Gaur hasiko da Musikaire jaialdia, Elorrion. 25 urte igaro dira lehen aldia egin zutenetik, eta, aurten, inoizko aurrekonturik apalena izan dute uztail osoko programa osatzeko. Hori dela eta, kanpotik ekarritako eskaintza mugatu behar izan dute, batez ere. Guztira 11 emankizun antolatu dituzte hilabeteko lau asteburuetarako, eta, festibalaren izenak aurkakoa iradoki arren, programan ez da dena musika izango, antzerkia eta dantza ere egongo baitira.
Aitor Iriarte antolatzaileak esan du «eusten» pasatu dutela mende laurdena, baina, zehaztu duenez, ez diote garrantzi handirik eman nahi izan 25. urteurrenari. «Urtero programazio atsegin bat eskaintzea da kontua». Hori izan dute helburu orain ere, inoizko aurrekontu txikiena eduki arren. Udalaren diru laguntza aurreko aldikoaren parekoa izan arren, Bizkaiko Foru Aldundiarenak jaitsi egin dira, eta artisten sariak, aldiz, igo.
Eskaintza doakoa izango da berriz ere, baina artistei ordain duina eman nahi diete, ahal den heinean. Aurten, nagusiki bertoko artistengana jo behar izan dute, baina, Iriarteren esanetan, hala eginda ere bada zer programatu.
«Urtero programazio atsegin bat eskaintzea da kontua»
AITOR IRIARTE Elorrioko Musikaire jaialdiko antolatzailea
EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren emanaldiarekin hasiko da jaialdia, gaur. Plazan izango da saioa, elizpean. Iriartek esan du «ikusgarria» izango dela orkestrako 28 gazteen kontzertua. Bihar, Pirritxi, Porrotxi eta Marimototsi pasatuko diote lekukoa, egitaraua «eklektikoa» den seinale.
Keinua Palestinari
Bigarren asteburuan, Lariz jauregia izango da Musikaireren bihotza. Uztailaren 11n Audience ariko da, 12an Anari, eta 13an, berriz, Palestinako Sol Band taldea. Antolatzaileen esanetan, «esanguratsua» izango da Sol Banden parte hartzea, Ekialde Hurbileko berriak kontuan harturik.
Bascolombiaren uztailaren 18ko emankizuna ere nabarmendu du Iriartek, eta ziurtatu du ekitaldi berria bezain «polita» izango dela. Izenak aditzera ematen duen gisan, Euskal Herriko eta Kolonbiako musika nahasiko dituzte, perkusioaren bidez. Biharamunean, larunbatarekin, Petti kantautoreak joko du, bandak lagunduta. Hilaren 19an, dantza garaikideari egingo diote lekua: hainbat dantzari eta dantza kolektibo ikusteko aukera izango da.
Azken asteburuko ostiralean, hilaren 25ean, Arima Soul taldea ariko da; hilaren 26an, larunbatarekin, Olatz Salvadorrek joko du; eta azkenik, uztailaren 27an, Sustraiaren Matxinadak emango dio bukaera Musikaireri, Arespakotxaga lorategian.
Saio guztiak kanpoaldean egitea da jaialdiaren berezitasunetako bat. Euria egiten badu, Arriola antzokian izango dira. «Jende gutxiago sartzen da han, eta ez da gauza bera», aitortu du Iriartek. Dena den, aurrekontua eta eguraldia gorabehera, aurten ere ez da izango Musikaire geldiaraziko duen mugarik.
egitaraua
- Gaur. EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra, 22:30ean, herriko plazako elizpean.
- Bihar. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ostirala iritsi da, 19:00etan, herriko plazako elizpean.
- Uztailak 11, ostirala. Audience (Bob Dylan berrikusia), 20:00etan, Lariz jauregian.
- Uztailak 12, larunbata. Anari, 20:00etan, Lariz jauregian.
- Uztailak 13, igandea. Sol Band, 19:00etan, Lariz jauregian.
- Uztailak 18, ostirala. Bascolombia (Oreka Tx & Phonoclorika), 22:30ean, herriko plazako elizpean.
- Uztailak 19, larunbata. Petti, 22:30ean, herriko plazako elizpean.
- Uztailak 20, igandea. Dantza garaikidea: Hurycan (Te odiero), Lasala (Burnt), Kiko Lopez (Honest) eta Qabalum (Todo ese ruido), 19:00etan, herriko plazan.
- Uztailak 25, ostirala. Arima soul, 20:00etan, Arespakotxaga lorategian.
- Uztailak 26, larunbata. Olatz Salvador, 22:30ean, herriko plazako elizpean.
- Uztailak 27, igandea. Sustraiaren Matxinada (Garikoitz Mendizabal & Gorka Hermosa), 19:00etan, Arespakotxaga lorategian