Bizkaiko Foru Aldundiak suhiltzaile zerbitzuaren tasak eguneratu ditu. Gaurko gobernu kontseiluan onartu dute araudi berria, eta Batzar Nagusietara bidali dute, han onar dezaten. Aurreko araudia 1990ekoa zen, eta «gaur egungo errealitatera eta beharretara» egokitu dute. Oro har, aurrerantzean «arduragabekeria» kasuetan soilik kobratuko diete. Ondorioz, lehen kobratzen ziren jarduera hauek ez dira kobratuko: etxeetan sortutako suteak itzaltzea (92 euro ziren lehen), eragindakoak izan direla frogatu ezin den baso suteak edo sua piztu duena identifikatu ezin denean (473 euro), barruan dagoen pertsona arriskuan egon daitekeen etxeetako ateak zabaltzea (69 euro), animalien erreskateak (145 euro), mendiko erreskate arruntak (145 euro) eta suizidioak eragozteko interbentzioak (35 euro).
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailearen esanetan, arau berriak ez die kalte egingo herritarrei. «Ez dauka helburutzat diru gehiago batzea. Zerbitzuaren kalitatea handitzen du, eta ziurtatuko du baliabide publikoak lehentasuna den horretarako erabiliko direla, hau da, benetako larrialdietan arreta emateko», azaldu du. Izan ere, tasa horien bidez zerbitzuaren kostuaren ehuneko txiki bat baino ez da ordaintzen. Iaz, esaterako, 37,6 milioi euroko aurrekontua izan zuten, eta tasetatik bildutakoa kopuru horren %0,5 baino ez zen izan.

Batez ere, suhiltzaileen lana aseguru etxeei eta enpresa pribatuei kobratuko zaie. Horregatik, etxeko sutea kobratuko diren zerbitzuetatik kanpo geratuko da, ez delako derrigorrezkoa etxeko asegurua izatea. Ostera, auto istripuen kasuan bai, kobratuko da, legez behartuta daudelako herritarrak autoa aseguratzera, eta halakoetan herritarrak barik aseguru etxeak ordainduko duelako. Enpresek eskatzen dituzten txostenak eta simulakroak ere kobratuko dituzte, enpresen onurarako izaten direlako. Isuriak daudenean esku hartzea ere ordaindu beharko du erantzuleak.
Arau berrian, tasa kalkulatzeko metodo sinplifikatu eta objektiboa ezarri dute. Benetako esku-hartze denborak eta erabilitako baliabideak hartuko dira kontutan; ez, ostera, suhiltzaileek nora joan behar izan duten. Horri esker, landa inguruan eta hiriguneetan berdin ordainduko dute zerbitzuagatik.
Hondartzetan, bisitari eta salbamendu gehiago
Eguenetako gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, hondartza denboraldiaren balantzea ere egin dute. Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, 47 eguzki egun izan dira, iaz baino hamabost gehiago, eta, ondorioz, jende gehiago joan da hondartzetara: 2,6 milioi bisitari izan dituzte. Herritar gehiago elkartu direlako eta itsasoa «harroago» ibili delako, sorospen zerbitzuek itsasoan egin beharreko erreskateak ere ugaritu egin dira: 256 aurten; 172 iaz. Karabela portugesek ziztatu dituztelako artatu behar izan dituzten erabiltzaileen kopurua ere 29tik 92ra pasatu da.
Erabiltzaileek, batez beste, 8,45eko nota ipini diote, iaz baino hobea. Bereziki segurtasuna da ondoen baloratu dutena, 9,25eko puntuazioa ipinita. Ugaritu egin dira hondartzara joateko garraiobide jasangarriak erabili dituzten herritarrak; berbarako, aurten bikoiztu egin dira bizikletaz joan direnak.

Lagundutako bainu zerbitzuari dagokionez, iazko marka hautsi da, eta 4.436 pertsonak erabili dute —%23 gehiago—. Gainera, lehen aldiz egoitzetatik eta elkarteetatik joandakoak baino gehiago izan dira euren kontura hondartzara joan diren elbarriak.
Lau hilabeteotan, 665.780 hondakin kilo bildu dira Bizkaiko hondartzetan. Gehienak itsasaldiek itsasertzean utzitakoak izan dira. Arantxa Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuak nabarmendu duenez, behera egin du edukiontzi berdeetan bildutako kiloen kopuruak eta %10 gehitu da edukiontzi horietan bildutakoa. «Agerian geratu da erabiltzaileek kontzientziazio handiagoa dutela jatorrian bereizteko orduan, Horia da / Ez da horia kanpainari esker».
Atutxaren esanetan, ingurumenari lotutako balioa ez ezik, balio sozial handia ere badute hondartzek, eta bizkaitarren egunerokoan txertatuta daude. Bizkaiko hondartzak aukeratzeko arrazoi nagusiak gertutasuna eta lagun edota senideen presentzia izan dira erabiltzaileei egindako inkestan.