Bizkaiko zein herri da kirolariena? Nongoak mugitzen dira gehiago? Foru aldundiak bota die erronka, eta 52 udalerrik onartu dute. Europako Kirol Lurraldea da Bizkaia aurten, Kirolur lelopean, eta izen hori ipini diote herrien arteko lehia honi ere. Gailu elektronikoetarako Wellk aplikazioaren bitartez, kilometroak zenbatuko dituzte, eta gehien betetzen dituen herriak irabaziko du. Oinez, korrika, bizikletaz... Herritarrek mugitu besterik ez dute egin behar. «Bizkaitarrak aktibatu gura ditugu, eta ohitura osasuntsuak sustatu dinamika parte hartzaile eta kolektibo baten bitartez», esan du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak.
Erronkaren funtzionamendua oso erraza da. Parte hartzen duen udalerri bakoitzak talde bat eratu behar du, eta lehiatzeko kontuan hartuko da aplikazioaren bidez zenbat kilometro erregistratzen dituzten taldekideek. Oinez, korrika edo bizikletaz egiten diren kilometroak kontatuko dira; betiere, aplikazioak GPS bidez neurtu ahal baditu. Kilometroak puntu bihurtuko dira. Baina, hori bakarrik hartuko balitz kontuan garailea erabakitzeko, ez litzateke bidezkoa izango. Esaterako, kirol batzuetan beste batzuetan baino kilometro gehiago egiten dira; ordu erdiko korrikaldi batean denbora bereko paseo batean baino distantzia luzeagoa egiten da. Era berean, biztanle gehiago duten udalerriek abantaila izango lukete; bakoitzak gutxiago eginda ere, ezin dira alderatu Ubidekoek eta Bilbokoek guztira egin ditzaketen kilometroak. Horregatik, ponderazio koefizientea eta biztanleria koefizientea erabiliko ditu aplikazioak puntuak emateko orduan.
Hiru etapa izango ditu erronkak. Lehenengoa udaberrian izango da, apirilaren 15etik maiatzaren 17ra. Bigarrena, udan, ekainaren 15etik uztailaren 15era. Eta hirugarrena, udazkenean, irailaren 23tik urriaren 23ra. 14 urtetik gorako herritar guztiek dute izena emateko aukera. Bizkaiko herririk aktiboena izatea bada saria, baina, horrez gain, gutxienez 150 puntu lortzen dituzten erabiltzaileek erronkako merchaidising ofiziala jasoko dute. Udalerriek ere izango dute saria: lehen postuetan geratuko direnek diru laguntzak jasoko dituzte herriko kirol klubek materiala erosteko.

Markina-Xemeingo Kirol zinegotzia da Mikel Urkia. Kargua hartu aurretik, udaletxera sarri joaten zen, bere kirol talderako eskean. «Klubentzat ezinbestekoak izaten dira laguntzak, eta, udala ez bada gai laguntzeko, jakin behar du zelan egin: foru aldundira jo edo babesleren bat bilatu». Arlo horretan herri aberatsa da Markina-Xemein. Zinegotziak makina bat talde aipatu ditu: txirrindularitza taldea, futbolekoa, pilotakoa, atletismokoa, triatloia egiten dutenena, gimnastika erritmikoan dabiltzanena… Urkiaren esanetan, udalak horien guztien «bidelagun» izan behar du.Â
Kirol batzorde parte hartzaile bat daukate herrian, udalak eta eragileek osatuta. Kirolari lotutako gaiak han eztabaidatzen dituzte. Zinegotziak uste du denek batera diseinatu behar dituztela kirol politikak. Esaterako, azkeneko Markina-Xemeingo Udalak bizikleta zirkuitu bat egiteko proposamena eroan du batzordera, baina eragileek ez dute ontzat jo, eta proiektua moldatzea adostu dute. «Guk udalaren lursail batzuetan egitea proposatu genuen, baina esan digute inklinazioagatik ez dela oso egokia, eta beste leku batean egin beharko dugu. Ez da ezer gertatzen: ez beti politikarion buruan sortzen den ideia bete behar».Â
Beste proiektu bat ere abiatu dute orain. Ziortza-Bolibarko eta Etxebarriako udalekin eta herriko eskolekin, lantalde bat sortu dute, eskola kirola beste era batera antolatzeko. 2021-2022ko ikasturtetik Lekeition martxan duten ereduari erreparatu diote. Jarduera fisikoan egiten hasiko diren eta kirol munduan lehenengo pausoak emango dituzten umeei eredu «integralena eta hezitzaileena» eskaintzea da asmoa.Â
Baliabideak oztopo
Markina-Xemeinen bezala, Turtziozen ere sortu dute Kirolur ligan parte hartzeko taldea, baina herrian ez dute kirol talderik. Bostehun biztanle eskas ditu herriak, hainbat auzotan sakabanatuta. Ondorioz, Julen Castillo Kirol zinegotziak duen oztopo nagusia baliabide falta da. «Hori da herri txikietan dugun arazoa». Kultur etxearen ondoan, frontoia dute, eta aurrez eskatuta edonork erabili dezake. Muñañesen beste azpiegitura batzuk dituzte: belar artifizialeko futbol zelaia; tenisean, saskibaloian eta areto futbolean aritzeko kantxak; eta udan zabalik egoten den kanpoko igerilekua. Kirolerako daukaten diruarekin azpiegitura horien mantenu lana egiten dute, eta udan eskolak emango dituzten begiraleak kontratatzen dituzte.Â
Urtean zehar, Turtziozko herritarrak Balmasedako igerilekuetara edo Zallako kiroldegira joaten dira kirola egitera. Mendirako joera handia ere badute; batez ere, mendiko bizikletak hartu eta mendi bideetan ibiltzekoa. «Guretzat ez da erraza jarduerak antolatzea. Nahi genuke herritarrak kirol gehiago egitera animatzeko gauzak egin, baina dirua falta zaigu. Horregatik iruditu zitzaigun Kirolur erronkan parte hartzea oso interesgarria izan daitekeela».Â

Portugaleten, ostera, ez da eskaintzarik falta. Hogei kiroletan baino gehiagotan dabiltzan 30 taldetik gora daude hirian, eta udalak haiekin harreman zuzena duen pertsona bat dauka, laguntzeko eta gidatzeko, Iker Villalba Kirol zinegotziaren esanetan. Portugaleteko Udalaren helburua da herritarrek etxetik gertu kirola egin ahal izatea. Horregatik, zazpi udal kiroldegi edo kirola egiteko azpiegitura dituzte. Udal gimnasioak erabiltzeko eta udalak antolatutako kirol jarduerak egiteko 1.700 lagunek eman dute izena aurten, eta 10.000tik gora dira igerilekura joaten direnak.Â
Zinegotziaren esanetan, lehia baino gehiago da kirola egitea: osasunarekin eta sozializazioarekin lotu ditu. Horregatik, azkenaldian adinekoengan ipini dute arreta: udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, hiriko nagusiei begirako hainbat programa abiatu dituzte. Esaterako, goizean lehentasuna dute kiroldegietan, eta haientzat beren-beregi prestatutako eskaintza daukate. «Zahartze aktiboa oso garrantzitsua da bizi kalitate ona edukitzeko, eta, gainera, halako jarduerak egiteak gura ez den bakardadeari aurre egiten laguntzen du. Ikastaroetatik irten eta kafea hartzeko geratzen dira». Villalbaren esanetan, Portugaleteko adinekoek asko egiten dute paseoan, eta, orain, haiek ere udalerri aktiboa direla erakusteko aukera izango dute, Kirolur erronkari esker.