Usain berezi bat nabaritzen da, seguruenik zurarena, olioarena, artilearena eta enparauena batzean sortzen dena. Zarata ere egonkorra da: eten barik jira-biraka dabilen ardatz nagusiarena eta hark mugitzen dituen makinena. Egunotan pilatutako beroa eta albotik pasatzen den Cadagua ibaiak emandako hezetasuna nahastean, sargori egiten du eraikineko gorengo solairuan. Zentzumenek lagunduta, hainbat hamarkada atzera egin daiteke Balmasedako La Encartada fabrika-museoan, eta erraz irudikatu hango beharginek zelan egiten zuten lan 1992an behin betiko jarduna eten zuen arte. Azken hamarkadan makina nagusien %20 inguru zaharberritu dituzte, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia emaitza ikustera joan da goizean. Ainara Martinez Matia La Encartadako zuzendariaren azalpenek osatu dute irudimenak falta duena.
Maria Jose Torrecilla Gorbea teknikaria eta Joaquin Marco Saenz de Ormijana zaharberritzailea arduratu dira makinak lehengoratzeaz. Lehenak egin ditu gidaritza beharrak, eta bigarrenak eskulana. Horregatik, gaurko bisitan ere Marco arduratu da agintariei funtzionamendua erakusteaz. Bisita hasi aurretik, Martinezek oharra egin die argazkilari eta kamerariei: «XIX. mendean ez zeuden gaur egungo segurtasun neurriak; beraz, kontuz ibili makinetara gerturatzerakoan». Ikusi duten lehenengoari deabru deitzen zioten beharginek. Hortz zorrotz batzuekin artilea txikitzen du, eta langile bati baino gehiagori ere egin zion haginka bere garaian. Makina hartan gertatu ziren La Encartadako lan istripu gehienak. Hala ere, Marcok nabarmendu du uste baino gutxiagotan gertatzen zirela.

Ikusi dute, era berean, trikotatzeko makina. COVID-19aren pandemia garaitik dago zaharberrituta, eta 1992an azkenekoz erabili zuen andreak ipini zuen berriro martxan, Marcorekin batera. Martinezek kontatu du funtsean Tolosako (Gipuzkoa) Elosegi txapel fabrikak gaur egun erabiltzen dituenen antzekoak direla Balmasedako trikotatzeko makinak. «Garai hartako punta-puntako teknologia zeukaten hemen», nabarmendu du fabrika-museoko zuzendariak. Itxi aurretik, txapelen oinarria egiten zuten han. Erakutsi duenez, azken produktua baino handiagoa izaten da makina horretan sortutakoa; gero, beste makina batean urarekin bustita eta jota ekoizten da txapelak behar duen behin betiko ehuna.
Jacquard ehungailua, matazetarako prentsa, josteko Singer 24-561 makina, Snoeck pertza, ebakigailu mekanikoa, Julius Koelher erremailadora... Guztira 22 makina lehegoratu dituzte. Bakoitzak bere konplexutasuna izan du, eta Marcok denbora behar izaten du. «Hemen egiten duguna berrikuntza mekaniko eta funtzionala da», azpimarratu du Martinezek. «Gure asmoa ez da makinak berriak balira bezala utzi eta eskultura moduan erakustea. Ondare industriala gorde nahi dugu, erakusteko zein zen fabrika honen funtzionatzeko modua eta zelan egiten zuten behar hemen». Zuzendariak nabarmendu duenez, La Encartada ez da makina bilduma bat, baizik eta funtzionatzen duen sistema oso bat. Sistema hidrauliko osoa mantendu dute: presa, ubidea eta turbina. Azpiegitura horiei esker mugitzen ziren makina guztiak. Horregatik, makinak mugiarazten dituen ardatza lehengoratu zuten aurrena.
Eredu Europan
Zaharberritzeko, nazioartean onartuak diren irizpideak erabili dituzte, eta, hortik abiatuta, lan egiteko modu bat ere sortu dute Balmasedan, Espainiako Kultura Ministerioak txalotua eta Europan eredu gisa hartua. Lan praktikoari ekin aurretik, ikertzen hasten dira: zertarako erabiltzen zuten, zelan funtzionatzen zuen, nork erabiltzen zuen... Batetik, dokumentazioa aztertzen dute: patenteak, katalogoak eta abarrak. Bestetik, makina bera ikuskatzen dute, erabilera aztarnak, konponketak eta moldaketak topatzeko. «Guk nahi dugu makinek La Encartadako historia kontatzea, eta, horretarako, 1992an fabrika zarratu zenean zeuden moduan behar ditugu, hau da, Mariak, Pilik, Clemenek eta Pacok erabili zituztenean zeuden moduan».

Hiru andreren eta gizonezko baten izenak aipatu ditu Martinezek; izan ere, beharginen %80 emakumeak ziren. Ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, La Encartada fabrika-museoak historia kontatzen du andreen ikuspegitik. «Agerian uzten du era guztietako lanetan emakumeek duten garrantzia, baita industrian ere. Eta hori ez da oso ohikoa izaten». Luzaroan isilik edo bigarren mailan egon den historia azaleratzen du La Encartadak, Etxanoberen esanetan. Behargin horietako askoren lana ezinbestekoa izan zen eskualdeko beste horrenbeste familiaren mantenurako, eta ezinbestekoak izan ziren Enkarterriko industrializazioan. Makinen zaharberritzaileak kontatu duenez, zeozelako alboko industria bat ere bazegoen: «Hemen egiten ziren txapelek batzuetan txikikeria batzuk hobetzeko edo konpontzeko beharra izaten zuten, eta inguruko hainbat emakumek egiten zuten lan hori, etxean. Esaterako, batzuetan haiek ipintzen zioten behin betiko punta txapelari. La Encartadako lantaldekoak ez ziren arren, fabrika honen historiaren parte dira haiek ere».
La Encartada fabrika zaharra 2007an bihurtu zen museo, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Balmasedako Udalaren arteko elkarlanari esker. Ehungintza fabrika zaharrak ia osorik mantendu du jatorrizko egitura. Hala, ehun urte baino gehiago dituen ehungintza bilduma teknologikorik osoenetako bat da Europan. Edonoiz bisita daiteke: martitzenetik domekara egoten da zabalik. Baina normalean ez da egoten makinak martxan ikusteko aukerarik. Edozelan ere, aldiro bisita bereziak antolatzen dituzte, makina jakin batzuen lana bertatik bertara ezagutzeko.
Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, ezinbesteko elementua da Balmasedako, Enkarterriko eta Bizkaiko historia eta industrializazioa ulertzeko. Horregatik, foru aldundiak azpimarratu du fabrika-museoarekiko konpromiso sendoa duela. Azken bost urteetan, 800.000 euro baino gehiagoko ekarpena egin dio museoari, kontserbazio eta hobetze lanak egiteko, eta azken hiru urteetan 1,6 milioi euro bideratu dituzte jarduera estrategikoak bultzatzera. Etxanoberen esanetan, fabrika-museoa «ezinbesteko eragilea da Enkarterriko kulturak, ekonomiak eta gizarteak aurrera egin dezaten».