Datorren urtean hasiko dira Olabeagan trenbidea estaltzeko proiektua idazten

Bilbo Ria 2000 sozietateak urtea bukatu aurretik onartuko ditu trenbidea estaltzeko oinarrizko proiektua eta eraikuntza proiektua idazteko baldintza agiriak. Ordurako izango ditu prest inguruko hirigintza proiektua diseinatzeko lehiaketaren oinarriak ere.

Bilboko Olabeaga auzoa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Bilboko Olabeaga auzoa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko urriaren 20a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Olabeaga auzoari bultzada bat ematea erabaki du Bilbo Ria 2000 sozietateak, eta trenbideari lotutako proiektua azkartzea erabaki du goizean egindako bileran. Hala, urtea bukatu aurretik onartuko ditu trena inguruan integratzeko oinarrizko proiektua eta eraikuntza proiektua idazteko baldintza agiriak, eta datorren urtean hasi ahal izango dira proiektua idazten. Era berean, ordurako prest izango ditu libre geratuko den eremu horren hiri antolamendua diseinatzeko lehiaketaren oinarriak. Fran Viñez sozietateko zuzendari orokorraren esanetan, «berritzailea» da proiektu biak aldi berean martxan jartzea: orain arte lehenengo trenbidea lurperatzen izan da eta ondoren hasten ziren libre geratutako orubeetan zer egin pentsatzen. Horrek dena azkartuko du. Hala ere, ondo bidean, obrak lau urte barru hasiko lirateke, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok egindako kalkuluen arabera, eta prozesu guztiak hamar bat urte iraungo ditu.

Gaur egun C1 eta C2 lineetako aldiriko trenak eta Bilboko Portuko salgaien trenak igarotzen dira Olabeagatik, eta auzoa erdibitzen du trenbideak. Bizilagunak aspalditik ari dira arazo hori konpontzeko irtenbide bat eskatzen. Proiektu horren bidez, trenbidea lekuz mugituko dute, Zorrotzara doan errepidearen azpira. Une honetan, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa trenbidea estaltzeko azterketa informatiboa egiten ari da. Hori bukatzean eskatu ahal izango du Bilbo Ria 2000k proiektua. Han diseinatuko dira, besteak beste, trenbidea estaltzeko egitura, bidaiarientzako geltoki berria eta azpiestazio elektrikoa.

Libre geratuko den eremuarekin zer egin ere pentsatu beharko dute, eta horretarako lehiaketa bat egingo dute, urtea bukatu aurretik ezarriko dituzten baldintzen arabera. Asmoa da eremu horretan seiehun etxebizitza eraikitzea; horietatik %40k babes publikoa izango dute. Alkateak esan du auzoaren egungo errealitatea errespetatuko dela, eta oreka mantenduko dela Bilboko gainontzeko auzoekin eta metropoliarekin. Horiek izango dira lehiaketan kontuan hartuko dituzten irizpideetako batzuk. Baina badaude gehiago: hiri garapenaren eta trenbidearen arteko sinbiosiari erreparatuko diote, zerbitzu publikoen integrazioa kontuan hartuko dute, hiri diseinuan balioa sortzea eskatuko dute eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa, soziala eta ingurumenekoari garrantzia emango diote.

Fase bi izango ditu lehiaketak. Lehenengoan nahi beste lehiakide aukeratu ahal izango dira, eta horietatik sei aukeratuko ditu epaimahaiak. Bigarren fasean, sei finalistek aurkeztutako proiektuen artean hautatuko dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.