Bizkaitarrei Forua irakasteko

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek Foru berriari buruzko erakusketa ipini dute Bilboko Foru Liburutegian, lege testuaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko. Erakusketa ibiltari bat ere atondu dute; orain Bilboko Kale Nagusian dago.

Imanol Merino Zuzenbideko doktorea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, gaur, Bilbon. BERRIA
Imanol Merino Zuzenbideko doktorea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, gaur, Bilbon. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko apirilaren 21a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bizkaitar guztiek eduki beharreko dokumentua eta bizitzako lehen egunetan jaioberriei irakatsi beharrekoa». Juan Eustaquio Delmas kazetari, idazle eta inprimatzaile bilbotarrak horrela deskribatu zuen Bizkaiko Forua 1854an, Imanol Merino Zuzenbideko doktoreak gogoratu duenez. «Hori da gure helburua erakusketa honekin: Bizkaiko Forua irakurri dezatela, uler dezatela, eta, neurri batean, gaur egungo bizkaitarrak haren jabe egin daitezela». Foru aldundiak eta Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Berriaren bosgarren mendeurrena ospatzeko antolatu duten erakusketaren komisarioa da Merino. Gaur inauguratu dute Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Ana Otadui Batzar Nagusien presidenteak. Bilboko Foru Liburutegiaren areto nagusian dago erakusketa, eta abuztuaren 27ra arte egongo da ikusgai.

Delmas Bizkaiko jaurerriko inprimatzailea zen, eta diputazioaren enkarguz Foruaren edizio berri bat argitaratu zuen 1865ean. Garai zailak ziren foruentzat, besteak beste Manuel Sanchez Silva Espainiako senatariak haien aurka egindako kritiken ondorioz. 1839ko urriaren 25eko Foruak Berresteko Legea ere jaso zuen edizio hark, eta erakusketan ikus daiteke. Hain zuzen, Foruaren edizioen bilduma oso bat ipini dute bost bitrinatan. Hala ere, erakusketako harribitxia jatorrizkoa da: 1526an Batzar Nagusiek idatzi zuten Bizkaiko Foru berriaren eskuizkribua.

Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, Gaztelako eta Espainiako errege-erreginek foruak zin egin behar izaten zituzten Bizkaiko jaun edo andre izateko, eta Bizkaiko foru erakundeek garrantzi handia ematen zioten ekintza horri. «Erregea aldatzen zen bakoitzean, errege berriari forua berresteko eskatzen zioten, eta berrespen testu hori aurrekoek egindakoekin batera biltzen zen Foruaren edizio berri batean». Hala, zin egite bakoitzaren ondoren argitaratutako edizioak ikus daitezke. 1526ko testua 1527an berretsi zuen Espainiako errege eta Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore Carlos V.ak, eta 1528an argitaratu zuten haren berrespena jasotzen zuen edizioa. 1575ean argitaratu zuten berriro, Felipe II.aren zina gehitua; 1643an, berriz, Felipe III.arena ere bazuela...

XX. mendera arte, gaztelaniaz

Forua gaztelaniaz argitaratzen zuten. Goizeko bisitan Merinok Etxanoberi eta Otaduiri azaldu dienez, helburu jakin bat zuen horrek: gura zuten Bizkaitik kanpo ere epaileek Bizkaiko Forua ezartzea bizkaitarrei. Hain zuzen, lehen edizioetan, tituluan azpimarratzen zuten kolektiboaren garrantzia: Bizkaiko jaurerriko «zaldun aitonen semeen lege berezi, frankeza eta herri eskubideak» ziren Foruan jasotakoak, Merinok nabarmendu duenez. «Lurralde baten eskubideak ez ezik, komunitate oso batenak ziren».

Euskarazko lehen bertsioa foruak dagoeneko indargabetuta zeuden sasoikoa da: 1981ekoa. Urte hartan, foru aldundiak edizio elebiduna argitaratu zuen: Pedro de Huidrobok 1643an argitaratutakoa oinarri hartuta, Pedro Pujanak itzuli zuen bizkaierara. Horrez gain, Jose de Estornesek legediaren interpretazioa idatzi zuen, eta termino juridikoen euskara-gaztelania hiztegi bat ere gehitu zioten.

Agintariak, Bizkaiko Foru berriaren 500 urteurrenari buruzko erakusketa ikusten, Bilboko Kale Nagusian. BERRIA
Agintariak Bizkaiko Foru berriaren 500. urteurrenari buruzko erakusketa ikusten, gaur, Bilboko Kale Nagusian. BERRIA

Foru Liburutegiko areto nagusian foruen historia, haietatik eratorritako egitura politiko-administratiboa eta testuingurua azaldu dituzte hainbat paneletan. Erakusketa «akademikoago» honekin batera, beste bat ere prestatu dute, «dibulgatzaileagoa», Merinoren esanetan. Herritarrak foruetara gerturatzea da bigarrenaren helburua. Horretarako, autogobernuaren mugarri nagusienak kontatzen dituzten formatu handiko hamar panel informatibo sortu dituzte. Orain Bilbon daude, Foru Jauregiaren parean ipinita. Han egongo dira maiatzaren 11ra bitartean. Ondoren, Balmasedara, Bermeora, Portugaletera eta Galdakaora eroango dituzte. Ana Otaduik Bilbora edo herri horietara gerturatzera deitu ditu bizkaitarrak: «Aukera paregabea da hainbat mendetan garatutako historia instituzionala eta juridikoa ezagutzeko. Bertatik bertara ezagutu ahal izango dute zer izan zen eta oraindik ere zer den Foru Berria Bizkaiarentzat».

Etxanobek azpimarratu duenez, Forua ezinbestekoa da Bizkaia ulertzeko: «Akordioa lehenesten duten erakundeak dituen lurraldea gara. Gizarte kohesioaren aldeko apustua egiten dugu, eta uste dugu komunitatearen ongizatea babestea dela garapena. Horrelakoak gara aldian aldi egokitzeko jakin duen tradizio politiko eta soziala dugulako». Otaduik ere Foruaren gaurkotasuna azpimarratu du. Haren esanetan, Forua ez zen lege testu hutsa, «adostasunean, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako gizarte eredu baten adierazpena» baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA