Bizkaiko garraioaren sare publikoa berritu nahi du foru aldundiak

Sei ekintza eramango dituzte aurrera legegintzaldian, eskaintza hobetze aldera. 195 milioi euro jarriko dira planerako; diputazioaren aurrekontuaren %12. Bizkaibusi eragingo dio gehienbat.

Bizkaibus
Bizkaibus bat Ondarroan, 2022an. RAUL BOGAJO / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
BIlbo
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Bizkaitarrek eskualdeko garraio publikoa sare «bakar eta integratu» gisa hartzea du helburu Bizkaiko Foru Aldundiak garraio publikoari begira agintaldirako aurkeztu duen planak. Berritu egin nahi du. Sei ekintza aurreikusi ditu, orain hasi eta 2027ra bitarte martxan jartzeko. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiaren iritziz, «lurraldea lotuko duen garraio publikoko sistema eraginkorra eta kalitatezkoa» lortzea eragingo du planak. Neurrien xedea ez da behin-behinekoak izan eta legealdiarekin batera amaitzea, iraunkorrak izatea baizik. Hala adierazi zuen joan den astean Etxanobek, Bilbon egindako agerraldian.

Aldundiak hiru ardatzetan sailkatu ditu aurreikusitako ekintzak: tarifen integrazioa, eskaria kudeatzeko eredua eta gobernantza eredua. Proiektuok aurrera eramateko, Bilboko Metroari eta Bizkaibusi 195 milioi euroko aurrekontua bideratuko diete; hau da, aldundiaren baliabide ekonomikoen %12. Ekintzek Bizkaibusen eta metroan izango dute eragina: zonakatze berriak, esaterako, 2025erako sistema «sinplifikatuko» du, eta Bizkaiko garraio publikoaren sarea bost zonatik hirura pasatu. Hala ere, planak autobusetan ipini du arreta.

Martxan jarriko den aurreneko neurriak Bizkaibusen erabiltzaileei eragingo die zuzenean. 2024ko urtarriletik, autobuseko bidaiariek aldi baterako tituluak erabili ahalko dituzte. Jadanik metroan erabilgarri dauden Bidai 50, Bidai 70 eta Bidai Oro tituluak autobusetako joan-etorrietara gehituko dira. Horrela, adin tarte guztiek erabili ahal izango dituzte 50 bidaia, 70 bidaia edo joan-etorri mugagabeak egiteko modua ematen duten tituluak. Izan ere, gaur egun 26 urtetik beherakoek eta 65 urte baino gehiago dituztenek soilik erabili ahal dituzte deskontu horiek.

Bizkaibusen bidaia kopuru jakin batentzako titulua erabili ahalko den arren, erabiltzaile guztiek ez dute horren alde egingo, eta, gaur egun bezala, Barik txartela diru zorro legez erabiltzen jarraituko dute. Erabiltzaile talde horri eragingo dio gehienbat 2027an garraiobide «guztietan» aplikatutako transbordoen kostua kentzeak. Gaur egun transbordoa egiteagatik deskontua badago ere —Mungiatik Basaurira heltzeko, adibidez, Mungiatik Bilborako autobusaren prezioa Bilbotik Basaurira egiten den metro ibilbideagatik ordaintzen denari gehitzen zaio, eta emaitzari %20ko deskontua egiten zaio—, garestiagoa da bidaia bakarra egitea baino.

Hortaz, eta 2027an operadoreen arteko tarifa bateratzea egingo dela baliatuta, transbordoak bidaia bakar baten legez ordainduko dira. Lehen pausoa datorren urtean emango da, Bizkaibusen bakarrik proba pilotu bat eginez.

Erabilera handitu

Neurrien helburu nagusietako bat garraio publikoaren erabilera sustatzea dela dio Etxanobek: «Bizkaitarrentzat joan-etorriak egiteko aukerarik onena garraio publikoa izatea nahi dugu». Izan ere, «gizarte kohesioa» bultzatu eta «deskarbonizazioa» gauzatzeko biderik «egokiena» iruditzen zaio garraio publikoa ahaldun nagusiari. Deskarbonizazioari lotuta, Sonia Perez Garraioa, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak azpimarratu du autobus flota «geroz eta jasangarriagoa» dutela. Bizkaibizi bizikleta zerbitzuak garraio publikoaren deskarbonizazioan «rol garrantzitsua» izango duela dio Garraio diputatuak.

Gizarte kohesioari dagokionez, «Bizkaiak herritar ororentzat» egin behar duela lan iritzi dio Etxanobek: «Aukera berdintasuna sustatu behar dugu eskualde guztietan, garraio publikotik hasita». Hori dela eta, garraio publikoaren egungo egoera aztertzen dihardute: «Kontuan izan behar ditugu, bereziki, trenak Bilborekin edo beste udalerri handiekin lotzen ez dituen eskualdeak». Antzera mintzatu da Perez: «Bizkaibusen eskaintzan lan egin behar dugu, Bilbotik urrunen dauden guneen alde eginez. Izan ere, eremu horietan erabil dezaketen garraio publiko bakarra autobusa da askotan».

2027ra bitarte aurrera eramango den azterketaren helburua Bizkaiko garraio publikoa «berrantolatu eta optimizatzea» izango da. Hori dela eta, egungo eskaintza eta eskaria aztertuko dituztela iragarri du Perezek. Pandemiaren aurretiko erabilera datuetara itzuli direla dio Garraio diputatuak. Are gehiago, «handitu» egin dira. «Lan telematikoa alde batera utzi dugu, eta presentzialtasunera itzultzeak eskaria handitzea eragin du», esan du. Gainera, bikoiztasunak egon daitezkeen guneak ere ezagutzea dute xede, gutxitzeko.

Gobernantza bakarra

Egungo gobernantza eredua alde batera utzi eta berri bat diseinatzea da, Etxanobek argitu duenez, planaren azken neurria. Erabateko integrazioa bilatu nahi du foru aldundiak, administratiboa, tarifa modala eta teknologikoa uztartuz. Gainera, egungo azpiegiturak zein «etorkizunean eraiki daitezkeenak gehiago» erabiltzea bilatuko du gobernantzak. Hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak eskumen eta jarduteko ahalmen handiko lurralde agintaritza osatu nahi du Bizkaiko garraio publikoarentzat legealdi honetan. Kontuan hartzekoa da Bizkaibusen ustiaketaren emakidak 2025ean berritu behar dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.