Berrizko belodromoa estaltzeko proiektua bultzatu dezala eskatu diote Durangaldeko Mankomunitateari

Erabiltzaileek salatu dutenez, azpiegitura berritzeko proiektua etenda dago azken hiru urteetan, eta mankomunitateak mantentze lanak ere ez ditu egiten. Ondorioz, lehiaketak egiteari utzi diote, eta neguan eguraldiak baldintzatzen dizkie entrenamenduak.

Berrizko Marino Lejarreta belodromoa, artxiboko irudi batean. ANBOTO
Berrizko Marino Lejarreta belodromoa, artxiboko irudi batean. ANBOTO
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko ekainaren 8a
17:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txirrindulariak pistan bezala dabil azken urteetan Berrizko Marino Lejarreta belodromoaren proiektua: bueltaka, helmugara ailegatu ezinik. Baina txirrindulariek haren etorkizuna argitzea gura dute: agiri bat plazaratu dute azpiegituraren jabea eta kudeatzailea den erakundeari, hau da, Durangaldeko Mankomunitateari belodromoak zer garrantzi duen gogoratzeko eta proiektuarekin aurrera egin dezala eskatzeko.

Erakundeak asmo handiak agertu zituen duela urte batzuk: pistako, errepideko, mendiko eta ziklo-kroseko txirrindularitza batuko zituen errendimendu handiko zentro bat sortu gura zuten han. Lehen pausoa pista estaltzea izango zen, eta 2023an adjudikatu zioten enpresa bati horretarako proiektua idazteko lana. Baina, azken udal hauteskundeen ondoren, mankomunitateko gobernua ere aldatu zen, eta asmoak apaldu ziren —EAJk zuen agintea lehen, eta EH Bilduren esku dago orain—. Erabiltzaileak zain daude oraindik. «Ikusten dugu ez dutela ezer egiten, inork ez du erantzunik ematen. Esan digute asteon bilkura bat egingo dutela erabaki bat hartzeko, eta badirudi proiektua bertan behera geratuko dela», kontatu du Iñaki Etxezarragak.

Etxezarragaren esanetan, Berrizko belodromoa «ezinbesteko» azpiegitura da Bizkaiko pistako txirrindularitzako egutegirako, bai entrenatzeko bai lehiaketak egiteko. Etxezarragak nabarmendu duenez, azken urteetan ia ez da mantentze lanik egin, proiektuan ere ez da pausorik eman, eta horrek ondorioak izan ditu: «Gaur egun, egoera oso txarra da. Beraz, ez da lehiaketarik egiten, eta gazteak Anoetako belodromoraino [Donostiara] joaten dira entrenatzera neguan».

Berrizko Udala duela urte gutxi itzuli zen mankomunitatera, baina Berrizko belodromoa «betidanik» izan da mankomunitatearena. Etxezarragaren arabera, udalak inbertsio handia egin du Berrizburuko kirolgunean, eta hala ari da oraindik ere. Baina, azken hiru urteetan, mankomunitateak ez du dagokion ardura betetzen belodromoaren auzian. «Han entrenatzen diren gazteen gurasoek egiten dituzte garbiketa lanak. Zuhaitz piloa dago inguruan, hostoak erotzen dira, eta halakoak kendu barik ezin daiteke entrenatu». Azkenean, eguraldiak baldintzatzen du kirol azpiegitura erabiltzeko aukera.

«Eskualde osoarentzat»

Azpimarratu dutenez, belodromo estalia jarduera askotarako erabili ahal izango litzateke. Ez litzateke soilik txirrindularientzat izango. Kirol, kultura eta gizarte arloko hainbat ekitaldi egin ahalko lirateke han, agiria babestu duten erabiltzaileen esanetan. «Balio handiko azpiegitura bihurtuko litzateke eskualde osoarentzat».

Asko dira belodromoa erabiltzen dutenak, Etxezarragak kontatu duenez. Durangaldeko eskolaren bat edo beste joan izan da gorputz heziketako orduetan. Durangoko Txirrindulari Elkarteak —Duranguesa delakoak— eta eskualdeko herrietako eskolak batzen dituen Durangaldeko Txirrindularitza Eskolak ere erabiltzen dute. Eustrak-Euskadi taldekoak han entrenatzen dira, eta tarteka selekzioa ere joaten da. «Durangaldetik bakarrik ez, Bizkaiko beste leku batzuetatik ere etortzen dira». Pista estalia izanez gero, horiek guztiek modua izango lukete belodromoa urte osoan erabili ahal izateko. «Instalazio egoki bat behar dute segurtasun osoz jarduteko, eguraldiaren menpe egon gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE