Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektoreari laguntzeko egiten duen ahalegina nabarmendu gura izan du, eta azpimarratu du iaz martxan ipinitako Suspertze Planera aurreikusitakoa baino diru gehiago bideratu dutela azkenean. Guztira, 2,48 milioi euro izan dira, iragarri baino 40.000 euro gehiago. Sektoreko eragileekin batera ondu zuten, haien eskariei eta beharrei erantzuteko, eta Bizkaiko EHNE eta ENBA sindikatuetako eta Lursail elkarteko —lehengo Lorra kooperatiba— ordezkariak inguruan zituela egin dute balantzea gaur Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Arantza Atutxa Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko foru diputatuak, Abadiñon Ibon Lasuen abeltzainak duen ganadutegian. «Lehen sektorearen ondoan egotea ez da kontu ekonomiko hutsa; Bizkaiarentzako apustu estrategiko bat ere bada», nabarmendu du Etxanobek. Azpimarratu du baserritarren lanak onura asko dituela herrialderako: «Gure lurraldea kudeatzen dute, bizirik mantentzen dute landa ingurunea eta bermatzen dute elikagaiak hurbil eta kalitatez ekoiztea».
Sektoreak Bizkaian duen erronketako bat gazteak erakartzea da. Ekoizleen batez besteko adina 49 urtekoa da, ez dute lekukoa nork hartuko duen, eta, gazteren bat animatzen denean, ez du erraza izaten hastea. Herrialdeko 116 ustiategi profesionaletan ekoizleak erretiroa hartuko du datozen bost urteetan. Lursail elkarteko Bizkaiko koordinatzaile Martin Uriartek kontatu du aurten hamahiru gazte hasi direla sektorean, baina egoera kritikoa dela ohartarazi du. «Lortu dugu herri mailako erronka bihurtzea eta hiru herrialdeetarako plan bat sortzea». Eusko Jaurlaritzak ipini du martxan.
«Lehen sektorearen ondoan egotea ez da kontu ekonomiko hutsa; Bizkaiarentzako apustu estrategiko bat ere bada»
ELIXABETE ETXANOBE Bizkaiko ahaldun nagusia
Bizkaiko Diputazioak zenbat neurri hartu ditu azken urtean trantsizio hori laguntzeko. Esaterako, bitartekaritza bulego bat eta ustiategien banku bat sortu ditu, erretiratuko direnak eta erreleboa hartzeko interesa dutenak harremanetan jartzeko. Ustiategiak jabez aldatzea errazteko 50.000 eurora arteko laguntzak banatu ditu.
Lekua hartuko duen jendea egoteko, ezinbestekoa da ustiategiak errentagarriak izatea. Helburu horrekin inbertsioen foru dekretua berritu dute, modernizatzen laguntzeko. Inbertsio horiek hainbat sektoretan egin dira, Atutxak azaldu duenez: esne behietan, haragitarakoetan, artzaintzan, berotegiko baratze zaintzan eta mahastienean. Iaz, lehenengoz, laguntzak eskatzeko deialdia urte osoan egon zen zabalik, eta, horri esker, %29 ugaritu dira eskaerak; gorakada %40koa izan da andre baserritarren kasuan. «Kontua ez da soilik ustiategiak ekonomikoki bideragarriak izatea. Horietan lan egiten dutenek bizitza duin bat izan behar dute», nabarmendu du Nekazaritza diputatuak. Andre baserritarrek eskatu dute bizitza eta lana bateragarri egiteko laguntza. Horregatik, araudia aldatu eta seme-alabak jaiotzeagatik ordezko langileak kontratatzeko diruz lagundutako epea hamasei astera arte luzatu dute. Iaz, hiru ustiategik egin zuten eskaera, eta guztira, 15.000 euro baino gehiago eman dizkiete.
Lurraren kudeaketa
Lurra eskuratzea ere bada erronka. Haranetan eta mendi hegaletan dauden ustiategi txikiak dira sektorearen oinarria, eta hektarea bakoitza berebizikoa da. Horregatik, larreak hobetzeko jarduketak egin dituzte onura publikoko mendietan eta nekazaritza lurren funtsean sartuta dauden sailetan. Guztira, 191.000 euro inbertitu dira. Besteak beste, Oizen, Kolitzan, Galdamesen, Gatikan, Ean, Urduñan eta Barakaldoko Arroletzan egin dituzte lanak: sasiak garbitu, larreak hobetu, pistak egokitu, uraskak ipini eta abereentzako pasabideak jarri. Gainera, menden foru araudi berriaren biez, arindu egin dituzte mendiak larre modura erabili ahal izateko izapideak. Lepoko elektronikoaren bidez larratze birtuala egiteko laguntzak ere banatu dituzte; halakoen bidez, abeltzainek ez dute hesirik ipini behar mendian. Gorbeialdean, Negubaso proiektua bultzatu dute, 180.000 euroko aurrekontuarekin: neguan basoberen erabilera sustatzea da helburua, baso larregintzako sistemen bidez.
«Kontua ez da soilik ustiategiak ekonomikoki bideragarriak izatea. Horietan lan egiten dutenek bizitza duin bat izan behar dute»
ARANTZA ATUTXA Bizkaiko Nekazaritza eta Ingurune Naturala Sustatzeko diputatua
Karrantzan, erreketa kontrolatuak egiteko eredu berriak diseinatu dituzte, larreen kudeaketa hobetzeko eta suteak prebenitzeko. Suteei lotuta, basoak bertan ez uzteko neurriak ere indartu dituzte. Esaterako, 60.000 euroren laguntzak eman dizkiote Basogintza Elkarteari, eta baso truke proiektua abiatu dute, laguntzetan banatzeko 40.000 euroko aurrekontuarekin.
Abeltzaintza ustiategietan erreferentziazko albaitaria izatea ere ezinbestekotzat jo dute, batez ere kontuan hartuta azkenaldian zenbait gaitzek sektorea arriskuan ipini dutela. Hamabi albaitarik hartu dute parte, eta 107.000 euro baino gehiago inbertitu dira. Basabereak kontrolatzeko neurriak ere indartu dituzte, eta, diputazioaren arabera, nabarmen murriztu dira ustiategietan eragin dituzten kalteak.