Nico Cuenca

Bigarren eskuko gizartea

2024ko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Listo! Bukatu da. Atzean utzi ditugu zoriontasuna, bakea, maitasuna eta osasuna opatzeko garaiak. Gabon kanta, otordu eta opari erosketen maratoiek modalitate berri bati eman diote lekukoa: pagotxak topatzeko lasterketak. Hasi da merkealdia, hasi da produktuen beherapenen dantza. Nork ez ditu gogoan merkataritza gune handien artean sortzen ziren ilarak, ateak ireki aurretik, deskontu onak lortzeko? Ez da ohikoa, baina, gaur egun halako irudiak ikustea. Hamabi urte bete dira merkealdia liberalizatu zenetik eta gauzak zeharo aldatu dira. Kate handiek, salbuespenak salbu, etengabeko deskontuetara ohitu dituzte bezeroak. Dela Black Friday, dela Mid Season Sales… ohikoena da beherapenen bat eskuratzea. Merkataritza taktika hauek, bezeroen kontsumo azturak aldatzeaz gain, kolpe latza izan dira merkatari txikientzat. Aurrera diraute, halere, gertutasuna eta kalitatea bezalako balioetan oinarrituta.

Baina kontsumo azturak ez ditu soilik merkealdien liberazioak aldatu. Egoera ekonomikoak ere nabarmen eragin du. Azken hiru hamarkadetan pertsona bakoitzeko kontsumoak %25 baino ez du egin gora. Igoera nahiko xumea, egia esan. Familien erosahalmenaren galerak eta, hein handi batean, etxebizitzen garestitzeak azaltzen du portaera hori. Etxearekin lotutako gastuek (argindarra, gasa, alokairua…)  familien aurrekontuari %15eko zartakoa ematen zioten 1995ean. Egun, kolpea gastu osoaren %25era heldu da. Diru gutxiago, hortaz, bestelako gauzetan gastatzeko. 

Madalenak beharrean muffinak jaten baditugu, nola ez dugu Wallapop edo Vinteden erosiko, Emaus edo Ekorropara joan beharrean.

Kalterik handiena elikadurak pairatu du, aurrekontuaren %18tik %14ra pasatuz. Gakoa ez da soilik zenbat, nola ere bada. Gutxiago gastatzen dugu eta okerrago jaten dugu. Bestelako produktuetan ere, antzera. Jada ez ditugu luze irauten zuten produktu on horiek erosten. Low cost munduaren atzaparretan erraz erori gara, gizarte kapitalista honen erritmo biziari eusteko. Erosahalmena murriztu arren, bidaiatu, erosi eta oparo jaten jarraitu nahi dugu (baina ez osasuntsu), aise eta merke. Kostu baxuko soldatek kostu baxuko kontsumoa dakarte, eta kostu baxuko kontsumoak soldata baxuak eskatzen ditu. Galdera, baina, beharrezkoa da: Kostu baxua ala prezio baxua? Gurpil zoro horrek kostuak badituelako, eta kaleak ere bai.

Azken bolada honetan kontsumoaren doinua aldatu da, baina ez erritmoa. Gutxika bada ere, naturarekiko kezka zabaltzen ari da gazteen artean eta jokamoldea aldatu dute, bigarren eskuko merkatuan geroz eta gehiago erosiz. Oso minoritarioa zen kontsumo mota hori, ahatetxo itsusiaren ipuinean bezala, loraldi betean dago gaur egun. Modernitatearen ikur bilakatu dira sare sozialen eta sakelakotarako app berrien eskutik. Azken batean, madalenak beharrean muffinak jaten baditugu, nola ez dugu Wallapop edo Vinteden erosiko, Emaus edo Ekorropara joan beharrean. Konpainia handiek ere olatuari heldu nahi izan diote. Hala, Ikeak Circular Hub merkatua sortu du eta Zarak, Preowned zerbitzua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.