, Bariku Santuko prozesioan, Kristoren hilotza Andra Mari elizara sartzen dugunean eta elizpean paso guztiak elkartzen direnean, han biltzen den jendetza». Durangaldeko herrietatik eta Lea-Artibaitik ere joaten dira, kontatu duenez.Â
«Esaten dizute baietz, prest daudela pasoak eroateko, baina azken orduan esaten dizute oporretan joango direla»
VICTORIANO PEREZÂ Durangoko Egiazko Gurutzearen Kofradiako kidea
Mireia Elkoroiribe alkatearen ustez, «berri txarra» da aurten prozesiorik ez egitea. Adierazi duenez, udalak «berandu» jakin du kofradiak izan dituen zailtasunen berri, baina konpromisoa hartu du datorren urterako «behar duten laguntza» emateko: «Gure asmoa da behar duen bultzada ematea, eta gure herrian hain garrantzitsua den tradizioari eustea». Hala ere, ohartarazi du prozesioak egingo ez diren arren Juan de Itziar kultur elkarteak antolatzen duen Durangoko Pasioa ohi bezala antzeztuko dela. Horretarako ez dute boluntario faltarik. Bart izan zen lehen emanaldia, gaur bigarrena izango da, eta bihar hirugarrena. Durangora garraio publikoan joateko deia egin du Elkoroiribek, eta nabarmendu du aurten udalak Bilbotik Durangorako autobus bat ipini duela beren-beregi.Â
Perezek Durangorako espero duen berpizkundea beste herri batzuetara ailegatu da. Bilbon, haziz doa kofradietako kideen kopurua. Hiriko Kofradien Anaidiaren arabera, igarri dute pandemia ostetik interesak gora egin duela gazteen artean. Bermeoko prozesioek eta Arkotxako (Zaratamoko) nekaldi antzeztuak ere makalaldia izan zuten duela urte batzuk, baina, etenaldiaren ondoren, lortu zuten tradizioa suspertzea.Â
Galdutakoa, bueltan
Urduñan, oraingoz, ez dute zailtasunik izan. Emilio Perez Urduñako Kristo Santuaren Eskolako fede arduradun eta herriko parrokoaren esanetan, belaunaldi berriak bermatuta dauzkate: «Badakigu gazte guztiek ez dutela horrelako kontuetarako joerarik, baina Urduñan bermatuak ditugu nagusien lekukoa hartuko duten gazteak; urtero 17 eta 20 urte bitarteko jende berria etortzen zaigu». Durangon ez bezala, Urduñan ez dute arazorik urteren batean pasoren bat ez ateratzeko. «Handienean hemeretzi paso izaten dira. Pasoak eroateko jendea falta dugulako hamazortzi bakarrik atera behar direla? Prozesio ederra da, hala ere», esan du Perezek.

Urte berezia da 2026a Urduñako Kristoren Eskolakoentzat. Maiatzean 350 urte beteko dira erakundea sortu zenetik. Hiriko prozesioak zaharragoak dira. Lehen aipamen idatzia 1521ekoa da. Baina, Perezek kontatu duenez, Kristoren Eskola sortu eta hogei bat urtera prozesioak antolatzeko ardura hartu zuen, eta ordutik zeregin horretan ibili dira. Gaur egun, 423 kidek osatzen dute. «Den-denak ez dira urte osoko lan jarraituan ibiltzen, eta gainera baditugu Kristoren Eskolako kide ez diren boluntarioak ere».Â
Urteurrena ospatzeko, aspaldi galdutako ohitura bi berreskuratu dituzte Urduñan. Joan den barikuan, Doloretako Amaren prozesioa egin zuten. 50 urte dira azkenekoz Ama Birjinaren irudia atera zutenetik. Pedro Fernandez Agirrek propio sortutako martxak jo zituen musika bandak. «Jende mordoa etorri zen ikustera», gogoratu du abadeak. Bihar, duela 75 urte galdutako usadio bat berrituko dute: gurutzean dagoen Kristoren irudiari iltzeak kenduko dizkiote. Pozik hartu ditu nobedadeak Iker Santocildes alkateak. Iruditzen zaio Aste Santua Urduñaren «memoria bizia» dela. «Halako tradizio batek 350 urte iraun baditu, gobernatzen dugunon betebeharra da hura babestu eta laguntzea».Â