Bilboko Udalak Bilbobus berrantolatuko du, gaur egungo beharrei erantzuteko

Linea bi sortuko ditu, eta hamalau geltoki gehitu. Zenbait linearen ibilbidea ere egokituko du, eta maiztasunak handitu. Alderdi eta elkarteek hilabete dute alegazioak aurkezteko.

Bilbobus bat, Bilboko Moyua plazan, 2022an. LUIS TEJIDO / EFE
Bilbobus bat, Bilboko Moyua plazan, 2022an. LUIS TEJIDO / EFE
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko urriaren 31
17:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zerbitzua «hiriaren eta auzoen benetako beharretara egokitzeko», Bilboko Udalak Bilbobusen egitura berrantolatu du. 1988tik egingo den aldaketarik sakonena izango da. Besteak beste, linea berri bi sortuko dituzte, eta hamalau geltoki gehitu. Gaur hedabideei aurkeztu aurretik, udalean ordezkaritza duten alderdiei eta Bilboko elkarteei erakutsi die behin-behineko zirriborroa. Orain, hilabete dute alegazioak aurkezteko. 

Gaur egun erabiltzen diren linea guztiak mantenduko ditu Bilboko Udalak, baina egokitu egingo dituzte, zerbitzua oraingo beharretara egokitzeko. Horregatik, iaz «sakon» aztertu zuten bilbotarrak zelan mugitzen diren hirian, eta ikusi zuten non dagoen egokitzeko beharrik handiena. Batez ere goiko auzoei eta auzo berriei zerbitzu ematen dieten lineak indartuko dituzte: maiztasuna handituko da Artxandatik, Boluetatik, Miribillatik, Zorrotzatik eta Zorrotzaurretik igarotzen diren zazpi lineatan. 

Era berean, autobusen maiztasuna egokituko dute beste garraio publiko batzuk ere badauden inguruetan zerbitzua ematen duten bost lineatan: Otxarkoagan, Arabellan eta Castañosen. Garraiobide bat baino gehiago erabiltzea sustatuko dute Plaza Biribilaren inguruko geltokietan eta autobus geltoki intermodalean, zerbitzuaren arintasuna hobetzeko eta itxarote denborak laburtzeko.

Egokitzapen gehienak gaur egungo egoerara egokitzeko izango dira, baina azterketan kontuan hartu dute etorkizuna ere. Horregatik, ondorengo fase batean egokitu beharko diren lineak ere identifikatu dira. Adibidez Arangoitin igogailuak jartzeak edo tranbia Olabeagara ailegatzeak premiak aldatuko ditu gerora. 

Finkatu dituzten aldaketak ez dituzte berehalakoan egingo. Nora Abete Mugikortasun eta Iraunkortasun zinegotziaren esanetan, «hiria prestatu» beharko dute aurretik. Behin betiko antolaketa onartzean, markesinak eta geltoki berriak atonduko dituzte. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.