Diputazioak esan du Umeen Zerbitzua ezin dela hazi «sortzen diren beharren abiadura berean»

EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeek salatu dute zerbitzua «kolapso sistemikoan» dagoela. Gizarte Ekintza diputatuak esan du baliabide gehiago ipiniko dituela.

Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatua, Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean. BERRIA
Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatua, Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko otsailaren 17a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak kezkatuta daude Bizkaiko Foru Aldundiaren Umeen Zerbitzua «kolapso sistemikoan» dagoelako. Izan ere, urtarrilean, zerbitzuko behargin batzuk Bizkaiko Batzar Nagusietan izan ziren, ateak zarratuta egindako saio batean, batzarkideei egoera kontatzera joanda. Batzarkideek gogoratu dutenez, esan zieten «baliabide falta» dutela. Ondorioz, arreta jasotzeko urtebete itxaron behar duten ehundik gora adinbako zeuden orduan. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek eskatuta, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuak azalpenak eman ditu Batzar Nagusietan. Aitortu du zerbitzua «tentsiopean» dagoela. Agerraldia eskatu duten talde biei erantzun die zerbitzua ezin dela hazi «sortzen diren beharren abiadura berean». Iragarri du baliabide gehiago ipiniko dituztela.

Antxustegik zerbitzuak izan duen bilakaera azaldu du. 2022an, babes eskaeren 2.432 espediente zeuden; 2024an, berriz, 2.592. Ondorioz, egoitzetan hartutako adinbakoen kopurua ere handitu egin zen: 668tik 1.006ra. Ostera, harrera familiak erdira gutxitu ziren: 101 ziren, eta gero, 52. Horrez gain, familia erreferenterik gabeko adingabe migratzaileen kopurua «nabarmen» hazi dela ere azpimarratu du diputatuak. Esan du arrisku handieneko egoerei ematen dietela lehentasuna, arreta berehalako bermatzeko. 2023an, babesa esleitzeko batez besteko epea 38 egunekoa izan zen; 2024an, 65 egunekoa; iaz, 39 egunekoa.

Babestu beharreko kasuen hazkundea «esponentziala» izan da diputatuaren arabera. Familiak esku hartzeko programa %64 hazi da 2018tik 2025era. Sexu abusu kasuetarako laguntza psikologikoa, %123; nerabeen programa espezializatua, %152. Antxustegiren esanetan, diputazioa «ahalegin handia» egiten ari da beharren hazkundera «egokitzeko». Zerbitzua indartzeko, gizarte arloko behargin bat gehituko dute «laster», aurtengo aurrekontuan jasota dagoenez. Gainera, beste behargin batek eta psikologo batek osatutako errefortzu taldea ere sortuko dute. Arreta etxeetako arduradunen lanpostuak egonkortzeko lehiaketak egingo dituzte. Arreta eta Harrera Unitatean ere psikologo batentzako postua sortuko dute. Antxustegik azpimarratu du azken lau urteetan zortzi baliabide zabaldu dituztela; hau da, 365 lanpostu sortu direla babes sisteman.

Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeko Eneritz Madariagaren esanetan, Umeen Zerbitzuko «krisia» ez da «oraintsuko egoeraren ondorio», «beharginek hamar urtez salatu duten arazo estrukturalena» baino. Zalantzan jarri du iragarritako errefortzua nahikoa ote den. Horrez gain, salatu du azpiegitura berriak sortu beharrean daborduko martxan daudenetan lanpostu gehiago atera besterik ez duela egiten aldundiak. Horregatik, Antxustegiri eskatu dio «benetako diagnostikoa» egin eta gaur egungo «profilen konplexutasunera egokitutako» giza baliabideen plana ontzeko. EH Bilduko Bea llardiak hiru konpromiso har ditzala eskatu dio: datu eguneratuak argitaratzea, egutegi eta aurrekontu zehatza izango dituan errefortzu plana egitea, eta itxaron zerrendarik gabeko egoera lortzeko epe bat zehaztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.