Bizkaiko etxejabe handiak nortzuk diren zehaztuko du diputazioak

Batzar Nagusiek hiru hilabeteko epea eman diote irizpideak zehaztu eta zerrenda osatzeko.

Salgai dauden etxeen kartelak, Bilboko higiezinen agentzia batean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Salgai dauden etxeen kartelak, Bilboko higiezinen agentzia batean, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2026ko maiatzaren 20a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hilabete ditu Bizkaiko Foru Aldundiak etxejabe handien zerrenda osatzeko. Horretarako, etxejabe handi izatea zer den zehaztu beharko du. Behin hori eginda, Bizkaiko Batzar Nagusietara bidali beharko ditu erabilitako irizpideak, jabeen kopurua, bakoitzak zenbat etxebizitza dituen eta herrialdean non dauden. Izan ere, Batzar Nagusiek eurek agindu diote lan hori gaur Gernika-Lumoko batzar etxean egin den osoko bilkuran. Elkarrekin Bizkaia taldearen proposamena izan da, eta, EAJrekin eta PSE-EErekin zuzenketa bat adostu ondoren, PP ez beste alderdi guztiek babestu dute. «Ezinbestekoa da ahalik eta lasterren irizpideak zehaztea. Etxejabe handiek etxebizitza merkatuan eragiteko sekulako indarra dute, eta mugatu egin behar zaie», esan du Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagak.

Baina irizpideak adostea ez da erraza izango, EAJko batzarkide Garazi Diaz Intxaustik ohartarazi duenez. Izan ere, Etxebizitza Legeak berak ere ez ditu zehazten. Oro har, etxejabe handi dira hiriguneetan hamar etxebizitza baino gehiago dituztenak edo 1.500 metro koadro baino gehiago eraikita dauzkatenak. Tentsio handiko eremu izendatu diren lekuetan, berriz, bost etxe edo gehiago dituztenak dira etxejabe handi. Beste batzuekin batera etxe bat baino gehiagoren jabetza dutenei dagokienez, legean ez da argitzen jabetza horietako bakoitza etxe oso bat balute legez hartu behar den edo ez. Gozamen eskubidea duten etxeetan jabea edo eskubidea duena hartuko den etxejabe handitzat, hori ere ez dute argitu oraindik. Azkenik baserrien auzia legoke. Legearen arabera, 1.500 metro koadro baino gehiago eraikita daukatenak etxejabe handiak dira, baina baserri askok gainditzen dute azalera hori, bizileku bakar izan arren. Gainera, Foru Ogasunaren katastroan Bizkaian dauden jabetzak bakarrik daude jasota, beraz, diputazioak ezingo du jakin herrialdetik kanpo zenbat etxe dituzten bizkaitarrek.

EH Bilduren ustez, diputazioak ez du bere kabuz ezer egiten etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, eta horregatik babestu du gaurko mozioa. Espero du zerrenda tresna erabilgarria izango dela. Horregatik, Arantza Sarasola batzarkideak eskatu du ez dadila geratu estatistika hutsean, eta behin osatuta neurri zehatzak martxan jartzeko erabiltzeko exijitu du.

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura, gaur, Gernika-Lumoko batzar etxean. BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK

Alberto Alvarez batzarkide sozialistak uste du anbizio politikoa beharko dela. «Ezin dugu aitzakiarik ipini», ohartarazi du, halakoetan uzkur agertzen diren jeltzaleei aipamen eginez. «Asmoa ez da bi etxe dituztenak zigortzea, izan pentsioa osatzeko alokatuta daukatelako, izan seme-alabei uzteko erosi dutelako. Etxe multzo handiak dituzten inbertsiogile handiak dira helburua», nabarmendu du. PPko Pablo Gomez-Guadalupek, ordea, beldur hori du, eta «etxejabe maltzurren» irudia sortzea leporatu die gainerako alderdiei: «Etxejabeen %95 jabe txikiak dira, eta haiek kriminalizatzen ari zarete».

Ekialde Hurbileko gatazka

Batzar Nagusiek apirilaren 16ko 1/2026 foru dekretua ere balioetsi dute gaur: Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko premiazko zerga neurriak jasotzen ditu. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak esan du helburu nagusia zera dela, «enpresa sareari likidezia ematea, eta lurraldean inbertsio eta kontratazio planak bertan behera gelditu daitezen eragoztea». Diputazioaren gobernu kontseiluak onartu zuenetik, hilabetean dekretu horrek 43,34 milioi euroko zerga zorrak atzeratzeko aukera eman die 3.212 zergapeturi.

Ondoren, beste foru dekretu bat ere onartu dute gerrak eragindako krisiari lotuta, BEZean eta energia elektrikoaren produkzioaren balioaren gaineko zergan hartutako neurri batzuk balioztatzeko. Espainiako Gobernuak onartutako neurriak ziren, Bizkaiko Foru Ogasunak ezarri beharrekoak. 

Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz Madariagak esan du familia askori lagunduko diotela neurri horiek, baina gogoeta egin du erabaki horien bidez sakonean noren interesak babesten diren: «Noren gain geratu dira krisiak eragindako kalteak? Nork ordainduko ditu? Erakundeak zer erantzun eredu ari gara ematen?». PPko Diego Pagadigorriari eskasak iruditu zaizkio hartutako neurriak, eta zerga politika «anbiziotsuago eta lehiakorragoa» bultzatzeko eskatu dio diputazioari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA