Bizkaiko memoriaren hotsa

Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan 'Adarrotsa mendez mende. Sansoaç eta adarraç' erakusketa dago ikusgai maiatzaren 22ra arte. Hiru adargileren ia ehun adar ikus daitezke, besteak beste.

Javier Irabien Bitorika, Juan Antonio Alaña Ulibarri eta Andoni Sainz Llaguno, astelehenean, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. BERRIA
Javier Irabien Bitorika, Juan Antonio Alaña Ulibarri eta Andoni Sainz Llaguno, astelehenean, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko maiatzaren 6a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizateriaren soinu tresnarik zaharrenetakoa da, eta euskaldunek mende luzez erabili dute. 1588ko Ibarguen-Cachopinen kronika-ren arabera, orduko bizkaitarrek elkarri mezuak helarazteko erabiltzen zituzten adarrak. Lehenagokoa da Bizkaiko Batzar Nagusiekin lotzen dituen aipamena: batzarra hasi aurretik bost adar jotzen zituztela jaso zuen Juan Nuñez de Balboak bere koadernoetako batean, 1342an. Gaur egun haien erabilera mugatua eta sinbolikoa da. Batez ere, Batzar Nagusiek urtero egiten duten Deiadar Mendien Jaian jotzen dira. Hiru eskulangileren lanari esker eusten zaio bizirik tradizioari: Juan Antonio Alaña Uribarri, Javier Irabien Bitorika eta Andoni Sainz Llaguno. «Hemen ditugu XXI. mendeko hiru pertsona antzinako euskal herritarren artisau memoria kontserbatzen dabiltzanak, Bizkaiko memoriaren hotsa gordetzen ari direnak», esan du Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak. Hirurek landutako ia ehun adar bildu dituzte Batzar Nagusien Bilboko egoitzan, Adarrotsa mendez mende. Sansoaç eta adarraç erakusketan. Maiatzaren 22ra arte egongo da ikusgai.

Adarrak egitea pare bat eguneko lana da, Andoni Sainz Llagunok kontatu duenez: «Lehenengo egosi egiten da, barruan duen hezurra kentzeko. Ondoren, kanpoko estalkia desinfektatu behar zaio, eta zuloa egin. Azkenik, lixatu eta apaindu egiten da. Adarraren formak esango dizu zer egin dezakezun». Karrantzakoa da Sainz Llaguno, eta bostehundik gora adar ditu Alonsotegin duen tailerrean. Lagin bat ekarri du Bilbora. Haietako batzuk pertsonaia ezagunei eskainitakoak dira. Esaterako, hauen omenez egindakoak ikus daitezke: Xabier Lete, Kepa Junkera, Bob Marley, Pepe Mujica, Edurne Pasaban, Jose Angel Iribar... Athleticen gizonezkoen taldeak 2024ko Espainiako Kopa irabazi zuenean egindakoa ere erakusketan dago. Baita Bizkaiko bost deiadar mendiak irudikatuta dituena ere.

Andoni Sainz Llagunok Bilboko erakusketan dituen adarretako batzuk. BERRIA
Andoni Sainz Llagunok Bilboko erakusketan dituen adarretako batzuk. BERRIA

Otaduik azaldu duenez, deiadar mendien inguruan elezaharra eta historia nahastu dira. Bizkaiko Batzar Nagusiek ikerketa bat egin zuten 2020an, jakiteko zer den tradizioa eta zer mitoa. «Erdi Aroko dokumentazioari esker dakigu bost adarrak Gernikan bertan jotzen zirela, batzarra hasi aurretik, eta XV. mendearen bukaerara arte eutsi zitzaiola usadio horri. Historialarien arabera, ez ziren bost adar izango, metalezko bost bozina baizik, ekitaldia instituzionala zen eta», zehaztu du presidenteak.

Gernikan baino ez ziren jotzen, Lur Irekiko batzarrak hasi aurretik, ez beste inoiz. Enkarterrin eta Durangaldean ere ez zen antzekorik egiten Avellanedako eta Gerediagako batzarretan. Bilkura hasi aurretxoan jotzen ziren. Uste dute Gernikan zeuden batzarkideei bilkura hasiko zela jakinarazteko jotzen zirela. Ordurako, kanpaiak erabiltzen ziren abisuak emateko; beraz, adarrak elementu erritual bihurtu ziren. Horra historia. Elezaharraren arabera, Jaun Zuria Bizkaiko jaun izendatu zutenean ere Gernikan bost adar jo ziren, Lope Garcia Salazarrek XV. mendean idatzi zuenez.

Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaiko kideak, Juan Antonio Alaña Ulibarriren azalpenak entzuten, astelehenean, Bilbon. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaiko kideak, Juan Antonio Alaña Ulibarriren azalpenak entzuten, astelehenean, Bilbon. BERRIA

Adarrak deiadar mendietan jotzeko tradizioa berriagoa da: XIX. mendean sortu zen, foruen defentsan historialari, politikari eta intelektualek izandako eztabaidetan. Antzinako agiri eta tradizioak ikertzen ari zirela, ikusi zuten haietako batzuetan aipatzen zela Batzar Nagusia egiteko bost adar jotzen zirela, eta ondorioztatu zuten batzarrera deitzeko jotzen zirela. 1850ean, Pascual Madozek idatzi zuen mendi batzuetako tontorretatik jotzen zirela. 1872an, Antonio Truebak mendiok zeintzuk ziren zehaztu zuen: Oiz, Sollube, Ganekogorta eta Kolitza. Batzar Nagusiak berreskuratu ondoren hasi ziren urtero Deiadar Mendien Eguna ospatzen, eta ekainaren 7koa 21. aldia izango da. Orain, Gorbeia ere mendion artean dago. Aurten, Ganekogortara igoko dira. Besteak beste, Bizkaiko Batzar Nagusien dei adar ofiziala joko dute tontorretik; erakusketan dago ikusgai.

Bizkaiko Batzar Nagusien deiadar ofiziala, Bilboko erakusketan. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusien dei adar ofiziala, Bilboko erakusketan; hura izaten da Deiadar Mendien Egunean jotzen lehena. BERRIA

Javier Irabien Bitorikak historia ofizialetik harago joan gura izan du, dei adarrei lotuta ezagutzen ez diren kontu asko daudelakoan. Penatuta dago tradizio asko galtzen ari direlako, baina uste du dei adarrena ez dela erraz galduko. Bera, behintzat, saiatu da etxeko gazteei erakusten. Erakusketan dagoen argazki batean bilobekin ikus daiteke adarrak egiten. «Badago nork lekukoa hartu». Erakusketan ikus daitekeenez, senide bakoitzari adar bat egin dio, armarri eta guzti. «Jakin dezatela nondik datozen, eta nora doazen». Sortzez Amurriokoa da Irabien (Araba), Urduñan bizi da, eta hiri titulua duen Bizkaiko udalerri bakarrari eskainitako hainbat adar ere baditu. Ingurukoei eta inguruari eskainitako adarrak dira Irabienenak.

Juan Antonio Alaña Uribarrik, ostera, ikuspegi zabalagoa du eta haren adarrak leku askotan daude. 1973an hasi zen adarrak egiten, eta ordutik mundu osora zabaldu ditu. Lanagatik kontinente guztietan egon da, eta leku askotan daude haren adarrak. Hala ere, bi ditu bereziki kuttunak. Bata Shanghaiko (Txina) Euskal Etxean dagoena da: Athleticen armarria eta ereserkiaren hitzak ditu. Bestea Montevideoko Euskal Etxean dago, eta Pablo Sorozabalen Ay, tierra vasca kantaren hitzak ditu. «Asko maite dut abesti hori, ereserki bat da-eta etxetik milaka kilometrora dauden euskal herritarrentzat». Erakusketan dituen adarretan ere hainbat abestiren hitzak irakur daitezke: Egun da Santimamiña, Agur, Euskal Herria, Begoñako Amaren zortzikoa, Aita gurea, Els Segadors Kataluniako ereserkia eta, zelan ez, Jose Maria Iparragirreren Gernikako arbola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA