Ospe handiko hainbat txirrindularik lagunduta agertu dira gaur Durangaldeko alkate eta alkategai jeltzaleak Berrizko Marino Lejarreta belodromoan. Gogoratu dute azpiegitura estaltzeko dirua erreserbatuta dagoela Durangaldeko Mankomunitatean, eta diputazioaren babes ekonomikoa ere baduela obrak. Horregatik, «ulergaitza» egiten zaie azken hiru urteetan ezer egin ez izana. Proiektuari berriz heltzeko eskatu diote mankomunitateari, eta hori lortzeko eskualdeko «azpiegitura estrategiko» izendatzeko eskatzen duen mozio bat aurkeztuko dute gaur arratsaldeko bilkuran. Plataforma independenteetako ordezkari bien babesari esker, EH Bilduk du gehiengoa osoko bilkuran, jeltzaleek adina ordezkari dituen arren —hamalau—.
Duela pare bat aste, berriz piztu zen belodromoari buruzko auzia, erabiltzaile talde batek proiektuaren etorkizunaren inguruko kezka agertu zuenean. Jeltzaleek bezala, berriz heltzeko eskatzen zuten, susmoa zutelako egungo arduradunek proiektua baztertzeko asmoa dutela. Joan den astean, mankomunitateak jakinarazi zuen asmoa zuela diputazioari eskatzeko proiektuaren lidergoa har zezala. Gaur zortzi elkartu ziren bi erakundeak, eta diputazioak esan zien aurrez hartutako konpromisoa betetzeko prest daudela; hau da, belodromoa estaltzeko lanak diruz laguntzeko, aurretik adostutako kopuruan —1,5 milioi euro—.
Gaurko agerraldian jeltzaleek esan dutenez, 2022ko irailean mankomunitateak beste 1,5 milioi euro jarri zituen erakundeak zituen gerakinetatik proiektua bultzatzeko. Orduan, 2023ko udal eta foru hauteskundeetara arte, EAJk zuen gehiengoa mankomunitatean. Era berean, gogorarazi dute proiektua mankomunitatearen 2021-2024ko Plan Estrategikoan eta 2022-2025eko Inbertsio Planean jasota dagoela. «Kezkagarria» iruditzen zaie lehen fasea oraindik hasi gabe egotea, haien ustez «arriskuan» jartzen duelako Bizkaiko Foru Aldundiak emandako diru laguntza. «Azterketa eta iragarki gehiagorik behar ez duen proiektu baten aurrean gaude. Plangintza, baliabide ekonomikoak eta erakundeen laguntza zituen. Hiru urte hauetan zera falta izan da, borondate politikoa eta kudeatzeko gaitasuna», adierazi dute goizeko agerraldian.
Hautetsiekin batera, belodromoari izena ematen dion Marino Lejarreta, Iban Mayo, Igor Anton, Ismael Lejarreta, Julian Gorospe, Ruben Gorospe, Ziortza Isasi, Alberto Leanizbarrutia eta Pedro Horrillo txirrindulari ohiak agertu dira. Kezka agertu dute azpiegituraren egoerak «okerrera» egiten duelako. Berrizko belodromoaren erabiltzaile eta dinamizatzaile nagusietako bat Durangaldeko Belodromoa Txirrindulari Kluba da. Erakundeko presidente Raul Menak adierazi du txirrindulariak «frustratuta» daudela. Salatu duenez, estaltzeko obrak geldi egotea aski ez, eta mankomunitateak mantentze lanik ere ez du egiten, eta horrek «egoera kritikoan» utzi du azpiegitura. «Gaur egungo baldintzetan, belodromoak ezin du funtzionatu. Plan argi eta azkar bat ez badago, litekeena da negu honetan jarduera eten behar izatea».