Zazpikaleetan kabitu ezinik, Abandoko elizatea bereganatu eta itsasadarraren beste aldera egin zuen jauzi Bilbok. Aurten 150 urte bete dira Zabalgunearen proiektua diseinatu zenetik, eta Bilboko Udalak urtemuga ospatzea erabaki du. Aldi berean, hiriburuko ondarearen plan berezia lantzen ari dira.
Asier Abaunza Obren, Hiri Plangintzaren eta Proiektu Estrategikoen zinegotziak azaldu duenez, plan horretan ondare babesa eman gura diote Zabalguneari, haren berezitasunengatik eta kalitateagatik. «Orain arte, Ondarearen Katalogoan eraikin soilak agertu izan dira. Aurrerantzean ere han egongo dira, baina Zabalgune osoa ere babestu gura dugu bere osotasunean».
Zinegotziak nabarmendu duenez, ezaugarri bereziak ditu Bilboko Zabalguneak. Kale Nagusiaren inguruan ardaztu zuten, erdian Plaza Eliptikoa zuela. Errekalde zumarkaleak zeharkatzen du plaza, eta baita beste bi kale diagonalek ere: Ertzillak eta Elkanok. Kale perimetral bi ditu, eraztun forman zabalgunea zarratzen dutela: Mazarredo eta Urkixo zumarkaleak. Eremu publiko handiak ere baditu, bizikidetza errazteko eta higiene baldintzak hobetzeko. Zabalguneko plaza da horren adibideetako bat. Etxadi erregularrek osatzen dute, eta horri esker hazkundea koherentea izan da. Kaleak hierarkizatuta dauzka, hiribide handiekin, bigarren mailako kaleekin eta oinezkoentzako kaleekin. Proiektu horren atzean dagoen ikuskera mantentzen eta gordetzen lagunduko luke Zabalgunea bere osotasunean babesteak, Abaunzak azpimarratu duenez.
Kontatu du orain arte ere udala saiatu dela Zabalguneak dituen berezitasunei eusten. Esaterako, etxadi guztietan lau muturreko eraikinek kapitel edo dorretxo bat dute. Eraikinen bat eraitsi eta berria jasotzen dutenean, udalak molde bereko elementu batekin eraikitzera behartzen ditu. Foru Liburutegiaren atzean, Rodriguez Arias kaleko lehen zenbakian bukatu berri duten eraikina aipatu du adibide gisa. Orain arte udalak bere kabuz ipini dituen baldintza horiek zainduago egongo dira Zabalgunea babesten dutenean.
Gaur-gaurkoz, katalogoan ageri diren eraikinak aztertzen ari dira, zehazteko zeintzuk mantendu beharko liratekeen, zeintzuk kendu eta zeintzuk gehitu. Abaunzak esan du Bilboko seigarren barrutian dagoela eraikin babestu gehien —Zabalguneari dagokion barrutian, alegia—. Horiek guztiak ezagutzeko aukera emango du 150. urteurrena gogoratzeko prestatu duten egitarauak.
Beste hainbat jardueraren artean, bisita gidatuak antolatu dituzte. Bederatzi izango dira, irailaren 19an egingo dute lehena, eta haietako bakoitzean zona batean ibiliko dira. Eraikinak ez ezik, haiek eraikitzen parte hartu zutenak eta haietan bizi izan direnak ere ezagutuko dituzte. Horrez gainera, hitzaldi sorta bat ere prestatu dute. Baita umeentzako tailerrak ere. Aurki Zabalguneko proiektuaren eta historiaren berri emango duten panelak ipiniko dituzte Kale Nagusiak eta Diputazio kaleak bat egiten duten lekuan, eta ondoren Zabalguneko beste leku batzuetatik pasatuko dira. Egitarau hori Arkitektura Gelarekin eta Zarikete Kultur Elkartearekin batera ondu du udalak.