Bizkaiak hamar motatako 40.000 tona ontzi birziklatuko ditu

Bizkaiko Zabor Birziklategi berritua inauguratu du gaur Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak Zornotzan.

Bizkaiko Foru Aldundiko eta Trienekens enpresako ordezkariak, gaur, Zornotzan, Bizkaiko Zabor Birziklategira egindako bisitan. BERRIA
Bizkaiko Foru Aldundiko eta Trienekens enpresako ordezkariak, gaur, Zornotzan, Bizkaiko Zabor Birziklategira egindako bisitan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Zornotza
2026ko urtarrilaren 27a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zornotzako BZB Bizkaiko Zabor Birziklategian ontzi arinak sailkatzeko planta berritua inauguratu dute gaur. 1,7 milioi euroko inbertsioa egin dute, azpiegitura modernizatzeko. Orain arte, zazpi ontzi mota birziklatzeko gaitasuna zuen; aurrerantzean hamar mota birziklatuko dituzte han. Hala, zehatzago bereizi ahal izango dute, eta kalitate hobeko materialak izango dituzte birziklatzeko. Horri esker, Bizkaian nabarmen handituko da urtebetean tratatu izango diren ontzien kopurua: gaur egun 23.000 tona hondakin dira, eta planta berrituarekin 40.000 tona izango dira.

Bizkaiko edukiontzi horiko ontzi guztietan bildutakoa Zornotzako plantara bidaltzen dute, eta, beraz, han gertatzen dena funtsezkoa da lurraldeko hondakinak kudeatzeko sistema osorako. Plantak hautatze optikoko punta-puntako sistema du. Adimen artifizialaren laguntzarekin, ontziak arinago eta zehatzago identifikatzen eta bereizten ditu. Elixabete Etxanobe diputatu nagusiak azaldu duenez, teknologia horri esker, prozesuaren errendimendua hobetzen da, eta kalitate eta balio handiagoko material birziklatuak lortzen dira. «Ez du tratamendu bera behar brik batek edo detergente botila batek. Planta honek bereizketa hori egiteko eta zehaztasunez bereizteko behar den teknologia dauka». Handik irtengo diren produktu birziklatuak «kalitate handienekoak» izango dira. 

Bizkaiko zabor Birziklategian birziklatu daitezkeen ontzi motak

  • PET botila: edari ontziak.
  • PET erretilua: erabilera bakarreko elikagai ontziak.
  • Plastiko nahastea - PP (polipropilenoa): tapoiak eta norbera zaintzeko produktuak.
  • Plastiko nahastea - PS (poliestirenoa): jogurtaren eta antzekoen ontziak.
  • Polietilenozko filma: supermerkatuetako poltsak eta bilgarriak.
  • Plastikozko beste film batzuk: askotariko bilgarriak.
  • DHPE (dentsitate handiko polietilenoa): detergente eta garbigarrien ontziak.
  • Brika: geruza askoko ontziak, elikagaientzat eta edarientzat.
  • Material ferrikoak: latak, aerosolak eta metalezko tapak.
  • Aluminioa: freskagarri latak eta elikagai erretiluak.

Etxanoberekin egon dira proiektuko partaide diren enpresetako ordezkariak ere. Izan ere, BZB lankidetza publiko-pribatuko egitasmo bat da. Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko Garbiker foru sozietatea eta Trienekens dira haren jabeak. Etxanobek birziklapenaren garrantzia azpimarratu du. Esan du horretan inbertitzea «bizi kalitatean inbertitzea» dela. Ahaldun nagusiaren arabera, planta berrituak «frogatzen du Bizkaiak ingurune garbiago eta jasangarriago bat eskaini nahi diela hurrengo belaunaldiei». Azpimarratu du azpiegitura hori funtsezkoa dela ekonomia zirkularrean oinarritutako eredu sendoago baterantz joateko. Ostera, Trienekenseko ordezkari Joachim Domromsek adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiarekin duten lankidetzari esker «birziklapenak betebehar hutsa izateari utzi diola eta balioa sortzeko eta ingurunea zaintzeko aukera bihurtu dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.