Bilboko Martzana kaiko terrazak kenduko dituzte

Itsasertz Mugapeak aginduta, Bilboko Udalak terrazak jartzeko baimena kendu die zortzi ostalariri, ibaiaren ondoan legez libre utzi beharreko eremua okupatzen dutelako.

Martzana kaia, artxiboko irudi batean. BERRIA
Martzana kaia, artxiboko irudi batean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2025eko urriaren 30a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenaldian terrazak kezka iturri izan dira Bilboko Martzana kaiaren inguruan bizi direnentzat, zaratak eta jende pilaketek arazoak sortzen dizkietelako egunerokoan. Behin eta berriro egin dute protesta, eta udalak konponbideren bat jar zezala eskatu. Bada, Bilboko Udalak gaur jakinarazi du Martzana kaian terrazak jartzeko baimenak kenduko dituela. Zortzi terraza dira, eta azaroaren 11tik aurrera ezingo dituzte muntatu. Erabakia, baina, ez da izan bizilagunen borrokaren emaitza. Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren mendeko Euskal Herriko Itsasertz Mugapeak agindu dio baimenak bertan behera uzteko, Espainiako Kosta Legearen arabera libre egon beharreko eremu bat okupatzen baitute terrazok.

Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzia Martzanako ostalariekin elkartu da, eta erabakiaren berri jakinarazi die. Zinegotziak esan du ulertzen duela ostalarien kezka. Ibaiari eusteko hormatik hasi eta lehen sei metroei eragiten die ministerioak aipatutako legeak, eta, arauaren arabera, debekatuta dago eremu horretan edozein elementu jartzea. Abaunzak azaldu duenez, terrazak elementu mugikorrak dira, ipintzen eta kentzen direnak. Horregatik, halakoak jartzeko aukera ezberdin ulertu du administrazio bakoitzak. «Itsasertz Mugapearekin orain arte izan ditugun harremanetan, inoiz ez digute esan terraza horiek txarto zeudenik edo ezin genuenik baimenik eman. Orain, ostera, erabaki bat hartu du, eta modu jakin batean interpretatu du legedia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.