Bizkaiko zerga iruzurraren aurkako planak arreta berezia ipiniko die ekonomia digitalari, kriptoaktiboei eta sareetako sortzaileei

Diputazioak zergapetuei eskainiko dien laguntza eta informazioa indartuko ditu, Batuz sistema ezartzen bukatuko du eta Ogasunak informazioa lortzeko bide berriak garatuko ditu.

Tiktok sare sozial txinatarra, artxiboko irudi batean. L. THAI LINH / EFE
Tiktok sare sozial txinatarra, artxiboko irudi batean. L. THAI LINH / EFE
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko otsailaren 19a
17:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru oinarri izango ditu zerga iruzurrari aurre egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak 2026rako onartu duen planak: zergapetuei eskainiko dien laguntza eta informazioa indartuko ditu, Batuz sistema ezartzen bukatuko du eta Ogasunak informazioa lortzeko bide berriak garatuko ditu. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak esan duenez, arreta berezia ipiniko diete ekonomia digitalari, kriptoaktiboei, merkataritza elektronikoari eta sare sozialetan edukiak sortzen dituztenei.

«Inkongruentzia fiskalak» hautemateko, hainbat bide erabiliko ditu Ogasunak. Txanpon birtualetako saldoak kontrolatuko ditu, banku transakzioen kontrola indartuko du eta txartel edo gailu elektronikoen bidez enpresaburuei eta profesionalei egiten zaizkien ordainketak ere ikuskatuko ditu. Urtero mota guztietako txartelekin egindako eragiketei buruzko informazioa emateko betebeharra ezarri dute planean, karguen eta abonuen urteko zenbatekoa 25.000 eurotik gorakoa denean.

Horrez gainera, plan honekin Ogasunak karga administratiboak «murriztu» gura dizkie zergapetuei, «zerga betebeharrak borondatez betetzen laguntzeko». Horretarako, arreta indartuko dute ohiko hiru bideetatik: aurrez aurre, telefonoz eta bide telematikoen bidez. Adimen artifiziala ere erabiliko da zergapetuen zalantzak argitzeko.

Zerga iruzurraren aurkako tresnetako bat Batuz sistema da. Aurten amaituko dute ezartzen. Irabazi-asmorik ez duten erakundeak eta lehen sektoreko negozioak gehituko dira sistemara. Irabazi-asmorik gabeko erakundeen artean daude jaietako txosnak, adibidez. Horiek ere fakturak egin beharko dituzte, baina, Berrojalbizek nabarmendu duenez, ez dute hornitzaileei egiten dieten ordainketa bakoitza banan-banan erregistratu beharko sisteman, urte osoan mila eurotik gorakoak ez badira. Kasu horietan nahiko izango dute erregistroan ohar orokor bat eginda. Diputatuak esan du irabazi-asmorik gabeko erakundeak Batuz-era txertatzeko egokitzapenak egiten ari direla. 

Gainontzeko sektore guztiek dagoeneko sistemara batuta egon behar lukete. Urtarrilaren 1era arteko datuak kontuan hartuta, behartuta daudenen %88,6k erabiltzen dute programa. Hala ere, diputatuak esan du sistemara iaz sartu ziren guztien datuak ez dituztela izango apirilera arte; orduan jakingo dute zehatz orain arte zenbatek erabiltzen duten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.