Bilboko Maria Diaz Harokoa kalea korridore berde bihurtzeko egin diren lanen ondorioz, eta Bilbo erdigunea emisio gutxiko eremu izendatuta, «nabarmen» hobetu da inguruko airearen kalitatea, Ekologistak Martxan taldearen esanetan. Izan ere, kale horretan dagoen neurgailuan, 2023an metro kuboko 29 mikrogramo nitrogeno dioxido neurtu zituzten batez beste; iaz, berriz, 23 mikrogramo. Hala ere, ez da nahikoa izan: legeak ezarri berri duen 20 mikrogramoko mugatik gorakoa da oraindik ere. Beraz, taldearen ustez, kutsaduraren arazoa ez da konpondu. «Trafikoak eragindako kutsadura oso handia da, eta ezin da konpondu kale bakar batean neurriak hartuta edo inguru bat emisio gutxiko eremu izendatuta», ohartarazi du taldeak. Salatu dute erakunde publikoek arazoa «makillatzeko partxeak» ipintzen dituztela.
Bilboko Udalak 2021ean hasi zituen kalearen lehen zatia egokitzeko lanak, eta joan den udazkenean abiatu zituen bigarren eta azken fasekoak. Ekologistak Martxan taldeari onuragarriak iruditzen zaizkio trafikoa murrizteko halako neurriak. Airearen kutsadura txikitzen dute, kutsadura akustikoa apaldu, eta herritarren erabilerarako eremuak sortu. Hala ere, ohartarazi du arazoari «partxeak» jartzea dela kale bat korridore berde bihurtzea edo auzo bat emisio gutxiko eremu izendatzea.
Maria Diaz Harokoa kaleko neurgailua eremu handiago bateko airearen kalitatea neurtzeko erabiltzen da: Bilboko metropolikoa. Ekologistak Martxan taldeak salatu duenez, kalean bertan eta inguruetan kutsadura apaltzeko neurriak hartzean, eremu zabalago horretako egiazko egoera disimulatu dute erakundeek. Izan ere, Bilboko metropolian bizi dira bizkaitar gehienak, eta, talde ekologistaren arabera, Bilboko neurgailu horrek adierazi baino aire kutsatuagoa arnasten dute. Gainera, gogoratu du duela hiru urte bukatu zela epea 50.000 biztanletik gorako udalerrietan emisio gutxiko eremuak eta airearen kalitate txarrari aurre egiteko protokoloak sortzeko. Bizkaian, Barakaldon eta Getxon oraindik ere eremuak diseinatzen ari dira.
Horrez gainera, 20.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerriek ere emisio gutxiko eremuak sortu beharko lituzkete, araudiak ezarritako kutsadura mailak gaindituz gero, baina ez dute airearen kalitatea kontrolatzeko neurgailurik; beraz, ezin da jakin muga gainditzen duten. Bizkaian, Portugalete, Galdakao eta Leioa daude egoera horretan.