Bizkaiko hogei osasun etxetan ez dago beroaren aurkako baliabiderik, ELAren arabera

Ekaineko bero handia dela-eta askotariko intzidentziak izan dira, eta espero da hurrengo beroaldietan ere antzeko egoera izatea. Egoera hori Osakidetzaren «gainbeheraren» beste adibide bat da, sindikatuaren esanetan.

Etxebarriko osasun zentroko elkarretaratzea, ELA eta ESK sindikatuek deitua, uztailaren 3an. ELA
Etxebarriko osasun zentroko elkarretaratzea, ELA eta ESK sindikatuek deitua, uztailaren 3an. ELA
2025eko uztailaren 18a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Inoiz erregistratutako ekainik beroena izan da aurtengoa, eta horrek ondorioak izan ditu Bizkaiko osasun etxeetan ere. Korridore eta geletako bero handia dela-eta sinkopeak eta bestelako intzidentziak izan direla salatu du ELA sindikatuak. Lehenago ere izan dira antzeko egoerak, baina arazoa geroz eta larriagoa da klima aldaketaren eraginez. «Lehen, egun solteak izaten ziren halakoak, baina ohiko bihurtzen ari dira», azaldu du Esther Saavedra ELAren Osakidetzako arduradunak. Zehazki, Bizkaiko hogei osasun zentrotan ez dago beroaren aurkako baliabiderik, sindikatuaren esanetan. Uda hasi besterik ez da egin, eta, horregatik, ELAk berehalako eta egiturazko konponbideak eskatu ditu hurrengo bero sapetarako. Hala ere, argi du osasungintza publikoko «inbertsio falta» dela funtsezko arazoa.

EAEko osasun itunaren hirugarren fasearekin bat egin zuten ekaineko bero sapek, eta, Saavedrak nabarmendu duenez, komunikabide askotan erkidegoko osasun zerbitzu publikoa «indartzea» eta «etorkizuna prestatzea» hizpide zituzten garai berean, osasun zentro asko baliabiderik gabe zeuden beroteei aurre egiteko; adibidez, Etxebarrikoa. ELA eta ESK sindikatuek osasun zentro hori aukeratu zuten egoera orokorra salatzeko: ituna ontzeko hirugarren fasea amaitutzat jo eta gutxira egin zuten elkarretaratzea han, uztailaren 3an.

«Eraikin asko eraikitzen dituzte, eta propaganda handia egiten dute horrekin, baina dauzkagun eraikin askok ez dituzte betetzen beharrezko baldintzak»

ESTHER SAAVEDRAELA sindikatuaren Osakidetzako arduraduna

Lan osasuneko legedian zehazten da zer tenperatura tarte diren egokiak lan egiteko: osasungintzan, gehienez 27 gradu izan daitezke lanean, eta, langa hori gaindituz gero, legez debekatuta dago lan egitea. Errealitatea bestelakoa da, ordea. Prebentzio arduradunek aurretiaz ere eskatu dute neurketak egiteko, baina ez da halakorik egin. Saavedrak ziurtatu duenez, «ekainean, 30 gradutik gora izan dira gela askotan».

ELAk nabarmendu du neurriak behar direla egoera konpontzeko. «Berehalako neurriak behar dira, baina baita egiturazkoak ere. Bestela, uda hau amaitu eta beste bat etorriko da, eta berdin jarraituko dugu», gaitzetsi du Saavedrak. Besteak beste, aire girotua, aire girotuko makina eramangarriak eta beste makina batzuk eskatu dituzte. Dena dela, azpiegituretan jarri dute arreta bereziki. «Eraikin asko eraikitzen dituzte, eta propaganda handia egiten dute horrekin, baina dauzkagun eraikin askok ez dituzte betetzen beharrezko baldintzak. Obrak behar dira», esan du ELAko kideak. Osakidetzak erantzun die egoera konplexua dela, eta zentro batzuetan eraikinen egoera dela-eta ezin dela obrarik egin, edo esku hartze «zailak» eta «garestiak» egin beharko liratekeela. Edozelan ere, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du bestelako neurri batzuk aztertzen ari direla.

Aspaldiko kontua

Sindikatuek lehen ere salatu izan dituzte halako arazoak. Iaz, esaterako, mobilizazioak antolatu zituzten salatzeko Bilbon, Basurtuko ospitaleko erditze gunean, bero handia izan zela. ELAren Osakidetzako arduradunak azaldu duenez, «Basurtuko zuzendaritzak arazoa konpontzeko konpromisoa hartu zuen, baina, zoritxarrez, oraindik ez da konpondu». Aire girotua, kristal berriak eta estoreak jartzea adostu zuten iaz.

Aurten ere arazo berberekin dabiltza Basurtuko ospitalean. Izan ere, joan den astean 35 gradutik gora erregistratu ziren dilatazio gelan, eta, halakoetan, arriskuan jartzen da langileen, erabiltzaileen eta haien familien osasuna, Saavedrak azpimarratu duenez. «Edozein zerbitzutan bermatu behar da osasuna, baina bereziki larria da dilatazio geletan halakoak gertatzea, kontuan hartuta han dauden emakumeak zein zaurgarri egoten diren». Presioa egin dute, halere, eta horrek eman ditu fruituak: ospitaleko arduradunek jakinarazi dute martxan jarri dutela gela horietan aire girotuko makina eramangarri gehiago ipintzeko prozedura.

Osakidetzaren «gainbehera»

ELAren ustez, garrantzitsua da arazoa kasu bakan moduan ez hartzea. «Ez da osasun etxe bateko gauza, ezta beroaren kontua ere». Hori guztia «Osakidetzaren gainbeheraren beste adibide bat besterik ez» dela uste du Saavedrak. «Osasungintza publikoan ez dago behar besteko inbertsiorik, eta horrek zera dakar, lan baldintza duinak bermatzeko langilerik ez egotea eta leku egokirik ez izatea».

BPGa kontuan izanda, EAE urruti dago Europako Batasunean osasungintzan egiten den batez besteko inbertsiotik, eta ELAk hor ikusten du konponbidea. «Behin inbertsioa handituta, lan baldintzak hobetu behar dira, baita behin-behinekotasuna amaitu ere». Saavedrak aitortu duenez, «hori politikariek eta zentroetako zuzendariek ere badakite. Baina kontua ez da ez dutela ikusten: borondatea falta zaie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.