Gurs taldeko kidea

Kepa Fuente: «Bilboko eszena kontrakulturala gero eta biziagoa da»

Bilboko taldea Europan zehar jotzen ibili zen joan den udan, eta disko berria prestatzen ari da orain.

Gurs taldea
Gurs taldea, zuzeneko emanaldi batean. Abeslaria da Kepa Fuente. BERRIA
gotzon hermosilla
2023ko abenduaren 03a
05:00
Entzun

Gurs taldea 2021ean jaio zen, Bilbon, egitasmoa lehenagotik bazetorren ere, eta Bizkaiko underground eszenan zaildutako lau musikarik osatzen dute: Elfo Negro, Inserta, Helltzales, JAN, Despeñaperros, Neila, Marmol eta beste zenbait taldetan aritutakoak dira. Proposamen berri honekin lau abestiko EP bat plazaratu dute, abesti bat sartu dute DDTk kaleratutako Hemen eta orain bilduman, eta laster estreinako disko luzea argitaratuko dute. Kepa Fuente taldeko kideak erantzun ditu galderak, denen izenean.

DDTren bilduman, «punk iluna» definizioa agertzen da zuen soinuaren berri emateko. Eroso zaudete definizio horrekin?

Ez dakigu ondo ilunak garen edo ez. Badakigu punk eta zuk zeuk egizu filosofiarekin bat egiten dugula, eta horrela egin nahi ditugula gauzak. Musikak eta hitzek ilun zaporea dute, baina gero gu bizkotxo goxoak gara...

Azkenaldian boladan daude Europan punk ilun eta melodikoa egiten duten taldeak halako ukitu malenkoniatsu batekin (Rotten Mind, Bleakness, Utopie, Kronstadt...), baina zuen soinua oldarkorragoa da, punkagoa nolabait esateko. Ados al zaudete?

Bai. Hemen bi faktore nabarmenduko genituzke. Lehenengoa, ez dugula musika berdina entzuten eta nahaste-borraste moduko bat sortu behar izan dugula taldekide guztiak konforme egoteko. Beste faktorea da ez dugula horrelako musika egiteko bezain ondo jotzen.

Zuen hitzak politikotzat jo daitezke, baina ez dira erabat esplizituak, eta, normalean, interpretazio bat baino gehiago egitea ahalbidetzen dute.

Gure ustez, hitzen edukia eta garapena oso garrantzitsuak dira. Testuak beti dira esplizituak horiek idazten dituenarentzat edo kontatzen denarekin nolabaiteko enpatia edo hurbiltasuna izan dezakeenarentzat. Ez gara interpretazio bikoitzean sinesten duen talde bat. Punkean gai askoren inguruan anbiguotasun handia dagoela uste dugu, eta horrek beste interpretazio batzuei eman diezaieke bidea. Hitzek tonu jakin bat izatea gustatzen zaigu, eta benetan ahal duguna egiten dugu, ez garelako idazle onak. Bestalde, zehaztu behar da hitzak normalean grabatu aurreko egunean amaitzen ditugula. Desastre hutsak gara.

2022an lehenengo diskoa argitaratu zenuten, lau abestiko EP bat. Pozik zaudete emaitzarekin?

Oso pozik gaude, bai emaitzarekin, bai eduki duen erantzunarekin. Lolo Ruizek grabatu zuen Donostian, Corsarios estudioetan, eta asko gustatu zaigu eman dion soinua.

Abestietako bat Frantzian argitaratutako Pas une minute de silence izeneko bilduman ere agertu da. Nola izan zen hori?

Sainte-Solineko [Frantzia] laborantzarako urtegi handien aurkako manifestazioetan bi kide [Serge D. eta Mickael B.] koman utzi zituzten Poliziaren indarkeriaren ondorioz, eta haien aldeko bilduma bat argitaratu zuten Tolosako kide batzuek [Frantzia]. Elkartasuna adierazteko era bat izan zen, eta asko maite ditugun taldeek eta lagunek parte hartzen dute. Gurekin kontaktatu zutenean, gure kideei buruzko berri txarrak bagenituen, eta jarraian abestia bidali genien. Kasetearekin ateratako dirua elkartasuna adierazten zuten kideak laguntzeko izan da. Bandcamp plataforman dago, eta horren bidez ere laguntza eman daiteke.

Zuen ustez, zein da gaur egun Bilboko esparru kontrakulturalaren osasuna, taldeei dagokienez musika alorrean zein bestelakoetan?

Musika aldetik, bai Bilbon, bai Bizkaiko leku askotan, gauza asko antolatzen ari dira, eta kontrakulturari arnasa handia eman dio gazteriak. Bilbon bertan kolektibo eta talde berri asko sortu dira. Leku aldetik, Bilbo moduko hiri batean ez da batere erraza, eta eskerrak eman behar dizkiegu Sarean, El Nido eta horrelako lekuak bizirik mantentzen dituzten guztiei. Gaztetxe askotan ere kontzertuak antolatzeko erraztasunak ematen dizkigute: adibidez, Deustuko Gazte Lokala, 7 Katu, eta Txirbilenea eta Lakelo Ezkerraldean. Baina egia da, gune hauen garapen eta ekintza politikoa ez dagoela kontzertuetan, ez lukeela egon behar, eta ekarpen asko egiten dituztela musikaz aparte.

Horrekin lotuta, azken hilabeteotan After/Post eta Soinu Basatiak kolektiboak asko astintzen ari dira Bilboko panorama. Zer irizten diozue haien ekarpenari?

Oso positiboa, noski. Urte asko dira hemen ez zirela Bilbotik edo Euskal Herritik kanpoko hainbeste talde ikusten. Sare oso sendoa sortzen ari da Bilboren eta munduko beste leku batzuen artean. Horrela, zirkuitu dinamikoa sortzen ari gara, eta, taldeak hona etortzeaz gain, haiekin agertokia partekatzen duten hemengo talde askok munduko beste hiri batzuetara bidaiatzeko aukera dute. Euskal Herria beti izan da kontuan hartzeko tokia, eta gaur egun After/Post edo Soinu Basatiak bezalako taldeei esker eszena hau gero eta biziagoa da.

Eta, bide batez, DDTk azken 35 urteetan egindako lana zer iruditzen zaizue?

DDTren lana askoz garatuago dago, belaunaldi asko hezi baititu hitzaldi, jardunaldi, tailer eta liburu argitalpenekin. Likiniano edo Gatazka guneekin batera hazi gara, eta leku bat behar izan dugun guztietan han egon dira. Gaur egun, DDT Bilbon guztiz ezinbestekoa da. Bertan, nobedade literario guztiak aurkitzen ditugu eta, zalantzarik gabe, hiri honetako kontrakulturari ekarpen handiena egiten dio.

Aurreko udan atzerrian jotzen ibili zineten. Zer moduzko esperientzia izan da?

Bai, bira txiki batzuk egin ditugu Frantzian, Alemanian eta Polonian zehar. Elkar ezagutzeko era egokia izan da. Kontzertuek oso ondo funtzionatu dute, eta jende zoragarria ezagutu dugu. Esan dezakegu abentura oso ondo atera zaigula, gure artean eta kanpora begira ere. Oraingoz, bisitatu ditugun leku guztiez gauza onak baino ezin ditugu esan. Gainera, ez da batere erraza gu bezalako lau jasatea, eta horrek oso meritu handia ematen die.

Ba al duzue esku artean planik datozen hilabeteetarako?

Datorren urtean LP bat aterako dugu eta Europara bueltatuko gara hamabost eguneko bira bat egiteko. Euskal Herrian eta Espainian ere kontzertu batzuk egingo ditugu, eta ondoren bidaia gehiago prestatuko ditugu, oraindik elkar hil ez badugu, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.