Diputazioak adimen artifiziala erabiliko du Etxetic zentroetan adinekoen beharrak aurreikusteko

Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planaren balantzea egin du Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuak Batzar Nagusietan.

Amaia Antxustegi, Mungiako Etxetic zentroaren irekiera egunean, maiatzaren 23an. BERRIA
Amaia Antxustegi, Mungiako Etxetic zentroaren irekiera egunean, maiatzaren 23an. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko azaroaren 24a
15:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailak adimen artifizialean oinarritutako tresna berri bat ipini du Etxetik zentroetan, eta hari esker jakingo du, besteak beste, zenbat denbora pasatuko den zentroko erabiltzaile bakoitzak zahar etxe batera joan beharko den arte. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuak esan duenez, kasuen %93tan asmatu ditu iragarpenak. «Horri esker, Etxetic zentroetako zerbitzuak hobeto antolatu daitezke, eta erabiltzaileei laguntza pertsonal eta komunitarioa aurretik eskaini», nabarmendu du diputatuak. Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean izan da Antxustegi goizean, berak eskatuta Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planaren balantzea egitera joanda. Diputatuak adierazi du ere bigarren plan bat ontzeko lantalde bat sortuko dela. Raquel Gonzalez PPko batzarkideak kezka agertu du adimen artifiziala zaintza kontuetan erabiliko delako, eta galdetu du beharginen lana ordezkatuko duen.

Antxustegik esan du zerbitzua estandarizatzea lortu dela, kudeatzailea edozein izanda ere, erabiltzaile guztientzako interfaze komuna eta korporatiboa duen tableta baten bidez. Zentroen arteko plataforma bat ere sortu da, erabiltzaileei buruzko unean-unean kalitatezko informazioa emango duena, ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko. 2026ko lehen hiruhilekoan hasiko dira probatzen.

Plana 2021ean ipini zuten martxan, pandemia betean. Diputatuak nabarmendu du izurriak eragin zuzena izan zuela. Esan du ordutik gaur arte lortutakoaren balorazioa positiboa dela. Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagak balantzean faltan sumatu du etxean egiten den zaintzari buruzko informazioa. Iruditzen zaio hori ere kontuan hartu gabe ezinezkoa dela egoeraren azterketa sakon bat egin eta aurrerantzean zer egin behar den jakitea. EH Bilduko Izaskun Duquek, berriz, diputatuari eskatu dio zaintza lanen buruzko azterlana egiteko generoaren aldagaia kontuan hartuta.

Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planaren oinarrietako bat dira Etxetic zentroak. 2021ean bertan zabaldu zuten lehena Bilbon, eta dagoeneko 11 dira: Etxebarrin, Zallan, Ugaon, Ondarroan, Leioan, Sestaon, Abanton, Bilboko Santutxu auzoan, Mungian eta Basaurin, bakoitzean bat ireki du diputazioak. Beste bat  ere ipini ditu Karrantzan eta Igorren, eskualdeko Etxetic zentroa deszentralizatu eta erabiltzaileengana gehiago gerturatzeko. Etxetic zentroen egitekoa da etxean bizi diren eta mendekotasuna aitortua duten pertsonen zaintzan laguntzea. Diputatuak esan duenez, dagoeneko zerbitzuak 2.200 zaintza ekosistemari ematen die laguntza; hau da, 4.400 pertsonari baino gehiagori, mendekoak eta zaintzaileak batuta. Zentro bakoitzak duen eragin esparruko mendekoen erdiak liratekeela azpimarratu du Antxustegik.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordearen bilkura, gaur, Bilbon. BERRIA
Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordearen bilkura, gaur, Bilbon. BERRIA

Zahar egoitzak bizikidetza unitate bihurtzea izan da planaren bigarren oinarria. Zahar etxe handien ordez, egoiliarrak «etxean legez» biziko liratekeen unitate txikiagoak dira bizikidetza unitateak, eta zahar etxeak eurak berrantolatuta ari dira sortzen. Diputatuak aitortu du arlo horretan «espero baino astiroago» dabiltzala. «Konplexutasun handiko proiektua da, espazioak arkitektura aldetik berrantolatu behar direlako». Hala ere, esan du plangintzan aurrerapen esanguratsuak egin direla, eta kasu batzuetan «arkitektura aldetik nahi baino gutxiago egin» ahal izan duten arren, «funtzionamenduan aldaketa sakonak» egon dira, eta «pertsonalizatutako arta» eskaintzen dute.

Gaur egun, 728 leku baimendu daude, hamabost egoitzatan banatuta. Gainera, 38 bizikidetza unitate eta 69 leku baimentze prozesuan daude, beste hamasei egoitzatan. Antxustegik zentro estrategikoetako obren egoera zein den ere azaldu du agerraldian. Leioa Laguntza Zentroan, adibidez, bigarren solairua martxan dago daborduko, eta hirugarren solairua 2026ko azkenengo hiruhilekoan amaituko da, 44 plaza gehituta. 2026ko azkenengo hiruhilekoan irekiko den Getxoko belaunaldien arteko zentroan ehun plaza egongo dira, lau bizikidetza unitatetan antolatuta.

Zahar etxeak berrantolatzeak lekuak galtzea ekarriko zuela aurreikusi zuen diputazioak. Horregatik, egoitza berriak sortzeko proiektuak ipini zituen martxan. Abadiñokoa berregokitu egin dela esan du Antxustegik, «lurralde mailako beharrak aldatuz joan direlako». Hasieran, 120 egoiliarrentzako  zahar etxe bat egitea zen asmoa, bizikidetza unitateetan banatuta. Diseinu berriaren arabera, honako hauek izango ditu: hiru bizikidetza unitatetan banatutako hirurogei lekuko zahar etxe bat, buruko gaitzen bat dutenentzako bizikidetza unitatetan banatutako berrogei lekuko beste egoitza bat, eta adimen edo garapen ezintasunen bat dutenentzako 25 lekuko eguneko arretako zentro bat. Sestaoko proiektua, berriz, oraingoz etenda geratu da, 2026ko bigarren seihilekorako aurreikusita dagoen lurraldeko gizarte zerbitzuen mapa berria osatu arte. «Proiektatutako egoitza lekuen murrizketa ez da gauzatu, eta inguruan ez dago leku faltarik».

Azkenik, EEZ Erreferentziazko Eskualdeko Zentroak dira planaren hirugarren zutabea. Antxustegik esan du nazioarteko aintzatespena ere lortu dutela. Ospitaleko egotaldiaren ondoren, etxera edo egoitzara joateko moduan egon aurretik, denbora bat beharko dutenentzako zentroak dira. Osasun sistemaren eta zaintza sistemaren arteko zubi lana egiten dute. Gaur egun martxan daude Bilboko eta Uribe-Ezkerraldeko zentroak: Birjinetxen dago lehena, eta ehun plaza soziosanitario ditu; Leioan dago bigarrena, 25 lekurekin. 25 plaza soziosanitario izango dituen Gernikako zentroa datorren urte amaieran ipiniko dute martxan, erakunde espezializatu batekin egindako hitzarmen baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.