Berrizko Marino Lejarreta belodromoko erabiltzaileek bazuten errezelo txarra, Durangaldeko Mankomunitateak hiru urte zeramatzalako azpiegitura estaltzeko pausorik eman barik. Proiektuari bultzada emateko eskatu diote azken egunetan, bazekitelako atzo biltzekoak zirela erabakiren bat hartzeko. Mankomunitateko eta diputazioko ordezkariak batzartu ziren, bai, baina ez dute ezer argitu. Belodromoaren garrantzia aitortu dute, baina gura dute Bizkaiko Diputazioak hauspotu dezala. «Aldundiak proiektua estrategikotzat jotzen badu Bizkaiko txirrindularitzaren etorkizunerako, lidergo instituzional handiagoa hartu beharko luke, bai inbertsioan, bai etorkizuneko kudeaketa ereduan», adierazi du mankomunitateak ohar bidez.
Bizkaiko Kultura, Kirol eta Euskara Sailak BERRIAri esan dionez, gaur izan dute bilera mankomunitateko ordezkariekin. Diputazioak esan die belodromoa estaltzeko proiektuarekin aurrera jarraitzen badute foru aldundiak hartutako konpromisoa bete eta diruz lagunduko duela obra, aurrez hitzartutako kopuruetan. Mankomunitateak egindako kalkuluen arabera, proiektuak 6,8 milioi euroko inbertsioa beharko luke. Orain arte, Bizkaiko Foru Aldundiak 1,5 milioi euroko ekarpena egiteko konpromisoa du hartua. Gainontzekoa, mankomunitateak —3,5 milioi euro— eta eskualdeko udalek —1,8 milioi— ordaindu beharko lukete, beraz, eta haiena litzateke azpiegituraren kudeaketa ere. «Konpromiso ekonomiko horrek modu oso nabarmenean baldintzatuko luke erakundearen finantza ahala eta beste proiektu estrategiko batzuei eta funtsezko zerbitzu publikoei erantzuteko aukera», esan du mankomunitateak gaur bilera egin aurretik zabaldutako oharrean.
Mankomunitatearen iritziz, Berrizko belodromoak «eskualdetik haragoko dimentsioa» dauka: «Haren ezaugarriengatik eta izan dezakeen erabilerarengatik, Bizkai osorako erreferentziazko egitura bihurtu daiteke, eta, ondorioz, haren etorkizuna ezin da soilik Durangaldearen ahalmen ekonomikoaren ikuspegitik aztertu».