Bizkaiko Forua gizateriaren ondare izendatzeko eskatu diote Unescori

Aurten 500 urte beteko dira Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Berria idatzi zutenetik. Urteurrena gogoratzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte Batzar Nagusiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Gregorio Monreal Zuzenbidearen Historia katedraduna, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Gregorio Monreal Zuzenbidearen Historiako katedraduna, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2026ko urtarrilaren 16a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Forua «aparteko garrantzia» duen testu juridikoa da, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu duenez: «Herritarren demokraziaren lehen adierazpena da. Gai izan zen jaunaren botere absolutua mugatzeko. Estamentuetan oinarritutako gizartearen sasoian, gizakien berdintasuna eta duintasuna sagaratu zituen, eta, printzipio horiekiko koherentzian, ordezkaritzan oinarritutako asanblada sortu zuen». Horregatik, Bizkaiko Forua gizateriaren ondare izatea gura dute Batzar Nagusiek eta foru aldundiak. Dagoeneko egin diote eskaera Unescori. Espero dute erantzuna baiezkoa izatea eta, ahal bada, aurten jasotzea onespen hori. Izan ere, urte berezia da 2026a: bost mende beteko dira Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Zaharra eguneratu eta Foru Berria idatzi zutenetik. Urteurren borobil hori gogoratzeko, urte osoko egitaraua ondu dute foru erakunde biek, Izan zirelako gara lelopean. Gaur aurkeztu dute Gernika-Lumoko batzar etxean Etxanobek berak eta Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak.

Ekitaldi akademikoak, instituzionalak, kulturalak eta hezkuntzaren arlokoak prestatu dituzte. Helburua hirukoitza da, Etxanoberen esanetan: Bizkaiko Forua hobeto ezagutu, goretsi eta ezagutzera eman. Lehen ekitaldia datorren astean egingo dute, eguenean eta barikuan, Batzar Nagusien Bilboko egoitzako hitzaldi aretoan: Iura Vasconiae fundazioak antolatuta, hainbat aditu elkartuko dira, 1526ko Bizkaiko Foru Barri edo Erreformatuaren onarpenaren 500. urteurrena izeneko sinposioan. Ekainean, EHUren udako ikastaroetan, Bizkaiko Foruak Europako askatasunaren historian duen garrantzia aztertuko dute. Azarorako jardunaldi bi prestatu dituzte: Euskararen garrantzia Foruan saioa eta Bizkaiko foru erakunde zibil eta publikoei buruzko topaketak. Udazkenean, kale ikuskizun ibiltari bat emango dute. Urte amaieran, osoko bilkura berezi bat egingo dute Gernika-Lumoko batzar etxean. Gernikako arbolaren kimua landatzea izango da urteko azken ekitaldia.

«[Batzar Nagusiak eta foru aldundia] Elkarrekin agertu gara, gure foru iragana aldarrikatzeko eta balioesteko, eta forutasunaren etorkizunarekin dugun konpromisoaren lekukotza publikoa emateko»

ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia

Egitaraua erakunde biek elkarrekin antolatu izana nabarmendu du Etxanobek. Adierazi du Foruaren defentsan izandako elkarlanaren ikur dela. «1926an, ezinezkoa zatekeen aurten egingo den bezalako ospakizunik egitea, erakunde biotako bakar bat ere ez zegoelako. Gaur egun, ordea, erakunde biak erabat berrezarri dira, eta, gainera, haien ordezkari gorenak elkarrekin agertu gara, gure foru iragana aldarrikatzeko eta balioesteko, eta forutasunaren etorkizunarekin dugun konpromisoaren lekukotza publikoa emateko».

Zergatik gogoratu duela bost mende idatzitako lege testu bat? Gregorio Monreal Zuzenbidearen Historiako katedradunaren esanetan, akordioetan oinarritutako antzeko sistema izan duten beste herrialde batzuetan oso ondo ezagutzen dituztelako beren lege testuak. «Gaur egun ingeles guztiek primeran dakite zer izan zen 1215eko Ingalaterrako Magna Carta edo 1789ko Bill of Rights delakoa. Poloniar guztiek dakite zer izan ziren Pacta Conventa direlakoak. Ondo legoke bizkaitarrek ere Bizkaiko erregimen historikoa ezagutzea. Izan ere, Europan askatasunaren historiari egindako ekarpen paregabea izan zen».

«Forurik gabe ez genituzke izango gaur ditugun hainbat gauza: geure legedia zibila, geure zerga sistema, geure polizia zerbitzua, geure errepideak kudeatzeko eskumena, ezta ere gure sistema instituzionala eta geure erakundeak»

ANA OTADUI Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea

Monrealen esanetan, 1526ko Foru Berriarekin, bizkaitarrek Goi Erdi Arotik zetorren sistema bat berretsi, eta etorkizunera begira ipini zuten. Haren isla gaur egunera arte heldu da, Batzar Nagusietako presidenteak nabarmendu duenez. Egungo autogobernu sistemaren oinarri juridiko-konstituzionala dela azpimarratu du. «Forurik gabe ez genituzke izango gaur ditugun hainbat gauza: geure legedia zibila, geure zerga sistema, geure polizia zerbitzua, geure errepideak kudeatzeko eskumena, ezta ere gure sistema instituzionala eta geure erakundeak», egin du zerrenda Otaduik. Besteak beste, foru aldundia, Batzar Nagusiak eta Gernika-Lumoko batzar etxea bera ―aurten berrehun urte dira hura eraikitzen hasi zirela―. «Oraindik ere eraikin hau Bizkaiaren bihotz instituzionala da, baita itunetik sortutako autogobernuaren sinbolo fisikoa ere».

Hain zuzen, Otaduik, Etxanobek eta Monrealek, hirurek nabarmendu dute Forua itunean oinarritutako sistema bat izan zela. Batzar Nagusiek onartu eta hurrengo urtean, 1527an, lege testua berretsi zuen Espainiako errege eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore Carlos V.ak. Beste horrenbeste egin zuten lehenago Gaztelako Isabel I.ak eta Aragoiko Fernando II.ak Foru Zaharrarekin. Izan ere, hori egitea ezinbestekoa zen Bizkaiko jaun edo andre bihurtzeko. «Lehenengo, elizan zin egiten zuen Forua, eta gero kanpora irteten zen, eta orduan onartzen zuten bizkaitarren ordezkariek errege edo erregina moduan, jaun edo andre moduan, arbolapean», azaldu du Monrealek.

Hain garrantzitsua zen jaun edo andrearen zin egite hori, ezen, Carlos V.ak egindako zina ez ezik, ondorengo errege-erregina guztiek egindakoak ere txertatu baitzituzten gerora Forura, XIX. mendera arte. «Foruaren bigarren partea zen hori, eta legedia jasotzen zuen lehen partea bezain garrantzitsua zen». Ezohiko eredua izan zen Europa osoan. «Absolutismorako joera zegoen garaian, Bizkaian erregearen boterea mugatuta zegoen. Batzar Nagusiek sortzen zuten legedia, eta erregeak berretsi egiten zuen», nabarmendu du Monrealek.

«Aitzindaria»

Eskubideen arloan «aitzindaria» zen Forua, Otaduiren esanetan: «Kaparetasun unibertsalean oinarritutako balio batzuk, hala nola legearekiko berdintasuna, askatasun pertsonalaren eta ondare askatasunaren defentsa, emakumea zuzenbidean berdintasunez aintzat hartzea edo berme prozesal aurreratuak egotea, zuzenbide estatuarekin identifikatzen ditugu gaur egun, baina Bizkaian bazeuden formulatuta duela bost mende».

Ildo horretan, Monrealek zuzenbide prozesalari erreparatu dio. Foruari esker, Bizkaiak sistema judizial propioa, epaile propioak eta prozedura propioa izan zituen, eta horrek hainbat ondorio ekarri zituen. «Bizkaitar bat ezin zen tormentatu delituak ikertzean. Bizkaitar bat ezin zen atxilotu epailearen agindurik gabe, eta, agindu gabe atxilotzen bazuten, askatu egin behar zuten. Habeas corpus-a izan zen Bizkaian, Ingalaterran Magna Carta-k ezarri aurretik. Bizkaitar batek delitu bat egin bazuen ere, ezin zuten hura atxilotu baldin eta hitzematen bazuen 30 eguneko epean bere delituaren kargu egitera etorriko zela Gernikara. Eta ezin zuten espetxera bidali, zorra zuelako». Beste hiru eskubide ere nabarmendu ditu: bizkaitarrak soldadutza egitetik salbuetsita zeuden, gura ezean ez zioten zergarik ordaindu behar erregeari, eta merkataritza askatasuna zuten. 

«Europan absolutismorako joera zegoen garaian, Bizkaian erregearen boterea mugatuta zegoen. Batzar Nagusiek sortzen zuten legedia, eta erregeak berretsi egiten zuen»

GREGORIO MONREAL Zuzenbidearen Historiako katedraduna

Forua funtsezkoa izan da bizkaitarrentzat, eta, Monrealen esanetan, horren ondorio da Aro Modernoan eta Aro Garaikidearen parterik handienean zelan lotu zaizkion beren sistema politikoari. Baina Bizkaitik kanpo ere aitortza zabala jaso izan du. Katedradunak gogoratu duenez, XIX. mendean Foruak baliogabetu zituzten, Espainiako Gorteetan ordezkari zen Agustin de Arbues asturiarrak hala erabakita. Zera esan zuen orduan de Arbuesek: «Balio handiko zerbait suntsitzen ari gara, baina batasun konstituzionalak du lehentasuna». Jean-Jacques Rousseau filosofo suitzarrak eta Wilhelm von Humboldt alemaniarrak ere balioetsi zuten Forua, eta John Adams AEBetako bigarren presidentea Bilbon egon zen, Bizkaiko Foruan bere herrialdeko konstituzioa idazteko eredu bila. «Zentzuzkoena da gaurko bizkaitarrek beren arbasoen lorpen handienetako bat gogoratzea», esan du Monrealek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.