Zazpi urte pasatu dira estreinakoz kazeta honetan testu bat idatzi eta sinatu nuenetik. Orduztik, Bizkaiko hamaika kontu eta txoko ezagutu ditut ogibide honi esker: ezagutu ditut Getxok dituen ekitaldi kultural guztien aurkezpenak (Getxofoto, Getxokomik, Getxojazz, Getxomanga...), Bizkaiko herri askotako jaietako egitarauak zehatz-mehatz aztertu ditut (sanantolinak Lekeition, urriko azken astelehena Gernikan, santixauak Elorrion, San Blas Abadiñon...), Begoñako basilikako organo jotzailea eta Osakidetzako sei psikologoetako bat elkarrizketatzeko aukera izan dut, eta Alakrana ontziaren bahiketaren hamargarren urteurrena nekez ahaztuko dut. Horrelako istorioak eta beste asko ezagutzeko, entzuteko eta kontatzeko aukera eman dit kazeta honek. Asko kazetari gisa, eta infinitu irakurle gisa.
Horrez gain, tokiko kazetaritzaren garrantziaz jabetzeko oinarrizkoa da Bizkaiko Hitza-k egiten duen lana. Lurraldeari erreparatu, txikitik jardun eta kazetaritza kirurgikoa egin; zehatza, mimoz egindakoa eta jendeari entzuten diona: Lanestosatik Ondarroara eta Eatik Urduñara, bizkaitar guztiek dute tokia Hitza-n. Geuria-k, Anboto-k, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k, Busturialdeko Hitza-k, Begitu-k, Hiruka-k eta Bilboko Uriola-k egiten duten moduan, eskualdez eskualde eta herriz herri jasotzen ditu herritarrei axola zaizkien kontuak. Azpiegiturak, zerbitzuak, ofizioak, festak, ekitaldi kulturalak, langile borrokak, belaunaldien arteko arrakalak... denak jaso dituzte Hitza-ren orriek.
Lehen baino gehiago miresten dut tokiko kazetaritza. Eskerrik asko, 'Bizkaiko Hitza', kazetaritza eskola eta bizkaitarren bozgorailu izateagatik
Eta, tokiko informazioa jasotzeko, gertukoa mimoz lantzeko, lantalde zoragarria du eta izan du egunkari honek. Aitziber, Natalia eta Ainhoa ezagutu nituen nik hamasei orriko gehigarri hau ostiralero-ostiralero ontzen, eta ondoren hartu zion Aitziberri lekukoa Ibaik. Bidean, asko batu gara idazketara, eta askorentzat izan da lehen kazetaritza eskola, eta, nire ustez, garrantzitsuena, Hitza. Biba zuek!
Azken ikasturtean espero ez nuen zerbait egiteko aukera eman dit, gainera: zutabegilea izatekoa. Proposatu zidatenean, pentsatu nuen lehen gauza izan zen: nidepalo. Eta beitu orain: hementxe nauzue Ez nago lasai agurtzen. Gogoz eta arduraz idatzi dut nire zutabetxoa, berandu, eta beti ez dakit zer idatziko dudan pentsatzen, noski. Hau da, kazetariaren DNAn dago beti drama puntutxo bat gehitzea egoerari testu bat idazten hasi aurretik, esajerazioak gure zentzumenak zorroztuko balitu bezala.
Eta orain ez nago zutabe hau idazten hasi nintzenean baino lasaiago, eta ez ditut kezka gutxiago, baina lehen baino gehiago miresten dut tokiko kazetaritza. Eskerrik asko, Bizkaiko Hitza. Eskerrik asko kazetaritza eskola eta bizkaitarren bozgorailu izateagatik. Segi bizkor!