Uxue Gutierrez Lorenzo

Bridgestone: ez dago inor sobran

2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Begiak Vatikanoan izan ditu munduak azken asteetan, eta geure burua zeharo ez fededun izendatu dugunok ere ditxosozko tximiniatik ke zuria noiz aterako zain ibili gara. Beste asko bezala, gure hiztegira batu ditugu konklabe, fumata eta kardinal hitzak, eta ezbairik gabe jarraitu dugu Leon XIV.aren izendapena.

Bitartean, horrelakoetan gertatzen den bezala, oharkabean pasatu zaizkigu gurean gertatzen diren kontu asko eta asko. Gaur Basaurin jarri nahi ditut begiak, Bridgestone lantegian. Egun erabakigarria da gaurkoa pneumatiko fabrikako 831 langileentzat. Gaur erabakiko dute beharginek enpresak egin duen azken proposamena onartuko duten ala ez.  

Apirilaren lehen egunean heldu zen kolpea. Bridgestone Japoniako pneumatiko konpainiak 335 langile kaleratzeko asmoa iragarri zuen Basaurin duen lantegian; hau da, beharginen %40ri eragingo liekeen erregulazio txostena iragarri zuen.

Langileek jakin badakite multinazionala gainbeheran dagoela, baina ez zuten horrelako zartakorik espero: «Hemen familiek egin dute lan. Gure aitona-amonek, gurasoek, seme-alabek... 92 urtean zehar, gizonak eta emakumeak, ez bakarrik Basaurikoek, baita inguruko herrietakoek ere, esfortzua, izerdia, batzuek bizitza bera ere eman dute. Langileon harrotasunez altxatu zuten lantegia», adierazi zuten. Erasotzat jo zuten enpresaren erabakia, eta «tamainako erantzuna» iragarri.

Iruditzen zait bi gako dituela gatazka honek: langileen batasuna eta konstantzia

Esan eta egin. Segituan erantzun zioten langileek: greba. Hamahiru lanuzte izan dira denera hilabete eta erdi eskasean. Ez edonolakoak, gainera. Baketsuak bezain eraginkorrak. %100eko jarraipena izan dute deialdi guztiek, eta produkzioa erabat eten da lantegian. Beharginek, aldiz, tinko eutsi diote lantegiaren atarian, eta, egiari zor, pazientziaz erantzun diete beti kazetarien galdera eta adierazpen eskaerei. 

Bitartean, ordezkari sindikalek eta zuzendaritzak sei bilera egin dituzte, akordio batera heldu nahian. Enpresak tinko eutsi dio kaleratze masiboari denbora luzean, baina azken bi asteetan zenbait aldaketa izan dira: murriztu egin da kaleratze kopurua, aurrejubilazio plan bat aurkeztu dute eta kaleratzeen kalte ordainen baldintzak hobetu ditu, besteak beste. Astelehenean beste proposamen bat egin zuen enpresak: 232 kaleratze, 55 urtetik gorakoentzako aurre-erretiroa hartzeko aukera eta 53 urtetik gorakoak espedientetik kanpo uztea. Kaleratzeen baldintzak ere hobetu ditu enpresak: urteko 45 eguneko soldataren kalte ordaina izango lukete nahitaezko kaleratzeen kasuan, eta urteko 45 egunekoa gehi beste 30.000 euro espedientea ontzat ematen duten beharginentzat.  

Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den, baina iruditzen zait bi gako dituela gatazka honek: langileen batasuna eta konstantzia. Langileek argi zioten: «Denek ezagutzen dugu Bridgestonen lan egiten duen norbait, drama hutsa da». Eta sumina borrokarako indar bilakatu dute beharginek, senitartekoek eta Basauriko herritarrek. Amore ematea ez da inoiz aukera bat izan. 

Astelehenean dute azken bilera langileen komiteak eta enpresako zuzendaritzak, eta gaur erabakiko dute langile guztiek bozka bidez: kale edo bale. Edozein delarik ere langileen erantzuna, Bridgestoneko borrokak merezi du gure atentzio eta jakin-mina. Lehen egunetik argi izan dute: «Inor ez dago sobran Bridgestonen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.