Bizilagunek erabakiko dute Zorrotzako Muturra zelan eraldatu gura duten. Bilboko Udalak hiru aukera proposatu dizkie. Horietako bitan 2.000 etxebizitza eraikitzea proposatu dute; hirugarren aukeran, 1.850 bizileku egitea proposatu dute, baina beste bietan baino eremu handiagoa gordeko lukete jarduera ekonomikoetarako. Renferen aldirietako trenbidea lurperatzea aurreikusi dute hiruretan. Hala, auzoa mugatzen duen hesi fisikoa desagertuko litzateke, eta espazio berriak sortuko. Eremu horretan, besteak beste, parkeak eta oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbide berriak egin nahi dituzte, Zorrotzako Muturra, Zorrotza eta Zorrotzaurre lotuko dutenak.Â
Gaur hasi da udala Zorrotzako Muturreko plan orokorraren aldaketa izapidetzen, Asier Abaunza Hiri Antolamendu zinegotziak azaldu duenez. Gaur arratsaldean, Plangintzarako Aholku Batzordeari aurkeztuko dio zinegotziak hasierako dokumentu estrategikoa, eta ingurumen ebaluazio estrategikoa abiatuko dute. Agiri horiek Zorrotzan otsailean eta martxoan egingo den parte-hartze prozesuaren oinarri izango dira. Bilerak egingo dituzte auzokideekin, aurrez aurreko arreta eskainiko diete, eta saioak egingo dituzte auzoko ikastetxeetan.
Ingurumen izapidea eta herritarrek parte hartzeko prozesua hasi ondoren, adostutako aldaketa onartuko da plan orokorrerako. Agiri horretan eremuaren behin betiko diseinua jasoko da. Ondoren, jendaurrean plazaratzeko eta alegazioak aurkezteko epea irekiko da. Hori guztia egindakoan, behin-behineko onespen dokumentua izango du Bilboko Udalak, eta EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeari bidali beharko dio, behin betiko onartu aurretik. Hondoko hauek dira herritarrei proposatu zaizkien hiru aukerak.

1
Lehen proposamenak Ibaizabal eta Cadagua ibaiak zeharkatzen dituen eraztun berde baten inguruan egituratu du eraldaketa. Zorrotzaurre eta Burtzeña lotuko dituen ardatz bat izango du, eta etxebizitza dorreak eraikiko lituzkete. Eremuaren gainerakoan, berriz, eraikin terrazadunak egingo lituzkete, ibai bietara begira.
Proposamen honetan 2.000 etxebizitza inguru egitea aurreikusi dute, zazpi eta hamalau solairu arteko eraikinetan. %55 libreak izango lirateke, eta gainontzekoak, babestuak.
Hiri ekipamenduak hegoaldean egongo lirateke, Zorrotza auzoari lotuta. Ondare historiko diren eraikinak eta portuko pabiloiak birgaituko lituzkete, kulturarekin, aisiarekin eta ekonomiarekin lotutako jardueretarako. Esaterako, ikus-entzunezkoen guneak han izango luke egoitza.
Merkataritzarako eta hirugarren sektorerako 130.000 metro karratu gordetzea aurreikusi dute, eta beste 211.000 metro karratu eremu libreetarako eta berdeguneetarako, ekipamenduetarako eta bide sarerako.
2
Bigarren alternatibaren ardatz nagusi apur bat desberdina da: dorreen ordez, eraikin linealak jarriko lituzkete, eta dorre gutxi batzuk izango lirateke mugarri. Eraikinen altuera lau eta hamalau solairu artekoa izango litzateke. Aukera honetan ere 2.000 etxebizitza egitea aurreikusi dute, baina lehenengo aukeran baino gehiago izango lirateke babestuak: %47. Merkataritzarako eta hirugarren sektorekorako azalera zertxobait handiagoa da: 132.000 metro karratukoa. Espazio libreetarako, berdeguneetarako, ekipamenduetarako eta bide sarerako 195.000 metro karratu gordeko lirateke.
3
Azken aukerak hirugarren sektoreko erabileren eta espazio mistoen malgutasuna lehenesten du, eta handiagoa da jarduera horietarako eremua, hiriaren etorkizuneko premietara hobeto egokitu ahal izateko. Proposamen honek naturaguneak berroneratzearen alde egiten du, eta, aldi berean, jarduera ekonomikoa eta hiri berrikuntza bultzatzen ditu.
Iparraldean, hirugarren sektoreko jardueretarako eraikin berri bi egongo lirateke, eta Zorrotzaurre eta Burtzeñarekiko lotura indartuko luke.
Aukera horretan etxebizitza gutxiago eraikiko lirateke, 1.850, %52 libreak eta %48 babestuak. Beste aukeretan baino azalera handiagoa gordeko litzateke jarduera ekonomikoetarako eta hirugarren sektoreko jardueretarako. Zehazki, 177.000 metro karratu merkataritza eremurako eta hirugarren sektorerako, eta 202.000 metro karratu espazio libreetarako, berdeguneetarako, ekipamenduetarako eta bide sarerako. Alternatiba guztiek Renferen aldiriko trena lurperatzea eta hesi fisiko hori kentzea jasotzen dute.