Datozen hilabeteetan prest egongo dira Zorrotzaurreko lehen parke eta berdeguneak

Ekaitz tangen eremua urbanizatzen eta ibaiertzeko parke lineala egiten ari da Bilboko Udala.

Bilboko Zorrotzaurre uharteko ibaiertzeko parkea zelan geratuko den erakusten duen irudia. BILBOKO UDALA
Bilboko Zorrotzaurre uharteko ibaiertzeko parkea zelan geratuko den erakusten duen irudia. BILBOKO UDALA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko maiatzaren 26a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eurite gogorrak direnean eta uriola aldietan Zorrotzaurreko uhartea babesteko hartu diren neurrietako bat dira tangak. Prest daude, baina ez dira martxan egongo irlako urbanizazioa egin eta saneamendu sarea bukatu arte. Beraz, haien gaineko eremuak urbanizatzen hasi da Bilboko Udala, hiriburuko auzo berriak bizitzeko, egoteko eta gozatzeko leku ere izan behar duelakoan. Daborduko beharrean dabiltza bigarren tangaren gainean, hegoaldeko muturretik gertuen dagoenaren gainean. Laster helduko diote bestearen gainazalari, San Paulo elizaren inguruan dagoenari, hain justu. Uharteko lehen parkea ere eraikitzen ari dira. Datorren udaberrirako dena bukatuta izatea espero dute.

Bigarren tangaren gaineko lanak lau hilabeteren buruan bukatuta egongo direla esan du Asier Abaunza Hirigintza zinegotziak. Han, lurrak sakonera txikia duenez, ezinezkoa da arbolak landatzea, tanga baitago lur azpian. Hala ere, «kolore guztietako» loreak izango dituen lorategia atonduko dute, bizilagunek berdegunea eskatzen zutelako, eta itzala sortzeko estalpeak ipiniko dituzte.

Zorrotzaurreko bigarren uriola tankearen gaineko aldea zelan geratuko den erakusten duen irudia. BILBOKO UDALA
Zorrotzaurreko bigarren ekaitz tangaren gaineko eremua zelan geratuko den erakusten duen irudia. BILBOKO UDALA

Abaunzak azpimarratu du uharteko ondareak ere garrantzia izango duela leku horretan. Esaterako, oraintsu topatu dute tranbia zaharraren trenbidea lurperatuta, eta ikusteko moduan ipiniko dute. Era berean, inguruko jardueraren historia kontatuko duten panelak jarriko dituzte. «Askok ez du jakingo Licor del Polo hortzetako orearen lehen fabrika hango eraikin urdina izan zela», esan du.

Bigarren tankea eliza inguruan dago. Tenpluaren parean sortuko dute uhartearen plaza berria. Udalaren asmoa da han egitea uharteko ekitaldi eta ospakizun nagusiak. Albo batean frontoia izango du, eta baita Areatzako aterpeen moduko bat, euria edo bero sargoria dagoenean haren babesean jarduerak egin ahal izateko.

Zorrotzaurreko San Paulo eliza inguruan eraikiko duten plazako frontoia zelakoa izango den erakusten duen irudia. BILBOKO UDALA
Zorrotzaurreko San Paulo eliza inguruan eraikiko duten plazako frontoia zelakoa izango den erakusten duen irudia. BILBOKO UDALA

Aldi berean, udala ibaiertzeko parkea eraikitzen ari da 2024tik. Ia kilometro bi luze izango da bukatzean. Abaunzak esan du seiehun arbola landatuko dituztela eta sakonera txikiko urmael bat izango duela. Gainera, Guggenheim museo alboko ur jolasen modukoak ipiniko dituzte, «umeek eta helduek beroari aurre egiteko». Zapaldu daitekeen belardia ere izango du, herritarrak han egon ahal izateko. Parke hori iparraldeko muturrean bukatuko da. Kosta legediaren ondorioz, ur ertzetik hasita, sei metro garbi utzi behar dituzte halako lekuak egitean, larrialdi zerbitzuentzat erabilgarri egoteko. Hala ere, harmaila batzuk ipiniko dituzte, zinegotziak azaldu duenez, uste dutelako egoteko leku lasaia ere izan daitekeela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA